DARWIN ETA GU

Bihotz korearrak

Jose Mari Pastor -

2018ko irailak 15

Irakasleen jokaera arrazistak salatu dituzte Alemanian. Bertako eskoletan lanean ari direnetako batzuen portaera gaitzesgarria frogatzeko testigantzak eman ditu Der Spiegel aldizkariak. Inkesta zabal baten bidez jakin denez, azken bi urtean lau lagunetik batek baztertuta ikusi du bere burua eskolan, jatorri, adin edo sexuagatik. Jokamolde horren adibideetako batzuk: «Berdin dio zuen semea zein eskolatara bidaltzen duzuen», azaldu die irakasle batek guraso italiar-poloniarrei, haurrak inoiz egingo ez duela aurrera jakinarazteko. Beste kasu bat: matematika eskoletan galdera bat egin du gurasoak kanpotarrak dituen ikasleak. Irakaslearen erantzuna: «Alemanez hitz egiten ikasi, ezer galdetu baino lehen».

Erronka ederra dute Alemanian. Hainbat irakasle ez omen daude prestatuta aniztasuna kudeatzeko. Gurasoak kanpotarrak dituzten ikasle gazteen kopurua gora doa hiri handietan: jaiotze beretik estatukidetasun alemaniarrik ez zuen aita edo ama duten herritarrak %45,3 dira Frankfurten; %40,9 Stuttgarten; %39,4 Munichen; %35,9 Dusseldorfen; %34,2 Kolonian eta %28 Berlinen.

Alemaniako ume askok, etorkizuneko herritar helduek, arazoak dituzte alemanez mintzatzeko. Erreakzio arrazistak sortzen ari dira. Nola gaude Euskal Herri autonomikoan, euskarari dagokionez? Eskoletan ikasten ari diren umeetako zenbat dira gai euskaraz ondo egiteko? Bermatuak ditugu euskararen presentzia eta erabilera zuzena geroan?

Hegoaldeko hizkuntz ereduak ukiezinak dira, antza. Lurrikara eragingo luke gurean Kataluniakoa bezalako murgiltze sistema indarrean sartzeak. Gerra zibila, aizu! Gurasoen eskubideak «urratzea» salatuko lukete askotxok. Eta ez soilik burua unionista eta bihotza espainiarra dituztenek. Bilboko taberna batean hizketan ari dira gizona eta emakumea. Lehena erdalduna da; bigarrena, euskalduna —tabernaria, bizkaieraz dotore egiten duena—. Euskara legez ezarri beharko litzatekeela adierazi du gizonak. Eta emakume euskaldunak, zuhur-zuhur, euskarak aurrera egin behar duela, baina «inposizino barik».

Ederra daukagu. Ez gara ohartu ere egiten ziria noraino sartu diguten. Zer pentsatu unibertsitatera heldu den 18 urteko ikasle batek Zarautz Bizkaian ala Gipuzkoan dagoen galdetzen duenean? Euskal geografian galduta ibiltzea ez da tristeena —seguruena ederki bereiziko ditu mapan San Frantzisko, Miami eta New York—. Etsigarriena hauxe da: ikasle horrek B ereduan ikasi du, eta ez da gai euskaraz mintzatzeko. «Yo he estudiado en el modelo B y no entiendo bien euskera». Zer azalduko diozu mutilari? Bilbo erdikoa da; euskal abizenak ditu. Rh-a forever. Atzo bertan, bi neska gazte autobusean. «Me ha dicho mi madre que en la UPV también enseñan euskera, pero yo me he apuntado a inglés», batak besteari, Cantábrico oriental deritzon eskualdeko ahoskera garbiaz. Etxekoa euskaldundu ez, eta txapela jarri nahi heldu berriari.

Beste aldean badira euskara ikasi dutenak, baina hizketan trakets eta trabes moldatzen direnak. Saiatu egiten dira. Errespetua merezi dute, laguntza. Zer erantzungo diozu euskaraz gabeziak dituen ikasle bati, azaltzen badizu euskaraz egiten segitzeko matrikulatu dela euskaraz, etxean eta lagun artean inoiz ez delako euskaraz ari, eta hizkuntza galduko ote duen beldur delako? Unibertsitatea ez da euskaltegia, ados. Alta, zer esango diozu? «Euskara egiten ikasi, ezer galdetu baino lehen». Ez. Zer dio buruak? Zer bihotzak?

Gazteen artean hizkuntza korearra ikasteko joera zabaltzen ari dela hedatu zuten EITBko albistegiek, joan den hilean. Hango pop musika eta kanten hitzak ulertzeko koreera ikasteari lotu zaizkio neska-mutilak. Telebistan hiru gazte agertu ziren, euskaraz, zaletasunaren berri ematen. Oso ondo. Hala ere, zer egin euskara ikasteko gogorik ez baina koreera ulertu nahi dutenekin? Zer esan mapan Seul Zarautz baino hobeto kokatzen dakitenei? Nork eta nola euskaldunduko ditu burua espainola eta bihotza korearra dituzten gazteak?

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiari 1813an su eman ziotela oroitzeko Dora Salazarrek egindako eskultura, maskara jantzita ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten korronte batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.

Ikasle batzuk, ikasgelan, ikasturteko lehen egunean egindako argazki batean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Eskola orduak: eztabaida zaharberritua

Mikel O. Iribar

Ordutegi jarraituaren aldeko plataforma bat sortu dute: institutuetatik kanpo ere jartzea nahi dute. Nafarroan hala ari dira, baina Jaurlaritzak ez du onartu. EHIGEk uste du eztabaida pedagogikoa behar dela.

COVID-19a atzemateko test bat, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste 612 positibo atzeman dituzte Hegoaldeko azken zenbaketetan

Uxue Rey Gorraiz

Hiru pertsona hil dira birusaren ondorioz Hego Euskal Herrian, Nafarroan hirurak. 510 lagun daude ospitaleratuta; horietatik 84, ZIUetan

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna