ATZEKOZ AURRERA. Kike Otaegi. Munduko Begien Nafarroako arduraduna

«Begien osasuna eta pobrezia lotuta daude»

Ikusmen arazoek bizimodua baldintzatzen dute, are gehiago herrialde pobreetan. Arazo handia eta larria da herrialde askotan. Errealitate gordin hori ikusarazten eta laguntza lortzen aritzen da Otaegi.

JON URBE / FOKU.
jakes goikoetxea
Pasaia
2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Kike Otaegi. Donostiarra, «Egiakoa». Barne diseinatzaile ohi bat Boliviako, Maliko, Mendebaldeko Saharako eta Mozambikeko herritarren begietako arazoak konpontzeko lanean. Munduko Begiak (Ulls del Mon) fundazioan. Urte asko arazoa gizarteratzen eta baliabideak lortzen. Era guztietako laguntza eskertzen dute. Hurrengo aukeretako bat: kontzertu solidario bat urriaren 22an, Musikeneren egoitzan, Donostian.

Barne diseinatzaile ohi bat begietako arazoak konpontzen?

Boluntario gisa sartu nintzen erretiroa hartu aurretik. Txantxetan esan ohi dudan moduan, esku batean laneko paper zorroa eramaten nuen, eta bestean Munduko Begiena.

Zerk bultzatu zintuen Munduko Begietan sartzera?

Sentsibilizatzeko gogoak. Miraria iruditzen zitzaidan: munduko hainbat lekutan begi lausoa zuten pertsonak itsu izateari uzten zioten. Hemen arrunta da; han, ez. Giza mirari bat da.

Mendebaldeko Saharan, Malin, Mozambiken eta Bolivian lan egiten duzue. Han itsuek beste norbaiten laguntza behar dute etengabe. Emakume batena, ziurrenik.

Pertsona bat behar dute ondoan egun guztian, normalean neskato bat edo mutiko bat. Ondorioz, familiaren ahalmen produktiboa bi pertsonatan gutxitzen da, edo pertsona batean, baina besteak eskolara joateari uzten dio.

Beraz, begietako arazoak sendatzea ez da osasun arazo bat konpontzea bakarrik?

Lotura du pobreziarekin ere. Milaka pertsonak uzten badiote itsu izateari, pobreziari aurre egiten ari zara.

Herrialde horietan ikusmen arazo larri batek heriotza soziala eragin dezake?

Neurri handi batean heriotza soziala bai, baina, zalantzarik gabe, heriotza produktiboa.

IAPB Itsutasuna Saihesteko Nazioarteko Agentziaren arabera, munduko zazpi biztanletik batek du ikusmen galeraren bat, ez duelako jasotzen begietako osasun zerbitzurik. Gizartea ez da jabetzen arazoaren neurriaz?

Ez. Ez gara jabetzen itsutasunak nora eraman dezakeen. Lehen esan bezala, begien osasuna eta pobrezia lotuta daude.

Zer gaitz tratatzen dituzue?

Begi lausoak, glaukoma, trakoma... Bolivia eta Afrika bereiziko nituzke, Afrikako egoera desberdina baita.

Herrialde aberatsetan arruntak diren sendabideak erabiltzen dituzue.

Mendebaldeko Saharara, esaterako, batzorde oftalmologikoak joaten dira, oftalmologoak eta erizainak. Hamabost egunean 180 operazio egin ditzakete, gehienak begi lausoak sendatzeko. Pertsona batek begi lausoa bi begietan badu, bakarra operatzen diogu.

Zergatik?

Bigarren begia operatzeko baliabideekin beste pertsona bat operatu dezakegulako. Era horretan, bi pertsonak uzten diote itsu izateari. Batez ere horretara joaten gara. Itsutasunari lotutako beste zenbait gaitz ez ditugu tratatzen, operatu eta gero jarraipen bat egin behar zaielako, eta guk ez dugulako horretarako egiturarik, eta herrialdean bertan ere ez dagoelako.

Begietako arazoak bigarren mailako arazoak dira?

Bai, osasun mailan beste behar batzuk dituztelako: malaria, hiesa...

Ez da erraza han lan egitea.

Ez. Gaur egun ezin dugu Malira operatzera joan, arazo politikoengatik; Mozambikera ere ez.

Eta zer egiten duzue?

Bertako osasun agintarien bidez iristen gara. Bideak zabaltzen ditugu begi osasuna aintzat hartzeko, bertako jendea prestatzeko, gizarteak sentsibilizatzeko, materiala bidaltzeko... Ibilbide propioak sortzea nahi dugu, bertako egoerara eta baliabideetara egokituak.

Ebolarekin gertatu da. Ezin da bertara joan eta zer egin behar duten esan, kultura eta ohiturak aintzat hartu gabe.

Ez. Horrelako zailtasunak ere baditugu: jendeak oso barneratuta dauzka osasunari lotutako sinesmen kulturalak eta erlijiosoak, eta nahiago izaten dute petrikiloarengana joan. Guk, jakina, errespetatzen dugu.

Eta kasu horietan nola iristen zarete jendearengana?

Haiengana joan behar dugu, ikusteko ea animatzen diren guregana eta gure sendabideetara etortzera. Duela hilabete batzuk optika mugikor bat jarri genuen abian Mozambiken. Emakume batzuek kudeatzen dute, eta herriz herri dabiltza.

Dena ez da kirurgia. Begietako arazo batzuk konpontzeko, nahikoa dira betaurrekoak.

Sentsibilizazio kanpainak egin behar dira. Gaizki ikusten duen ikasle batek arazoak izan ditzake eskolan. Horregatik, gure lan garrantzitsuetako bat da irakasleak edo haur osasuneko profesionalak prestatzea, ikusmen arazoak lehenbailehen atzemateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.