Katalunia. Inbestidura saioa

Korridoreetako nahasmena

Nahasmena izan da nagusi parlamentuaren kanpoan eta barruan, eta erotzeko moduko beste egun bat kazetarientzat; aurrerantzean zer gertatuko den igartzeko, nahasiegia.

Hainbat kazetari, Jordi Turullen inbestidura hitzaldia entzuten, atzo, Kataluniako Parlamentuan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Saioa Baleztena. Mikel P. Ansa
Bartzelona
2018ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Salbuespen pasarteek ez dute etenik Katalunian. Ortzeguna, arratsaldeko 16:30ak. Minutu gutti falta ziren Generalitateko presidentea izendatzeko presaz deitutako osoko bilkura abiatzeko. Udaberria estreinatu berri, baina hutsik zegoen, segurtasun neurriak tarteko, mossoek irailaz geroztik itxita daukaten Ciutadella parkea. Eta hutsik zegoen, baita ere, normalean elkarte soberanisten mobilizazio deialdiekin betetzen den Lluis Companys etorbidea. Jordi Turullen inbestidura ezinezkoa izango zela ezagutu ondotik, eta Espainiako justiziaren beste kolpe baten atarian, alderdi indepentisten ezintasuna agerian gelditu zen. Eta horren argazkiak ikusi ziren atzo Bartzelonan.

Nahasmena zen nagusi. Parlamentuaren kanpoaldean, zein barruko korridoreetan. Ustezko independentzia aldarrikapenarekin urriaren hondarrean ilusioz argiztatu ziren paretak goibel zeuden bart. Eta kazetarien aurpegietan sumatzen zen, geroz eta nabarmenago, egun historikoez jositako ofizio honen ajea. Osoko bilkura hasi aurretik edonork zekien funtziorik gabeko jardunaldia izango zela atzokoa. Arraroa izan zen eguna, eta kontatzeko nekeza, kazetarientzat. Arturo Puente kazetari nafarrak bertatik bertara jarraitu ditu prozesu independentistaren pasarteak, Eldiario.es-eko irakurleentzat. Alderdi independentistek presazko osoko bilkura deitu izana«ulertezina» zitzaion bart, «huts egindako inbestidura» izan zelako. Bere hitzetan, «independentismoak itsu-itsuan jokatzen du, estatuak zapalgailuarekin gainetik zanpatzen dion bitartean».

Sara Gonzalezek Nació Digital egunkarian egiten du jarraipena. Argi zuen «gobernuaren planean baino gehiago, Llarenarengan dagoela orain Kataluniako buruzagien arreta». Auzipetuen egoera pertsonalak karga handia duela ere uste du kazetariak, eta hori Turullen inbestidura saioko hitzetan nabaritu zela erantsi zuen segidan: «Gorenaren Damoklesen ezpatarekin solastatu da». Hala sumatu zuen Arturo Puentek ere: «Turullek epailearen aurreko defentsa argudioa bertzerik ez du egin... Eta Arrimadasek, berriz, epaileak espetxeratzeko dituen arrazoiekin erantzun dio».

Atzoko inbestidura saioan baino gehiago, gaur Espainiako Auzitegi Gorenean epailearen aurrean jokatuko den hurrengo partidan jarria zeukaten arreta kazetari askok. Turullen inbestidurako hitzaldiak epailearen aurrean zer eragin izango zuen kalkulatu nahian.

Albert Mercade goizean goizetik aritzen da El Matí de Catalunya Radio-n lanean. Parlamentuko korridoreetan zen hura ere atzo. Alderdi independentisten estrategiaren ahulezia nabarmendu zuen: «Hauteskundeetatik hiru hilabete pasatu direnean, inork ez daki zein den legealdi honen bide orria. Nahasmendu orokorraren pasarte berria izan da, hiru alderdi independentisten estrategiak josteko dauden zailtasunak azaleratu ditu».

Gemma Aguilera El Mon-eko kazetariak ere nahasmen horri egin zion erreferentzia: «Nekea baino gehiago, nahasmen sentsazioa nagusitu da. Hauteskundeak irabazi zituen gehiengo parlamentarioak legitimoki gauzatu nahi duen herri proiektuaren kontra, estatuak geroz eta bortitzago erantzuten duelako».

Nahasmen horren erdian, aurpegi ilunak eta zalantza keinuak sumatzen ziren parlamentuko korridoreetan atzera aurrera zebiltzanen artean. Prozesuak hemendik aurrera zer bide hartuko duen ez baita batere argi sumatzen kazetarien artean. Are nekezagoa egiten da hemendik aurrera zer gerta litekeen igartzea, eta hori ikus-entzuleei eta irakurleei nola kontatu asmatzea.

Korrika saioak eta presak

Erotzeko moduko beste egun bat izan zen kazetarientzat. Polònia telebista saioko kideek, hala ere, jarri zuten beren umore ukitua atzokoan ere. Ortzegun gauetan emititzen dute saioa, TV3n, eta atzo ere, azkeneko hilabeteetan ortzegun askotan bezala, azkeneko orduaren mirabe zeuden telebista saioko arduradunak, gidoilariak nahiz antzezleak. Arratsaldean jarri zuten argazki bat Twitterren, saioko kide guztiak telebistari begira erakusten zituena, parlamentuan zer gertatuko ote zen adi. Ez bat, ez bi; hiru saio diferente grabatuak omen zeuzkaten, zer gertatuko ere: Jordi Turull presidente aukeratu edo ez, CUP abstenitu edo ez, zer gertatuko. Estres batean, baina Polònia ohiko moduan iritsi zen bere ortzeguneroko zitara, edozein moduz.

Bitartean, parlamentuko korridoreetan, beren albiste eta kroniketarako titulu bat nondik aterako, iluntzean korrika saioak eta presazko deiak ugaritzen hasi ziren kazetarien artean: nola esplikatu parlamentuan gertatu dena? Zer esan bihartik aurrerakoaz? David Miro Ara-ko zuzendariordeak beltz ikusten du hemendik aurrerakoa; nahasmenetik ideia bat nabarmentzeko tartea hartu zuen: «Gaur zalantzak guztiak argitu dira: Junts per Catalunyak eta ERCk badakite bide honetan ezin dutela CUP aintzat hartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.