Brasilgo Munduko Kopa

Berdintzea adostuko al dute?

Alemaniak eta AEBek gaur berdintzen badute, biek egingo dute aurrera.AEBetako selekzioko sei kidek jatorri alemaniarra dute

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Futbolaren ondradutasunak proba zaila du gaur Arena Pernambuco Recifeko estadioan (18:00). Alemaniak eta AEBek G multzoko azken jardunaldiko partida jokatuko dute, eta, berdinduz gero, biak sailkatuko dira final-zortzirenetarako. Gol aldearengatik, Alemania sailkatuko litzateke lehen postuan, eta AEBak bigarren. Portugalek eta Ghanak jokatuko dute multzoko beste partida (18:00, Cuatro/TF1), Brasilian, eta biek dituzte aurrera egiteko aukera matematikoak. Horretarako, baina, irabazi egin behar dute, eta Alemaniak edo AEBek gal dezaten itxaron.

Iritzia eman duten Alemaniako eta AEBetako hautatzaile, ordezkari eta jokalari guztiek, logikoa den bezala, ukatu egin dute berdinketa aurrez adostua egotea. Bi selekzioen arteko harremana, baina, sendoegia da gutxienez susmoa ez zabaltzeko. Juergen Klinsmann da AEBetako hautatzailea, Alemaniar selekzioko hautatzaile ohi eta jokalari historikoa. Hautatzaile izan zen garaian, Joachim Loew izan zuen laguntzaile, egun Alemaniako hautatzaile dena, eta ez batak ez besteak ez dute inoiz ukatu lagun onak direla.

Hori gutxi balitz bezala, AEBetako selekzioan jatorri alemaniarreko bost jokalari daude: Jermaine Jones, Fabian Johnson, John Brooks, Timmy Chandler eta Julian Green. AEBentzat, bigarren postuan bukatzea arrakasta litzateke, eta horrek irabazteko haren anbizioa apalduko du. Adostua izan ala ez, partidan berdinketa egongo den itxura guztia du.

Portugal eta Ghana, bitartean, mirariaren eta zintzotasunaren zain egongo dira. Hasieran, multzoko bigarren sailkatu izateagatik egin behar zuten borroka, baina ez batak eta ez besteak ez die AEBei irabazi, eta kanpoan dute hanka eta erdi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.