Nafarroak bide emanen die trafikoko guardia zibilei, foruzain izateko

Remirez lehendakariordeak esan du trafikoko eskuduntzak lortuta ere «guardia zibil bat bera ere ez dela behartuta egongo Nafarroa uztera»

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramailea. IÑIGO URIZ / FOKU.
Erredakzioa
Iruñea
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroak espetxeetako osasunaren eskumena jasoko du, maiatzaren 24an izenpetuko duten hitzarmenaren bidez, eta trafikoarena aurtengo bigarren seihilekoan. Eskualdatzeko zeuden eskumenak azkenik ari dira bidea irekitzen, pixkanaka. Horiek nola gauzatuko diren azaldu zuen atzo Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak, gobernu bileraren ostean egindako agerraldian. Trafikoari buruzkoan, Nafarroako Foruzaingoari egokituko zaio errepideetako kontrolen ardura oso-osorik. Remirezek esan zuen eskumen aldaketa horretan «aldagai humanoa» oso garrantzitsua izango dela, eta bermatu zuen «trafikoko guardia zibil batek berak ere ez duela Nafarroa utziko, bere borondatez ez bada». Bi jokaleku dituzte esku artean: guardia zibil horiek Foruzaingoaren barruan integratzea, trafikorako zerbitzuan, edo Guardia Zibilaren beste unitate batzuetara mugitzea, erakunde horren barne mugikortasun araudiaren arabera. «Nafarroan errotuta dauden pertsonez ari gara, eta bide egokiak landuko ditugu Espainiako Gobernuarekin batera egoki egiteko behar diren aldaketak».

Bestalde, espetxeetako osasunaren eskumena jasoko dutela eta, espetxeetako eskumena osorik eskatuko ote duten galdetuta, Remirezek esan du ez dela «lehentasunezko gai bat». Zehaztu zuen gobernuaren lehentasuna orain ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren eskumenean dagoela, «autogobernuaren ahalik eta betetze maila gorenera iristeko helburua gutxietsi gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.