Hauteskundeen truke, bakea aurrekontuetan

Negoziazioetako «giroa» arintzeko, ERCk ez dio osoko zuzenketarik jarriko Kataluniako Generalitatearen 2015erako aurrekontuari

Pere Aragones, ERCren gai ekonomikoetarako bozeramailea. ANDREU DALMAU / EFE.
Samara Velte.
2014ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
ERCk ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko Kataluniako Gobernuaren datorren urterako aurrekontuari. Hala egitea erabaki duen alderdi bakarra da, eta, gainera, beste taldeek jarritako helegiteen aurka bozkatuko duela iragarri du. Pere Aragones ERCko ekonomia gaietarako bozeramaileak azaldu duenez, hauteskunde plebiszitarioei buruzko negoziazioak «errazte» aldera erabaki du alderdiak CiUri aurrekontuetan kontra ez egitea: «Probokaziora jo genezake, baina halako hauteskunde prozesu bat abiatzeko modu txarra litzateke, are gehiago independentziara iristeko kontzentrazioko gobernu bat adostu nahi dugunean». CiUko bozeramale Jordi Turullek onartu du erabakiak mesede egiten diola «mandatu demokratikorako bide orria negoziatzeko giroari».

Osoko zuzenketarik ez, baina azpiataletan egingo ditu ERCk kontrako proposamenak. Horrek blokeo egoerara eraman dezake aurrekontua, eta CiU datorren urterako lege proposamenik gabe utzi, baina Esquerrak espero du ez dela iritsiko proposamena gauzatzera ere; badaezpada, oraingo aurrekontua luzatzeko lege proposamena aurkeztu du. Urtarrilaren 19tik aurrera jarriko dituzte aurrekontuen azpiatalen helegiteak, eta otsailaren 4an izango da lege proposamenari buruzko azken eztabaida. Urtarrilerako hauteskundeetara deituta egotea nahi du Esquerrak, parlamentua aurrekontuak onartu baino lehen —edo onartu eta gutxira— deseginda egoteko.

AMC Kataluniako Udalerrien Elkarteko presidentea ziur agertu da CiU eta ERC ados jarriko direla berandu baino lehen, eta iragarri du AMC dagoeneko ari dela bere liburu zuria prestatzen, udalek Katalunia independentean izango luketen funtzioa zehazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.