Hamabost urteren ostean, hartzak jaio dira berriro mendebaldeko Pirinioetan

Joan den urrian Esloveniatik Biarnora eramaniko bi hartz emeetako bat hartz kume birekin ikusi dute Ardiden gailurraren inguruan, Okzitanian

Sorita hartza Aspen, zuhaitz bat markatzen. FIEP / PNP / RESEAU OURS BRUN.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Hartz kumeak jaio dira Pirinioetako mendebaldean. Sorita izeneko hartza hartz kume birekin ikusi dute Okzitania hegoaldean, hartz zulotik irten berri. Astelehenean ikusi zuten Sazosen (Pirinio Garaiak, Frantzia), Ardiden gailurretik gertu. Azken 15 urteetan ez da hartzik jaio han.

Joan den urrian Esloveniatik ekarri eta Biarnon askatu zituzten bi hartz emeetako bat da Sorita; Claverina da bestea. Ordura arte, Pirinioetako mendebaldean hartz bi baino ez ziren bizi; biak arrak: Nere eta haren seme Canelito. Hain zuzen ere, Canelito da inguru horretan jaio zen azken hartza. Pirinioetan jaiotakoa zen haren ama ere. Bi arrekin ugaltzeko ekarri zituzten bi emeak. Espeziea iraunaraztea zen Frantziako Gobernuaren asmoa. Nafarroako Gobernua kexu agertu da; baita Aragoikoa (Espainia) ere. Dena den, Sorita egon den hartz zulotik gertu Rodri izeneko beste hartz baten lorratzak topatu dituzte.

Joan den martxoan irten zen Claverina hartz zulotik, bakarrik. Aragoiko (Espainia) mendietan pasatu zuen negua. Hartz zulotik irten eta Euskal Herrira etorri da: Nafarroan ibili da aurrena eta Zuberoan dabil orain. Sorita-k eta Claverina-k geolokalizadorea duen lepoko bana dute. Hari esker jakin daiteke nondik ibili diren, baina ez dute unean uneko informaziorik ematen. Adituen arabera, Claverina tenperatura epelagoen bila etorri da Euskal Herrira. Zuberoako laborariak kezkatuta daude, baina adituek esan dute bakarrik dabiltzan hartzak ez direla hain arriskutsuak. Ez dute uste Sorita asko mugituko denik, kumeekin dabilelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.