GKSren «kale borrokako taldea» osatzea egotzi die Poliziak Iruñean atxilotuei

Poliziak adierazi du urtebetez aritu dela Arrotxapean eta Burlatan atxilotutako gazteak ikertzen. Indar Gorri ere nahastu dute salaketan

Atxilotutako gazteak kalera irteten, deklaratu ostean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Erredakzioa
2021eko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
«GKSren inguruko kale borrokako talde bat» osatzea leporatzen diete iragan astean Espainiako Poliziak Iruñean atxilotutako gazteei. Atzo Poliziak zabaldutako oharrean adierazi duenez, urtebetez aritu da Arrotxapean eta Burlatan gazteak ikertzen, eta Poliziak esan du «ekintza bortitzak, sabotajeak eta erasoak» egiten zituztela, «modu antolatu eta koordinatuan». Bost bankuren egoitzen eta bi dendaren aurkako erasoak sartu dituzte salaketa horien artean, eta zaborrontziak kalean gurutzatzea eta poliziei harrika egitea ere egotzi diete.

Atxilotutakoak «erakunde sezesionista erradikaletako» kide direla zehaztu du Poliziak, eta GKS Gazte Koordinadora Sozialista aipatu du zehazki. «Amnistia Ta Askatasuna» taldearen zale direla ere jaso dute oharrean.

Apirilaren 27an atxilotu zituzten hamar lagun Iruñerrian, eta, epailearen aurrean deklaratu ostean, aske utzi zituzten, apirilaren 29an, haiek eta Poliziak deklaratzera deitutako beste bi. 2020ko azaroaren 7an Arrotxapea auzoan gertaturiko istiluak antolatzea leporatzen die Poliziak atxilotuei.

Poliziaren esanetan, atxilotutako horietako lauk osatzen dute taldearen muina, eta haien gertukoak dira beste akusatuak. Bortizkeria bizi estilo gisa beretu dutela dio oharrak, umetatik elkarrekin duten adiskidetasunak «kohesioa» eman diola taldeari, eta haietako batzuk Indar Gorri taldeko kideak direla. Poliziaren oharraren argudiaketa saio bat da frogatzeko «talde kriminal antolatu bat» osatzen zutela gazteek, eta denboran jarraitua izan dela talde hori eta jokabide hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.