Departamendu eta eskualde bozak. Patxi Dutournier. EH Bai

«EH Bai ezkerreko indar nagusia da Ipar Euskal Herrian»

Etxebizitza eta osasun arloetan jarri du azpimarra Patxi Dutournier EH Baiko hautagai ordezkoak. Abertzaleen indarra hazten ikusten du, baina hauteskundeei begira herritarrekin pedagogia egiteko beharra aipatu du.

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Uztaritze-Errobi eta Urdazuri ibarren kantonamenduko EH Bairen hautagai ordezkoa da Patxi Dutournier (Point-a-Pitre, Guadalupe, 1980). Erran du herritarren beharrei erantzuteko departamenduaren politiketan «hautuak» egin beharko direla.

Zer bilan egiten du EH Baik Lasserreren agintaldiaz?

Gure kantonamenduan, Larhungo proiektua izan da garrantzitsuena. Berehala kontra ezarri ginen, mugimendu ekologista izaki zentzugabekeria handia iruditu zitzaigulako. Badakigu zenbat jende ibiltzen den, zer kalte eginen geniokeen basoari eta naturari. Larhun Ez Hunki kolektiboa sortu zen ondotik, eta EH Baik hasieratik parte hartu du hartan. Proiektu horrek anitz markatu du Lasserreren politika. Herriaren presioarekin, gibel egin zuen.

Kudeaketa orokorra nolakoa izan da?

Departamendua defizitean da. Notre legearekin eskumen batzuk galdu zituen, eta, beraz, diru sarrera batzuk ere bai. Anartean, Euskal Hirigune Elkargoa sortu da, eta, batzuetan, bikoizketak badira departamenduaren konpetentziekin. Horregatik defendatzen dugu guk estatus bereziko lurralde elkargo bat.

Gaur egungo hostopil instituzionala ulergarria da?

Ez dut uste. Hauteskunde kanpaina prestatzeko, niri ere kosta zait dosier guziak hartzea, ulertzea erakunde bakoitzak zer eskumen kudeatzen dituen... Horregatik, biziki inportantea da horren inguruan pedagogia egitea. Atxiki behar den garrantzitsuena da departamenduak kudeatzen duela arlo soziala; aurrekontuaren %60 horri bideratzen zaio. Adinekoen eta elbarrituen laguntzak, gutxieneko errenta... hori guzia departamenduak kudeatzen du. Guk militatzen dugu Euskal Elkargoak berreskura ditzan konpetentzia horiek. Sekulako garrantzia eta ondorioa dute gure egunerokoan. Osasun egoerak sortu dituen ondorioekin, inoiz baino gehiago.

Abstentzio handia iragarri dute. Kezkatzen zaituzte?

Kezkatzen nau, printzipioagatik. Ikusten da jendea gero eta gehiago urruntzen dela politika mundutik. Edo gutxienez hauteskundeetatik, politika hori baino zabalagoa baita. Baina sinbolo hori, hautetsiaren sinboloa, urruntzen ari da. Ez da gaurko gaia. Azken hamar urteetan, abstentzioa gero eta handiagoa da. COVID-19aren krisiak ere eragiten du. Otsailean ez genekien oraindik noiz iraganen ziren hauteskundeak. Berez, martxoan iragatekoak ziren, eta, azkenean, ekainean izanen dira.

Duela sei urte, EH Baik bi hautetsi lortu zituen Errobi-Aturri kantonamenduan; beste batzuetan ere bigarren itzuliko lehian ibili zen. Zer espero duzue aurten?

Duela hamabost urte, abertzaleak aurkezten ziren challenger gisara beharbada. Lana eta lana eginez, ikusi dugu abertzaleen zerrendek emaitza onak atera dituztela azken urteetako herriko bozetan. EH Bairen programa aski transbertsala da; gizartearen eremu guziak ukitzen ditu, proposamen baikorrak eginez. Ez ditu militante abertzaleak bakarrik ukitzen, eta emaitzetan ikusten da. Beraz, dudarik gabe, departamenduko gehiengoaren alternatiba ezinbestekoa da EH Bai, ezkerreko indar nagusia Ipar Euskal Herrian. Uste dugu hori ikusiko dela emaitzetan.

Arlo sozialeko konpetentziak ditu nagusiki departamenduak. Dituen baliabideekin aski egiten du?

