Erriberatik iritsi da elurra

Bigarren mailako zenbait errepide itxi dituzte Araban, Nafarroan eta Gipuzkoan 'Filomena' denboralearengatik. Elurra gozo bota du Euskal Herriko toki askotan, baita zuritu ere

Iruñeko Gazteluko plaza zuritzen hasi zen atzo arratsaldean, egun osoan elurra egin baitzuen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Erribera zuri-zuri. Aurreikuspenak beteta, Filomena denboraleak elurra ekarri zuen atzo Euskal Herrira. 02:00 inguruan hasi zuen elurra Erriberan, eta berehala zuritu zuen inguruetakoherrietan. Tuterako Foruen plazaren kioskoaren inguruan alfonbra zuria paratu zuen denboraleak. Erriberatik hasi zena berehala zabaldu zen iparraldera, eta bigarren mailako zenbait errepide itxi behar izan zituzten elurrarengatik eta hormarengatik. Beste errepide batzuetan, kateak erabiltzea ezinbestekoa izan zen.

Goiza lasai joan bazen ere, arratsaldean ugaritu ziren arazoak errepideetan. Elurra eta horma zela eta, Belagua, Iturzaeta (Nafarroa), Urduña, Herrera (Araba), Azurki, Elosua eta Karabieta (Gipuzkoa) portuak itxi zituzten. Bestalde, kateak erabiltzea derrigorrezkoa zen zenbait errepidetan: Nafarroan Izabako, Urbasako, Arasko, Urkiagako, Meanoko, Artesiagako eta Matamachoseko portuetan, baita Izabatik Zurizara (Espainia) doan NA-2000 errepidean eta Aralarren ere; eta Araban, Opakuako, Bernedoko eta Gasteizko portuetan. Gainera, kamioiak ezin ziren Bernedon eta Opakuan ibili.

Nafarroa erdialdean eta Erriberan abisu laranja ezarri zuten, eta Nafarroako isurialde atlantikoan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan horia. Nafarroako Gobernuak, Babes Zibileko Planaren larrialdiko lehen maila eta Neguko Bide Planeko bigarren fasea ezarri zituen.

Zailtasunak ateratzeko

Espainiara joatekoak zirenek edo Espainiatik etortzekoak zirenek ere arazoak izan zituzten. Madrilen lur hartu behar zuten hiru hegaldi bertan behera gelditu ziren, hango aireportua itxita zegoelako. Madrildik Loiura joan behar zuten beste hiru hegaldi ere bertan behera gelditu ziren.

Trenbideei dagokienez, Zaragoza (Espainia), Castejon (Nafarroa) eta Iruñea lotzen dituen tren zerbitzua bertan behera utzi zuten. Madrilera bidaiatzea ezinezkoa izan zen. Bestalde, A-68 Ebroko autobidea trafiko astunarentzat itxi zuten Nafarroan, Zaragozarako noranzkoan, 84. kilometrotik aurrera, Aragoin (Espainia) elur asko pilatu zelako errepidean.

Euskal Herriko txoko asko zuritu ziren atzo, tartean, Gasteiz eta Iruñea. Nafarroako hiriburuan arazoak sortuziren arratsaldean billabesekin, eta ibilbide batzuk itxi behar izan zituzten. Hala ere, hiriko autobus gehienak normal-normal ibili ziren errepideetan. Kostaldean ere zuritu zezakeela uste bazen ere, azkenean ez zen hondartza zurien argazkirik izan.

Gaur ere sumatuko da Filomena denboralearen eragina. Hego Euskal Herrian elurra egin dezake goizaldean edozein mailatan, baina, goizean 400 metro ingurura igoko da maila, eta prezipitazio gutxi izanen da seguruenik. Kasu eman beharko da, dena den, hotz handia espero baita lurralde guzian. Iparraldeko eta ipar-ekialdeko haizea izanen da, eta litekeena da egun osoan izotzaldiak izatea toki askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.