Brasilgo Munduko Kopa

Posible dela sinetsi dute

E multzoa estu iritsi da azken jardunaldira: Frantziak huts larria egin beharko luke ez sailkatzeko; Suitzak eta Ekuadorrek irabazi beharra daukate, eta Honduras bizirik dago.

Honduraseko jokalariak, herenegun, entrenamenduaren amaieran. MARCOS MENDEZ / EFE.
unai zubeldia
2014ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Eta Hondurasek Suitzari irabazten badio? Eta, normal-normala litzatekeena betez gero, Frantziak Ekuador menderatuko balu. Honduras, Suitza eta Ekuador, hiruna punturekin. Gol aldea berdinduta... Eta zozketa final-zortzirenetako atea irekitzeko. Baldintzaz betetakoa izaten da beti Munduko Kopako lehen ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia. Eta baldintzaz josita iritsi da E multzoa azken lehia horietara. Bi partida ikusgarri jokatuta ere, Frantzia oraindik ez dagoelako sailkatuta; elkarren emaitzei begira, partidak irabazi beharra daukatelako Ekuadorrek eta Suitzak; eta batere punturik gabe egonda ere, Hondurasek, oraindik ere, aurrera egiteko aukera daukalako.

«Aukera txiki bat badaukagu oraindik, eta Suitzaren aurka arriskatu egingo dugu». Zailenak izaten du askotan errazen motibazio lana. «Aukera daukagun bitartean, ez dugu etsiko». Luis Fernando Suarez Honduraseko entrenatzailea ondo ari da asmatzen jokalariak motibatzen, eta selekziorik apalenetako bat prest dago Munduko Kopako orain arteko bigarren ezusteko handia emateko —Espainia, egungo txapelduna, hasterako aukerarik gabe geratzea izan zen lehena—.

22:00etan hasiko dira bi partidak, eta litekeena da Ekuador eta Frantziarentzat berdinketa balekoa izatea. Ekuadorrek nahikoa du Suitzaren emaitza berdinduta, eta, hiru gol baino gehiagoko aldearekin irabaziz gero, lehen postua kenduko lioke Frantziari. Azken horiek, berriz, berdinketa edo gol gutxiko porrota behar dute Argentinaren aurkako final-zortzirenetako balizko lehia saihesteko. Hori bai, Ekuadorren aurka gol alde handiarekin galdu eta Suitzak Hondurasi egurra emanez gero, gerta liteke Frantzia final-zortzirenetatik kanpo geratzea ere. Saltsa handia eta 90 minutu bero zain.

Historiari keinu txiki bat eginda, Ekuadorrek 2006ko Alemaniako Munduko Kopako balentria berdinduko luke final-zortzirenetan sartuta. Frantziari dagokionez, zelaian eta zelaitik kanpo lotsaren marra ukituz ibili zen orain lau urte, Hegoafrikan, eta orain arteko jokorik alaienarekin ari da samurtzen orduko itxura eskasa.

«Selekzio hobea daukagu»

Haris Seferovic Suitzako aurrelariak Hondurasen aurka azken minutuan sartu zuen golari helduta —5-2 galdu zuten gero Frantziaren aurka—, Suitzako jokalariak sinetsita daude 2006ko balentria berdinduko dutela. «Hondurasek baino selekzio hobea daukagu», adierazi zuen atzo Granit Xhaka erdilariak. Suitza hiru aldiz iritsi da Munduko Kopan final-laurdenetara: 1934n, 1938an eta 1954an. Hondurasek, berriz, inoiz ez du igaro lehen langa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.