ATZEKOZ AURRERA. Louis Martin. Refugee Food Festivaleko sortzailea

«Sukaldaritza egokia da errefuxiatuak gizarteratzeko»

Parisen hasi, eta mundu osora zabaldu da Refugee Food Festival jaialdia. Martinen arabera, jaian parte hartu duten errefuxiatu anitzek lan aukera gehiago lortu dituzte ekitaldiari esker.

Louis Martin eta Marine Mandrile Refugee Food Festival jaialdia aurkezten, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Sukaldaritza da Louis Martinen(Paris, 1988) pasioa. 2016an Refugee Food Festival jaialdia antolatzeari ekin zion, Marine Mandrilekin batera, sukaldaritzaren bitartez errefuxiatuen gizarteratzean laguntzeko. Atzo, Donostian izan zen, Basque Culinary Centerrek eta Telefonicak antolatutako Think Gastronomy jardunaldietan, proiektuaren nondik norakoak azaltzen.

Nola deskribatuko zenuke Refugee Food Festival jaialdia?

Jatetxeen eta errefuxiatuen arteko kolaborazioa bultzatzen duen jaialdi bat da. Jatetxeek beraien sukaldeak irekitzen dizkiete sukaldari errefuxiatuei.

Zer helbururekin sortu zenuten?

Hiru helburu nagusi ditu jaialdiak: gizarteak errefuxiatuen inguruan duen pertzepzioa aldatzea, errefuxiatuen gizarteratze profesionala azkartzea, eta gizartearen mobilizazioa bultzatzea.

Parisen hasi zen proiektua eta munduko hamasei hiritara zabaldu da. Hazkunde hori espero zenuten?

Ez, egia erran, festibala sortu zenean ez genuen horrelakorik espero. Marinek eta biok proiektua sortu genuenean, inplikazio handia eskatu zigun proiektu pertsonala izan zen. Parisen egin genuen lehen edizioaren ondotik mundu osoko herritarren mezuak iritsi zitzaizkigun. Horri esker konturatu ginen jaialdia mundu osoan egitea ideia ona zatekeela. Gaur, Parisez gain, Lyon, Marseilla eta Bordelen ere egiten dugu, bertzeak bertze. Frantziaz harago Madril, Kopenhage eta New Yorken ere egiten da.

Nola zabaldu zenuten bertze hirietara?

Hasieran bi bakarrik ginen, eta ez ginen gai denari aitzin egiteko. Horregatik pentsatu genuen gu gai ez baginen bertze hirietan egoteko herritarrek antola zezaketela. Gida batdiseinatu genuen herritarrek ere festibala antolatzeko aukera izan zezaten. Horren ondotik nazioartekotu zen.

Nolatan otu zitzaizuen horrelako jaialdi bat egiteko ideia?

Sukaldaritza mundutik gatoz Marine eta biok. Munduan zehar bidaiatzen ibili gara sukaldaritzari buruzko liburuak idazten eta dokumentalak grabatzen. Azken batean, sukaldaritzaren bidez mundua hobeki ulertzen saiatu gara, eta iruditzen zitzaigun sukaldaritza egokia zela errefuxiatuak gizarteratzeko.

Festibalaren bidez, errefuxiatuei ongietorria egiteko inguru abegikorragoa sortzen saiatu gara.

Sukaldaritza gizarteratzeko tresna izan daiteke?

Bai, tresna hagitz garrantzitsua da. Gizabanako guztiak elkarrekin konektatzen ditu janariak. Jendeak, lekuz aldatzean, berarekin darama sukaldaritza. Perspektiba horretan uste dut gizarteratzeko tresna garrantzitsua dela.

Uste duzu proiektuak lagundu duela gizarteak errefuxiatuenganako dituen aurreiritziak aldatzen?

Bai, azterketa bat egin berri dugu proiektuaren ondorioz errefuxiatuen integrazio eta pertzepzioa aldatu ote den ikertzeko. Ikerketaren ondorioetako bat da jaialdian zehar jatetxeetara etorri diren herritarren %90ek pertzepzio positiboagoa daukatela orain errefuxiatuen ongi etorriaren inguruan. Gainera, jaialdira etorritako pertsonen artean handitu egin da errefuxiatuen alde lan egiteko konpromisoa.

Bertzelako eraginik nabaritu duzue?

Hasi ginenetik, 150 chefek baino gehiagok hartu dute parte proiektuan. Horietatik %60k jaialdian parte hartu ondotik lan aukera bat izan dute. Gainera, erdiek baino gehiagok bertzelako formakuntza ere jaso dute jaialdian parte hartu ondotik.

Jaialdiaren ondotik bertze proiektu batzuk ere sortu dira, ezta?

Bai. Parisen, sukaldari errefuxiatuek kudeatzen duten jatetxe bat sortu dugu, beraiek jatetxe propioa izan baino lehen esperientzia hartu eta laguntza izan dezaten. Sukaldea kudeatzen dute lau eta sei hilabete arteko denboran. Jatetxearen nondik norako guztiak egiten dituzte: menua aukeratu, lehengaiak erosi... Denbora tarte horretan formakuntza ere jasotzen dute. Proiektu berria da, urtebete baino ez darama martxan. Dagoeneko bi sukaldari egon dira, eta biek beraien jatetxe propioa ireki dute.

Maiatzaren 20an da Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna, eta horren kariaz egingo duzue aurten jaialdia. Zein nobedade izango dira aurtengoan?

Mundu osoko 150 jatetxe eta 20.000 herritarrek baino gehiagok hartuko dute parte aurtengo edizioan. Aurtengo berrikuntza gisa nabarmenduko nuke beste hiru hiritara ailegatu garela: Londresera, Kopenhagera eta Roazhonera [Bretainia].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.