ATZEKOZ AURRERA. Arrate Hidalgo. Itzultzailea eta editorea

«Feminismora zientzia fikzioa irakurtzearen bidez iritsi nintzen»

Zientzia fikzioaren eta feminismoaren arteko lotura gaitzat hartu, eta Hidalgok hitzaldi bat emango du Gasteizen. Haren ustez, bilakaera bat egon da, eta borrokek «eremu emankorra» aurkitu dute generoan.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Itzultzailea, editorea eta, batzuentzat, «kultura aztoratzailea» ere bada Arrate Hidalgo (Bilbo, 1987). Distopiatik harantz: feminismoa zientzia fikzioan hitzaldia emango du otsailaren 8an, asteartean, Gasteizko Emakumeen Etxean, 18:30ean.

Feminismoa eta zientzia fikzioa. Zein da lotura?

Nire kasuan, aspalditik, lotura oso sendoa. Baina orduan galdetuko nuke: zein da feminismoaren eta literaturaren arteko lotura? Eta aktibismoaren eta kulturaren artekoa?

Bada, zein da erantzuna?

Feminismoa, besteak beste, munduan bizitzeko era bat da. Zientzia fikzioa literatura da. Bien arteko harremanean murgiltzean, askotan, zertarako balio duten edo zergatik diren garrantzitsuak defendatzeari ekin beharrean topatzen dut neure burua. Baina gakoa niretzat beste nonbait dago: gozamena. Zientzia fikzioa irakurtzen hasi nintzen gustuko nuelako, eta askotan esan dut: hori irakurtzearen bidez iritsi nintzen feminismora. Hortxe dago ardatz nagusietariko bat. Hortik saiatzen naiz zientzia fikzioari buruz hitz egiten generoa ezagutzen ez dutenen aurrean, batik bat feministen artean nagoenean.

Eta zer doa distopiatik harantz?

Beste guztia. Ez da derrigorrean utopia izan behar, izan daitezke etorkizun desiragarriak ere. Distopiek eragiten duten amorrua, larritasuna, zinematik irten edo liburu bat itxi, eta handik gutxira berriek eragiten duten amorru eta larritasunaren putzu berera bota ditzakegu. Distopia larritasunak islatzeko tresna paregabea da, egun sobera duguna. Etorkizunean edo garai alternatiboetan kokatutako istorioak beste mota batekoak izan daitezkeela landuko dugu hitzaldian.

Bada zientzia fikzio feministaren kontzeptua ere. Zer jasotzen du?

Kontzeptua 1960ko eta 1970eko hamarkadetan hasi ziren erabiltzen, New wave mugimenduan zenbait emakume idazten ari ziren zientzia fikzioa izendatzeko, Ameriketako Estatu Batuetan. Egun, feminismoaren lehen olatuan idatzitako zenbait ingelesezko utopia, eta beste testu batzuk, zientzia fikzio feministaren aterkian sartzen dira aurrekaritzat, salbuespenak salbuespen. XX. mendearen amaieran atomizatu egin zen kategoria, eta egun feminismoarekin elkarguneak partekatzen dituzten kezkek eta borrokek, hala nola antiarrazistak, eremu emankorra aurkitu dute zientzia fikzioan. Esanahi zabal hori darabilt.

Zerk eragin du bilakaeran?

Aktibismo feminista eta queer-a zientzia fikzioa irakurtzen duten aktibismoak dira. Baina generoaren fandom-edo deituko geniokeen horren barnean, azkeneko hamar urteetan garatu den aktibismoari esker, eraldaketa erradikala gertatu da emakumeen eta beste identitateen ikusgarritasunari dagokionez. Eta hori, batik bat, ekintza kolektiboari esker lortu da.

Hitzaldian, idazleak ezagutzeko aukera ere egongo da.

Ezagutzen dudana jasoko dut. Ingelesez, gazteleraz eta euskaraz irakurtzen dut; beraz, badira ulertzen ez ditudan beste hainbat testu ere. Lortzeko errazak diren liburuei lehentasuna ematen saiatuko naiz. Azken batean, entzuleek zientzia fikzio gehiago irakurtzea da asmoa.

Badira ezagunak diren lan batzuk ere; Neskamearen ipuina, adibidez. Zer dakarte horrelako fenomenoek?

Kasu espezifiko horretan, Margaret Atwoodek bigarren atal bat idaztea. Baina ez etorkizunean, baizik eta oraintxe; andreek mundu osoan pairatzen dituzten bidegabekerien aurrean arreta pizteko balio duen ala ez, ordea, beste kontu bat da.

Nola irudikatzen da feminismoa genero horretan?

Irudikatua baino gehiago, irudikatzailea dela esango nuke. Feminismoa kokatzen den garaiaren eta identitatearen arabera, aldatu egiten dira zientzia fikzio horren kezkak eta emakume hitzaren definizioak. Eta baita emakume izatetik at beste gai askoren garrantzia ere: generoaren ez-bitartasuna, osasun mentala, desio heteroarautu gabea... Nola literatura orokorrean, hala zientzia fikzioan.

Halere, zientzia fikzioan aurkako jarrerak ere badaude.

Bai, bizitzaren arlo guztietan bezala. Baina nire arreta eta denbora ahots horiei eskaini beharrean, nahiago dut poza ematen didanari ematea.

Bada, zientzia fikzioan parte hartzen duen feminismoa zientzia fikzioa al da?

adrienne marie brownek —txikiz, hala darabil berak— esaten zuen eran, aktibismo guztia da zientzia fikzioa. Bere hitzetan, aktibismoan etorkizuna elkarrekin tolesten ari gara sekula bizi izan ez dugun zerbait sortzeko. Horretan aritzen den zientzia fikzioa da nire gogokoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.