ATZEKOZ AURRERA. Jon Maia. Bertsolaria

«Iraganak erakutsi digu etorkin izan garela; ispilu aurrean jarri gaitu»

Maiak uste du iraganera begiratu behar dela egungo migrazio mugimenduak ulertzeko eta Euskal Herria harrera herria izateko. Horri buruz arituko dira gaur bertsotan, Donostiako Euskal Itsas Museoan.

JON URBE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Migrazioaren inguruan arituko dira bertsotan Jon Maia (Urretxu, Gipuzkoa, 1972) eta Amets Arzallus gaur, Donostiako Euskal Itsas Museoan, 17:30ean. XIX. mendeko euskal migrazioa eta egungo migrazio prozesuak jarriko dituzte aurrez aurre, Leopoldina Rosa. Gaur egungo istorio bat izeneko erakusketa hizpide hartuta.

Zer da Leopoldina Rosa?

Itsasontzi bat zen. Baionatik atera zen, eta Ameriketara zihoazen euskaldunez betea zihoan. Bizitza berri bat zuten asmo, eta orduko egoeratik ihesi zebiltzan, hala nola karlistaldietatik eta sortutako miseriatik, gerraosteko egoeratik. Baina Uruguaiko kostaldean hondoratu zen, hango arroka eta haitz batzuen aurka, itsaso txarrarekin. 300 bidaiari baino gehiago zihoazen, eta 200 inguru hil ziren. Euskal migrazioaren hondamendirik handienetariko bat izan da hori.

Beraz, saioan, garai hartako migrazioa eta egungoa landuko dituzue?

Ez dakit oraindik zer menu jarriko diguten, baina uste dut asmoa dela orduko euskal immigrazio horren berri zabaltzea, orain Euskal Herrira edo Europara iristen ari denaren kontzientzia ere izan dezagun. Izan ere, gure iraganak erakusten digu gu ere etorkin izan garela, oso baldintza txarretan migratu behar izan genuela, gerretatik ihesi beste kontinente batzuetara joan behar izan ginela, eta horrek ispiluaren aurrean jartzen gaitu.

Egungo migrazioaren aurrean?

Bai, eta horrek pixka bat laguntzen digu kokatzen orain gertatzen ari denaren aurrean ere. Gu jaso gintuzten, edo bizitza berri baterako lurra topatu genuen Ameriketan, eta, beraz, oraingoek eskubide hori ere badute. Harrera herri izan behar gara, eta guk izan ez genuena iritsi ginenean edo desio genuena izan beharko litzateke orain datozenei eskaini beharko geniekeena.

Migrazio politiken ondorioak, gainera, nabariak dira, Irun eta Hendaia artean, adibidez.

Ikusten ari gara Euskal Herrian ezarri dizkiguten mugek ere pertsonen zirkulazio librean eragiten dutela, eta horren adibide da, esate baterako, joan den astean Bidasoa ibaia gurutzatu nahian bizia galdu zuen pertsona. Baina ez da bakarra, gero eta gehiago ikusten ari baikara, eta gure lurretan, Gipuzkoa eta Lapurdi artean. Uste dut horrek behartzen gaituela gu, euskaldunok, lehen lerroan egotera migrazioaren inguruan. Egungo soziopolitikan, ardatzetako bat da migrazioa, eta beste mundu bat nahi dugun guztiok hor egon beharra dugu. Biharko Euskal Herriarentzat gairik garrantzitsuenetariko bat da hau.

Zuk gertutik bizi duzu gaia, eta baita Ametsek ere.

Ametsek oso ondo ezagutu du orain iristen ari diren migratzaileen errealitatea, Miñan liburuarekin eta Irungo [Gipuzkoa] harrera sarean eginiko lanarekin. Ni, berriz, etorkinen semea naiz: gerra galduta etorri zen nire familia, eta haren esperientziak eman dit sentsibilitate bat gaia jorratzeko, eta asko interesatzen zait. Nire liburu eta kantuetan ere presentzia handiko gaia da, eta baita identitatearena eta inklusioarena ere. Zentzu horretan, gaurko saioari begira, nahiko hurbiletik bizi dugun gai bat da, eta baita itsasoko istorioarengatik ere.

Itsasoko istorioarengatik?

Besteak beste, Albaola elkartean ere lanean ibili naizelako. Uste dut oraingo itsasoko odisearik handienak, baina, pateran egiten direla, eta Afrikatik Europara datozen pertsona horiek egiten dituztenak direla oraingo itsasoko odisearik handienak. Itsasoan gertatzen ari diren gauzarik aipagarrienak dira. Bizitza berri baten bila zeharkatzen dute itsasoa, guk XIX. mendean egin bezala. 200.000 pertsona inguru joan ziren hemendik Ameriketara.

Hala ere, gaia bertsotan landuko duzue gaur. Nori eta zergatik kantatuko zenioke bertso bat?

Rol ezberdinak har ditzakegu. Jar gaitezke Trumpen lekuan, baina baita harrera herriaren lekuan ere. Iraganaren eta orainaren arteko ispilu jolasa ere badago, eta uste dut gure immigrante iragana oso ispilu egokia dela etorkizuneko Euskal Herria irudikatzeko; iraganaren jakitun egoteak eman beharko liguke kontzientzia bat. Pentsa garai horietan euskaldunak itsasontzi horietan oso baldintza txarretan joaten zirela hara, baina pentsa orain datozenak oraindik eta baldintza txarragoetan etortzen direla ia berrehun urteren ostean. Horien lekuan jartzeko aukera ematen dizu bertsolaritzak.

Beraz, hausnarketan ere bidea dago egiteko?

Pentsa Gipuzkoako kostara 8.000 etorkin inguru iristen direla. Nola erreakzionatuko genuke halako kasu batean? Prestatuta al gaude horretarako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.