Kolonbiaren etorkizuna ezagutzeko lehen pausoa

Ordezkarien Ganberarako eta Senaturako hauteskundeak egingo dituzte gaur Latinoamerikako herrialde horretan. Hiru koalizioren presidentegaiak aukeratzeko ere baliatuko dituzte bozak

Itun Historikoa koalizio ezkertiarraren eta Gustavo Petroren jarraitzaileak, Bogotan egindako ekitaldi batean, hilabete hasieran. CARLOS ORTEGA / EFE.
Bogota
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Kolonbiako biztanleek Ordezkarien Ganberako eta Senatuko parlamentariak hautatuko dituzte gaur. Horrez gain, lehian dauden koalizioen hautagaiak ere aukeratuko dituzte maiatz amaieran eta ekain erdialdean egingo dituzten presidentetzarako bozetarako. Beraz, egun oso garrantzitsua izanik, boto emaileek herrialdearen etorkizuna ezagutzeko lehen pausoa emango dute gaur.

Alderdi politiko gehienak hiru koaliziotan elkartu dira. Batetik, ezkerreko indarrek osatzen duten Itun Historikoan; bigarrenik, politikoki zentroan dauden alderdiak biltzen dituen Aliantza Berde eta Itxaropen Zentroa Koalizioan; eta, hirugarrenik, Kolonbiaren Aldeko Taldea eskuindarrean. Horiez gain, badira bakarrik lehiatzea erabaki dutenak ere; kasurako, Alvaro Uribe presidente ohiaren Zentro Demokratikoak.

Koalizio horiek garrantzi handia izango dute Kolonbian bi hilabete barru izendatuko duten gobernu berriarentzat. Alde batetik, Ordezkarien Ganberan eta Senatuan aliantza bakoitzak lortuko duen ordezkaritzak zerikusi handia izango duelako datorren lantaldearen agintearekin; izan ere, botere gehien lortzen duen koalizioa giltza edo pareta izango baita gobernuak sustatu nahiko dituen neurrientzat.

«Gaurko bozak garrantzitsuak izango dira. Datozen hilabeteetan presidentetza lortuta ere gaur ez baldin bada botere nahikoa lortzen, oso zaila izango da ideiak aurrera eramatea», adierazi dio BERRIAri El Rosario Unibertsitateko irakasle Sandra Boterok.

Hori bai, ez dago batere argi zer gertatuko den gaurko hauteskundeetan. Adituen iritziz, Itun Historikoa oso indartsu dago, baina ez dira ausartu irabaziko duela esatera, beste koalizio batzuetan makineria edo esperientzia handiagoa duten alderdiak baitaude; kasurako, Itxaropen Zentroan. «Gaur ez da desberdintasun handirik izango: galderaz beteriko egun bat izango da», El Rosario Unibertsitateko irakaslearen arabera.

Batasunaren afera

Koalizioen batasuna ere kontuan hartzeko elementu bat izango da. Ikuspuntu horretatik, Itun Historikoa elkartuago dago, beste aliantzak baino prestatuago baitago, eta koalizioa osatzen duten alderdien eta hautagaien artean pentsamoldea nahiko antzekoa baita, desberdintasun ideologikoak egon badauden arren.

Beste bi aliantzetan, berriz, badira desberdintasunak, eta horrek arazoak ekar litzake. Itxaropen Zentroa da kasuetako bat: Ingrid Betancourt eta haren Alderdi Berde Oxigenoa horren parte ziren, baina azkenean ateratzea erabaki zuten, eta beren kabuz aurkeztuko dira. «Koalizio horretan arazo asko ikusi dira, eta horiek argitara atera dira. Kolonbiaren Aldeko Taldean ere arazoak daudela esango nuke, horiek publiko egin ez diren arren», uste du Boterok.

Kongresuko bi ganberetako ordezkari politikoak aukeratzeaz gain, boto emaileek hiru koalizioen presidentegaiak ere aukeratuko dituzte, baina horrek ez du oraindik argituko zeinek izango duen aukerarik handiena maiatz-ekaineko bozetan irabazteko. «[Itun Historikoko] Gustavo Petro [senataria] da inkestetan aurretik doana eta esperientzia handiena duena. Horrek, ordea, ez du esan nahi irabaziko duenik, oraindik asko falta baitzaio egiteko», argudiatu du Boterok.

Beste koalizioen kasuan, hautagaiak nahiko pareko daude. Kolonbiaren Aldeko Taldean, Fico Gutierrez Medellingo alkate ohia doa aurretik, baina beste hautagaiak gertu ditu; Itxaropen Zentroan, berriz, Sergio Fajardo Antioquia departamenduko gobernadore ohia da faborito, baina ez du garaipena ziurtatua.

Gaurko bozek garrantzi handia izango dute kolonbiarren etorkizunarentzat, baina Kongresuko bi ganberetarako bozen emaitzek ez dute guztiz argituko Kolonbiaren etorkizuna. «Gertatu beharreko gauza guztien pauso bat besterik ez dira hauteskundeak», Boteroren ustetan. Bigarren eta azken pausoa, hortaz, hiru bat hilabete barru emango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.