Errekaleorren alde kalera ateratzeko deia

Ekainaren 3an manifestazioa egingo dute proiektuaren alde. Auzoa hustu ahal izateko «hitz faltsuak» esatea egotzi diote alkateari

Errekaleorreko bizilagunak eta beste hainbat herritar, atzoko prentsaurrekoan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Errekaleorreko bizilagunek beren egitasmoa Gasteizko kaleetan berretsi nahi dute. Ekainaren 3an manifestazioa egingo dute; Andre Maria Zuriaren plazan elkartuko dira, 17:30ean. Mobilizazio horren bitartez erantzun nahi diete iragan osteguneko gertakariei: Iberdrolak auzoa argirik gabe utzi zuen, Eusko Jaurlaritzak eskatuta. Kalean erantzun nahi diote horri, nazioarteko babesarekin. «Elkartasuna ardatz, guk hezurdura jarri, eta zuek giharra emango diguzue». Hori esanez egin dute manifestaziorako deia.

Protestaren berri ematearekin batera, Errekaleor Bizirik auzo elkarteak erantzun egin zion atzo Gorka Urtaran Gasteizko alkateari, prentsaurreko batean. Errekaleorren argindarra moztu eta hurrengo egunean, alkateak jakinarazi zuen erabakia «egokia eta zuzena» izan zela. Hartutako neurrien oinarrian «segurtasun arrazoiak» zaudela argudiatu zuen.

Errekaleorreko bizilagunen arabera, ordea, «faltsua» da baieztapen hori. Lehenik, salatu dute argindarra moztu ondoren okerrera egin duela han bizi diren 150 auzokideen segurtasunak. Gaineratu dute etxean argindarra kenduta txartu egin direla bizi baldintzak, batez ere haurrenak eta edadetuenak; auzoko bizilagun gazteenak hilabete gutxi ditu, eta nagusienak, 75 urte. Etxeetako argindarra ez ezik, kaleko argiztapena ere moztu diete. «Arriskuan jarri gaituzte; auzo osoa puntu beltz bihurtu da, eta eraso sexistentzat espazio egokia».

Bestetik, oroitarazi dute Errekaleorreko segurtasuna auzokideen lehentasuna dela. Azaldu dute azpiegiturez arduratzen den taldea «formatua» dagoela. Areago, Errekaleor Bizirik-ek zehaztu du beti egon dela prest udalarekin gaiari buruz hitz egiteko.

Negoziazioak, etenda

Segurtasunaren argudioa baliatzeaz gain, Urtaranek Errekaleorreko bizilagunei leporatu zien ez zutela negoziatzeko borondaterik. Hori ere «faltsua» dela salatu du elkarteak, eta alkatearen jarrera aldaketaz ohartarazi du. Izan ere, haien arabera, orain zenbait hilabete «jende zintzo eta zentzudun» gisa jotzen zituen bizilagunak, eta proiektuarekin errespetua agertu zuen. Orain, iritzi publikoa «manipulatzea» leporatu diote auzia hustu ahal izateko.

Elkarrizketaren alde agertu da Errekaleor Bizirik. Jakinarazi du orain hilabete hitz egiteko proposamena bidali ziola alkateari, gutun bidez. Elkar ulertzeko deia egin zioten, «hedabide edo instituzioetatik datozen presionatzeko jarreretatik» aldentzeko. Hori lortzeko, «hedabideetatik kanpo» hitz egitea proposatu zioten.

Zalantzaz josita dago etorkizunera begirakoa. Argitu gabe dago Errekaleorreko 26. atariaren aurkako auzibidea. Atari hori okupatu zuten lehenik. 21 Zabalguneak, udalaren hirigintza agentziak, auzitara jo zuen. Lehen auzibideko epaitegiak arrazoia eman zien Errekaleorreko bizilagunei. Hilabete batzuk geroago, ordea, 21 Zabalgunearen alde egin zuen Arabako Lurralde Auzitegiak. Espainiako Auzitegi Gorenean dago gaia orain. Hara jo zuten bizilagunek 2015eko amaieran, eta, oraindik ere, epaileen erantzunaren zain daude.

Gorenaren erantzuna mugarria izan daiteke. Auzitegiak helegitea aintzat hartuko balu, prozesua hilabeteetan luzatuko litzateke. Ordea, aintzat hartuko ez balu, udalaren jokabidea ikusteko legoke. 26. atariko bizilagunak botako lituzke bakarrik, edo auzoko atari guztiak ixten saiatuko litzateke?

Edozein kasutan, bizilagunek berretsi egin dute 2013an abiarazi zen egitasmoa. Hots, duela hiru urte hasitako bidean aurrera egingo dutela nabarmendu dute. «Inoiz baino indartsuago gaude. Horren adibide dira asteburu honetan egingo ditugun jaiak». Apirilaren 22an iragarri zituzten jaiak, argindarra kendu baino lehen. Ordea, «auzo boterearen festa» ospatzeko asmoa berretsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.