Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Michael Iedema. Idazlea

«Talka kultural batzuez ez zara ohartzen bertan bizi zaren arte»

Europan eta Euskal Herrian atentzioa eman zioten ohiturak eta bitxikeriak kontatzen zituen Iedemak Hego Dakotako herri aldizkari batean. Orain, liburu batean bildu ditu, atal laburretan.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Insausti Barandiaran -

2023ko maiatzak 30

Algortan (Bizkaia) bizi da Michael Iedema (Platt, Hego Dakota, 1982) 2012az geroztik. «Oh-sah-key-debt-suh» idatziz ikasi du Osakidetza esaten, eta Korrikaren leloa «Eeka, Eeka, Eeka, Ko-ree-ka» irakurriz barneratu du. Alemanian eta Euskal Herrian bizitako talka kulturalak liburu batean bildu ditu: Midwestern Europe: An anthology of short stories from one South Dakotan's life abroad (Europa Hego-mendebaldea: hego dakotar baten atzerriko bizitzaren istorio laburren antologia bat).

Nolatan bizi da hego dakotar bat Algortan?

2003an, nire unibertsitatean, Madisonen [AEB], trukeko ikasle bat izan genuen; Alemaniakoa zen, eta lagunak egin ginen. Guk ez geneukan atzerrira joateko programarik, baina, azkenean, unibertsitateko azken urtea kanpoan egitea lortu nuen. Ikasle hura ezagutzen nuenez, Alemaniara joan nintzen. Han ezagutu nuen emaztea, alemaneko eskoletan. Erandiokoa da [Bizkaia], eta, zazpi urteren ondoren, Euskal Herrian bizitzea erabaki genuen.

Zure herriko aldizkarirako idazten zenituen Europako bitxikeriak, eta liburuan batu dituzu orain?

Teknikoa ez den zerbait idatzi nahi nuen. Pandemia garaian, artikulu laburrak idazten nituen, Espainiako edo Europako egoera kontatuz, orokorrean, edo hemengoa, Euskal Herrikoa. Geroago, zerbait alaiagoa kontatzea erabaki nuen. Pentsatzen jarri, eta nahikoa argi izan nuen talka kulturalen inguruan idatziko nuela. Badaude oso desberdinak diren ohitura batzuk, baina talka kultural txiki batzuez ez zara ohartzen bertan bizi zaren arte.

Aurretik ezagutzen zenuen Euskal Herria?

Jai-alaia bakarrik ezagutzen nuen. Asko interesatu nintzen Euskal Herriaz, existitzen zela jakin nuenean. Erridikulu samarra dirudi horrela esateak, baina magikoa da, nolabait: «Badago leku bat, bi herrialde horien artean [Frantzia eta Espainia] beste hizkuntzekin zerikusirik ez duen hizkuntza bat duena...».

Eta nolakoa da euskara entzutea, ezagutzen ez duen norbaitentzat?

Gaztelera sekula entzun ez baduzu, eta pertsona bat gazteleraz eta bestea euskaraz ari badira, agian ez duzu antzemango desberdintasunik. Baina pixka bat ulertzen hasten zarenean, argi dago bi hizkuntza erabat desberdin direla. Gustatzen zait euskaraz idaztea edo irakurtzea, eta gustuko dut hitzek duten itxura; ahoskatzeko ezinezkoak dirudite letra horiekin, baina ez dira.

Zerk eman dizu atentzioa?

Hitzak berdin hasten direla, eta amaieran, zerbait gehitzen duzula hitzaren esanahia aldatzeko. Asko gustatzen zait sistema hori.

Korrika aipatzen duzu liburuan.

Ez nekien zer zen. Jertse bat erosi nuen kirola egiteko, kalean jarri zuten mahai batean, Erandion Korrikako gauzak saltzen ari zirela. Koloreak gustatu zitzaizkidan, eta gero galdetu nuen: «Zer da hori?». Azaldu zidaten euskararen aldeko lasterketa erraldoi bat dela, hamar bat egunez egiten dena. ETBn ikusi nuen herri bakoitzean jendea nola batzen den. Oso interesgarria da.

Osakidetza ere aipatzen duzu. Zergatik?

AEBetan ez daukagulako osasun sistema publikorik. Jendeak uste du sistema publiko guztiak txarrak direla. Badaude txarrak, noski, baina sistema publiko bat ona izatea ezinezkoa den ideia gaizki pentsatua dago. Niretzat, egundokoa da hemen dagoen sistema. Semea jaio eta zazpi ordura, ZIUra eraman behar izan zuten, eta, AEBetan egongo bagina, 100.000 dolar baino gehiagoko gastua litzateke hori.

Euskaldunak zuzenak direla ere idatzi duzu. Ez da ohikoa?

Ez. Hego Dakotan, zerbait jatera joateko gelditzea proposatuz gero, inoiz ez duzu zuzenean ezetz esango. Edo jendea zure etxetik joatea nahi baduzu ospakizun baten ondoren berandu egin delako, ez dituzu inoiz botako.

Haurrarekin ari zara euskara ikasten. Zer moduz doa?

Ondo, uste dut gauza asko ulertzen hasi naizela. Ikastolaren ondoren, gurasoak hizketan ari direnean, adibidez, ulertzen dut gertatzen ari denaren %60, gutxi gorabehera, beti gai berak izaten baitira. Baina irakurtzea asko kostatzen zait. Zuen webgunean [BERRIArenean] sartu nintzen, eta hori ezinezkoa da oraindik, beste maila bat da.

Jarraituko duzu harritzen zaituzten gauzak idazten?

Denbora asko eskatu dit liburu honek; beraz, ez dakit. Halere, liburua argitaratu arteko tartean idazten jarraitu dut, eta 48 pasarte gehiago idatzi ditut jada. Pixkanaka, testuek beste zentzu bat hartuko dutela uste dut. Gehiago joko dut kanpoko jendeak ezagutzen ez dituen gauzak kontatzera.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Umearen izen berria oraindik ez dute zabalduko. / ©BERRIA

'Metanfetamina nagusi' jarri diote Australiako jaioberri bati, izena onartzen zuten ikusteko

Isabel Jaurena

Australiako erregistro zibilak adierazi du «ezohiko izena» sistemaren «zirrikituetatik pasatu» zela

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Harrobia behar du dantza bertikalak»

Unai Etxenausia

Orduak soka batetik zintzilik pasatzen ditu Peonek. Dantza bertikala Euskal Herrira ekarri zuen, eta hedatuz joan da gutxinaka. Diziplina horren lehen topaketa antolatu dute Bilbon.
Haurrei zuzendutako <em>Mantangorri</em> gehigarriko edukiak sarean ere topatu ahalko dira hemendik aurrera, <em>Berria.eus/mantangorri</em> webgunean. ©BERRIA

'Mantangorri'-ren webgunea martxan da

Urtzi Urkizu

Paperean argitaratzen diren edukiak eskuragarri egongo dira. Ipuinak bideo formatuan ere bai

<em>Altsasu (gau hura)</em> filma. ©MARMOKA FILMS

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ane Insausti Barandiaran

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.