Aliantzen dantza bozetarako

Erresuma Batuan hauteskunde kanpaina hasi dute: alderdiak estrategiak negoziatzen ari dira. Corbynek auzi ekonomikoetan nahi du arreta

Corbyn, atzo, kanpainan. Laboristek ez dute aliantzetan parte hartuko. V. F. / EFE.
ander perez zala
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Europako Batasunean (EB) jarraitzearen aldekoentzat, azken aukera izango ote dira abenduaren 12ko parlamenturako hauteskundeak Erresuma Batuaren irteera prozesua gelditzeko?

Galdera hori airean dago Boris Johnson jarduneko lehen ministroak bozak aurreratzeko asmoa hizpide hartu zuenetik. Ez du erantzun errazik, hasiera batean baiezkora jotzeko joera dagoen arren; Johnson, behintzat, herritarrei mezu hori helarazteaz arduratu da: Komunen Ganbera irteera oztopatzen ari dela, eta gehiengo osoa jaso behar duela datorren hileko hitzorduan,brexit-a behin betiko gauzatzeko.

Testuinguru hori da, hain justu, Johnsonen irteera gauzatzeko irtenbide bakarrenetako bat, bakarra ez esatearren. Toryek, gehiengo izanda, erabaki lezakete talde komunitariotik ateratzea jarduneko lehen ministroak EBrekin adostu duen akordioarekin, edo itunik gabe irtetea, nahiz eta atzo desegindako Komunen Ganberak iragan hilean iradoki zuen testua babesteko prest zegoela.

Horiek horrela, hiru jarreratan zatituko da kanpaina: batean, Alderdi Kontserbadorea, Brexit Alderdia eta Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionista (DUP), EBtik ateratzearen aldeko hiru alderdiak; bestean, Liberal-demokratak alderdia, Eskoziako Alderdi Nazionala (SNP), Plaid Cymru Galesko alderdi independentista, Alderdi Berdea eta Sinn Fein, EBn geratzearen aldeko bost indarrak; eta, hirugarrenean, Alderdi Laborista, jarrera anbiguoa duena, beste itun bat adostu eta hori erreferendumera eraman nahi baitu.

Jarrera horiek baldintzatuta egongo dira hauteskundeak, eta alderdiak jada hasi dira brexit-ari begirako helburuak betetzeko estrategiak diseinatzen. Aliantza estrategikoak dira, jarrera bateko edo besteko politikariek euren barrutiko ordezkaritza lor dezaten. Baina badirudi hori oposizioko alderdi europazaleen kontua izango dela, toryek eta Brexit Alderdiak ez baitute akordio estrategikorik adostu nahi izan.

Nigel Farage euroeszeptikoak asteon jarri zizkion horretarako baldintzak Johnsoni: nabarmenena, EBrekin adostu zuen akordioa baztertzea, itunik gabeko irteera gauzatzeko. Jarduneko lehen ministroak ez zion erantzun, eta, adostasun estrategikorik gabe, brexit-aren aldeko botoak zatitu egingo dira. Aliantza horren ordez, toryek Ingalaterra iparraldeko barrutietan jarriko dute arreta, irteeraren alde bozkatu zuten barruti laboristetan.

Jokaldia, ordea, arriskutsua da, Johnsonek ez baitu Ruth Davidson Eskoziako kontserbadoreen buruzagi karismatikoaren laguntza izango; Davidsoni esker, 2017ko bozetan toryek hamabi diputatu kendu zizkioten SNPri, baina kontserbadoreak horiekgaltzeko arrisku handian daude, brexit-aren prozesuak hartu duen norabidearengatik, eta Davidsonek kontserbadore eskoziarren buruzagitza utzi baitu.

Ingalaterra iparraldeko barruti laboristak, gainera, oso fidelak izan ohi dira, oraindik oroitzen baitira toryen murrizketen ondorioez. Johnsonek, hortaz, estrategiarik zailena hartzea erabaki du, baina, brexit-ak urteotan erakutsi duenez, dena da posible.

EBn geratzearen aldekoak, berriz, hizketan ari dira aliantza estrategikoak osatzeko: barrutietan, soilik boto gehien jasotzeko aukera handienak dituen hautagai europazalea aurkeztuko litzateke, gainontzekoek haren garaipena ez oztopatzeko. Liberal-demokratak, Plaid Cymru eta berdeak dira estrategia horren aldekoak, Komunen Ganbera EBn geratzearen alde osatzeko. Zeregin horretan, aldeko dituzte kargua errepikatzeko asmorik ez duten tory europazaleen atzerapausoak, horien ordezkoa hartzeko.

SNPk ez du koalizio horretan parte hartuko, ziur baita berreskuratu egingo dituela 2017an galdu zituen 21 ordezkarietako ia guztiak; independentisten borroka bigarren galdeketa da, baina lehentasuna du independentziari buruzkoak. Horretarako, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroaren arabera, indartsuago itzuli behar dira Westminsterrera datorren hilabetetik aurrera.

Azkenean, SNP erabakigarria izan liteke gobernabidean, aukera handiak baitaude gehiengorik gabeko Komunen Ganbera bat azaleratzeko. Jeremy Corbyn laborista lehen ministro kargura eramateko, alderdi horren botoak ezinbestekoak bilaka litezke, eta Sturgeonen alderdikoek bigarren independentzia erreferenduma eska lezakete horren truke; orain arte, laboristek ez diote ezezkoa eman aukera horri.

Corbynek ere bere estrategia diseinatu du, eta kanpainako eztabaida auzi sozioekonomikoetara bideratzea izango du lehentasun. Bide hori egin zuen 2017an, eta toryen gehiengo osoa desagerrarazi zuen. Atzo gauean, ezusteko batekin hasi zuen kanpaina: Tom Watson buruzagiordeak dimisioa eman zuen, arrazoi pertsonalak argudiatuta.

Ipar Irlandaren kasua

Ipar Irlandan, estrategia beraren alde egin du, besteak beste, Sinn Fein alderdiak. Asteon jakinarazi duenez, ez da hiru barrutitan aurkeztuko, EBn geratzearen aldeko beste hautagai batek irabazteko aukera gehiago izan ditzan.

Aldi berean, erabakigarria izango da Belfast iparraldeko barrutia, han lortu baitzuen ordezkaritza Nigel Dodds DUPen buruzagiordeak, boto gutxiko aldearekin. Beste alderdi unionistei ez aurkezteko eskatu arren, hori egitea erabaki dute, eta Sinn Feinek aukera handiak izango ditu aurrea hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.