Aitortu behar da departamenduak estatuaren dotazioak galdu dituela, eta, beraz, kudeatu ditu bere aurrekontuak ahal zuen bezala. Ipar Euskal Herrian, etxebizitzaren arazoa bizi dugu. Ez da departamenduaren konpetentzia zuzena, baina hark kudeatzen ditu etxebizitza sozialak, Office 64 erakundearen bidez. Euskal Elkargoan bozkaturiko Bizilekuen Tokiko Programan erabaki da etxebizitza sozialen heina handitzea, eta Departamendua ere sartzen da horretan. Proposatu behar dira etxebizitza sozialak; eskasia bada: Ipar Euskal Herriko biztanleen %70 sartzen da etxebizitza sozial bat eskuratzeko irizpideetan. EH Baik kanpaina eraman du bigarren etxebizitzei buruz, erranez Ipar Euskal Herrian etxebizitzak badirela, eta ez direla gehiago eraiki behar. Gure kantonamenduan 32.000 biztanle dira, eta 16.000tik gora etxebizitza. Etxebizitzak badira; bultzatu nahi dugu berriz arlo publikoan sar daitezen etxebizitza sozialak proposatzeko, edo lehen egoitza gelditu daitezen.

Osasun arloko langileen protesta andana izan da azken urteetan. Nolakoa izan da departamenduaren kudeaketa?

Arlo horri lehentasuna eman behar zaio. Gizartea zahartzen ari da; jendea bizi da ahalik eta gehien etxeetan. Langileentzat, lan baldintza onargarriak segurtatu behar dira. Ipar Euskal Herriko biztanleria gora doa, eta horrek erran nahi du kudeaketa aldetik beharrak gero eta handiagoak izanen direla, bai arlo sozialean, baita osasun arloan ere.

Krisi ekonomikoa iragartzen dute osasun krisiaren ondotik. Prekaritatea igoko dela pentsa daiteke.

Bai, horregatik defenditzen dugu gutxieneko errenta bermatua izatea 18 urtetik gorakoentzat. Ipar Euskal Herriko biztanleen %70 etxebizitza sozialak eskatzeko irizpideetan sartzen badira, erran nahi du pobrezia nahiko errotua dela gure eskualdean. Ez da beste erremediorik. Politiketan hautuak egiteko momentua da: bigarren etxebizitzentzat zergak ezarri, makroproiektuak baztertu... Eta Euskal Elkargoarekin konpetentziak bikoizten badira, horrek erran nahi du azkenean diru bikoitza xahutzen dela gauza bera egiteko.

Adingabeko migranteei emandako tratua salatu du CIMADEk azken urteetan. Zer harrera egin beharko litzaieke?

EH Bai alderdi humanista da. Ez da onargarria adingabeei hezurren azterketak eta horrelakoak egitea haien adina neurtzeko. Ezin da eztabaidarik izan horren inguruan. Euskal Herria beti izan da harrera herri bat. Departamenduak bere ardurak bete behar ditu. Europa mailako arazo bat da. Estatuek begiak ixten segitzen badute, arazoa usteldu besterik ez da eginen.

EEPko kide da departamendua. Zer irakurketa egiten duzue azken hilabeteetan euskararen arloan izan diren gorabeherei buruz?

Frantziako Estatuaren jarrera duela 50 urtekora itzuli da. Horrelako eraso bat euskararen kontra... jakinez nondik heldu garen, euskararen egoera... Murgiltzean sekulako lana egin da urtez urte. Gizartean ere aldaketa bat izan da. Aski da ikustea Seaskak zer arrakasta duen. Edozein joeratakoen artean kontsentsu bat bada euskara dela gure hizkuntza, eta gure haurrei euskara eman behar diegula. Eta, orain, izugarria da horrelako erabaki bat ikustea, diputatuen erabakiaren kontra. Larria da. Maiatzaren 29ko manifestazioak erakutsi zuen zer den herriaren iritzia horri buruz. Ez da soilik abertzaleen kontua; Euskal Herriko biztanle guzien auzia da. Euskararen egoera hobetu behar da; koofizialtasuna lortu behar dugu, orain inoiz baino gehiago. Gertakari hauek erakusten baitigute zer den hizkuntza gutxituen egoera Frantzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.