Euskal Herrian sortu zen Txomin Plazaola (Zumaia, Gipuzkoa, 1978); Bartzelonan, Maitetxu drag queen-a. Hilean behin Euskandalo ikuskizuna ematen du Bartzelonako Euskal Etxean, euskal kultura ardatz edo aitzakia hartuta. Ostiralean ospatu zuten urtemuga: ikusleei banan-banan harrera eginda, Maitetxu mía doinuarekin egin zuen bidea jende artean. Jarraian, musika, dantza, umorea, haren mingain zorrotza eta takoi desfile lehiaketa izan ziren. Bukatzeko, patxarana.
Nolatan hasi zen Euskandalo?
Euskal Etxeko zuzendaritza batzordeko Eneko txikitako laguna dut. Hark esan zidan gauza berriak egiteko gogoa zutela.
Drag queen aritzen zinen?
Oso utzita neukan. Festa batean host aritzen nintzen: atean egoten nintzen, eta barruan, dantzan.
Maitetxu izan zara beti?
Beste izen bat nuen, baina, hura ez zegoenez aktiboan, festa honekin garatu zen Maitetxu, euskal kutsua edukitzeko. Polita iruditzen zitzaidan izena, Mocedadesen kanta hasieran erabiltzeko, sintonia gisa.
Espero zenuten arrakasta?
Beti izan da test bat. Hasieran showa eserita zen, baina konturatu ginen festa kutsuak dibertigarriago egiten zuela. Oso kontentu gaude, hilero betetzen delako eta erantzuna oso ona delako. Hil honetako sarrerak 12 orduan bukatu ziren!
Hori zergatik? Uste duzu drag-ak bultzada berri bat izan duela?
Drag eszenaren berpizte bat egon da azken bost urteetan. 90eko urteetan oso indartsua zen, baina dagoeneko apalduta zegoen. Uste dut Rupaul's Drag Race-ren arrakastak bultzatu duela. Azken urteak sekulakoak izan dira: Bartzelonan milaka daude, eta ez dago festarik, ez gay festarik, ez dago festarik drag edo performer-ik gabe.
Zergatik egiten duzu drag-a?
Komedia beti gustatu zait, eta antzerkia egin dut. Umoreak asko definitzen nau, eta lagun askok bultzatu naute honetara. Kontsumitzea gustatzen zaidan drag-a egiten dut. Miresten ditut drag finak, irudia oso zaindua dutenak, baina, hori bakarrik bada, hutsa gelditzen zait. Nahiago ditut nortasuna dutenak.
Horregatik ibiltzen zara ikuskizunetan jende artean hitz egiten?
Maitetxuren indargunea hori da: jendearekin aritzea eta haiekin konektatzeko azkartasuna. Bromak bat-batekoak eta han daudenentzat dira. Gidoi eta gai bat dago, baina beti jasotzen ditu publikoak ematen dizkion gauzak. Oso garrantzitsua da festaren hasieran jendea ezagutzea eta hori showan erabiltzea.
Danborrada, inauteriak, bertsoak... Euskal kulturaren elementuak zertarako baliatzen dituzu?
Nahiz eta txinparta bat izan, euskal kultura pixka bat erakusteko balio du, puntu kitsch horrekin bada ere.
Maitetxu lotsagabea da. Txomin ere horrelakoa da?
Beti dago pertsonaiaren atzean dagoen pertsonaren isla. Jende askok esaten dit Maitetxu gisa ez naizela Txomin bezain zorrotza edo mikatza. Umorea egitean beti saiatzen naiz mugak ez pasatzen, eta sentsibilitate guztiak kontuan hartzen, baina geure buruaz barre eginda pixka bat ziztatzen ez badu, ez delako umorea. Umore zuria ez zait interesatzen, baina umore oso zikina ezta ere. Maitetxuk bitxi izan nahi du, baina baita elegantea ere.
Txomin eta Maitetxu, non hasi eta non buka? Posible da bereiztea?
Bai, argi eta garbi dago, nire ustez. Mikrofonoak askatasuna ematen dizu. Maitetxuk esaten dituenak eta daukan lotsagabetasuna ikusita, nik ez nuke halakorik egingo.
Mikrofono bat zerbait esateko hartu ohi da. Zer duzu esateko?
Ez dut askorik pentsatu. Drag-a politikoa da, eta estereotipo eta genero mugak gainditzen ditu. Generoari ez diot garrantzi handirik ematen, egia esan. Pertsonaia bat da, eta nire gustu estetikoen arabera egiten dut.
Aurrekoan, txapel erraldoi bihurtzen zen jantzi bat eraman zenuen. Zuk egiten dituzu?
Jantziak nik diseinatu eta josten ditut. Txapela oso garrantzitsua izan da Maitetxuren estilismorako. Kaikuak, abarkak eta halakoak askotan erabiltzen ditut look-ari euskal ukitua emateko. Jendeak euskalduntzat hartzen dituen klixeak hartzen ditut beti; euskal estilotzat dute bere kopetako ile motza. Maitetxu Parisen bizitako euskaldun bat da; fintasuna edo elegantzia ditu.
Moda diseinatzailea, moda irakaslea eta makillatzailea zara. Hori ez da kasualitatea, ezta?
Drag-a egiteko oso poliedrikoa izan behar duzu. Performance bat egiteko gaitasuna behar duzu; teknika estetiko batzuk, estilismo bat sortzeko; makillatzen jakin; eta aurrekontuaren barruan aritzeko gaitasuna, gutxitxo kobratzen delako, eta zapatek, ileordeek, oihalek-eta dirua balio dute. Diziplina asko behar dira, eta niri asko gustatzen zaizkit.
Heldu den denboraldirako, zer?
Beste festa formatu bat nahi dugu, eta euskaraz ere egingo ditugu. Orain arte beldur ginen ea euskaraz euskal etxea beteko genukeen.
ATZEKOZ AURRERA. Txomin Plazaola. Maitetxu 'drag queen'-a eta diseinatzailea
«Maitetxuk bitxi izan nahi du, eta elegante»
Bartzelonako Euskal Etxean irri algarak eragin, eta dantzan paratzen du jendea Maitetxuk. Plazaolak uste du 'drag'-a egiteko «poliedrikoa» izan behar dela, eta bera bada. 'Drag' eszenaren «berpiztea» bizi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu