Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Jaiotzetiko gaixotasunak ezabatzetik gertu

2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Imajinatu, segundo batez, gaixotasun bat eragiten duen genea konpontzeko gai garela pertsona jaio aurretik. Imajinatu gaitza errotik konpontzea lortu dugula, eta, gainera, gaitz hori ez dela ondorengoetara transmitituko. Hori horrela, belaunaldi gutxiren buruan gaixotasuna erabat desagertuko litzateke.

Zientzia-fikziozko film baten amaiera zoriontsua dirudi, ezta? Bada, oraingoz horrela bada ere, azken urteotan zientzialariak egiten ari diren aurrerakuntzei esker, pentsa liteke utopia hori aurki bihur daitekeela errealitate.

2013. urteaz geroztik, ikerketa talde ugarik sutsuki dihardute enbrioietan geneak modu kontrolatuan eraldatu nahian, CRISPR-Cas9 deritzon gene-ediziorako teknika erabiliz. Guraize edo artazi molekular izenez ere ezaguna den teknika horri esker, posible da genoma nahi den leku zehatzean moztea eta, ondoren, konpontzea. Euli enbrioiekin lortutako emaitza arrakastatsuen ostean, geneen eraldaketa bideratua arrain, sagu, arratoi eta tximu enbrioietan ere gauzatzea lortu dute.

Gainera, aurtengo udan, Nature aldizkari entzutetsuak lan bat argitaratu du, Zientzia-komunitatea gogor astindu duena. Hego Koreako, Txinako eta AEBetako hainbat ikertzaileren artean gidatutako ikerkuntza batek lehen aldiz frogatu du posible dela giza enbrioi gaixoak sendatzea CRISPR-Cas9 teknikaren bidez. Lan iraultzaile horretako ikertzaileak gai izan dira giza enbrioietan MYBPC3 genea konpontzeko. Kalkulatzen da 500 pertsonatik batek MYBPC3 genea mutatua duela. Hori dela eta, Kardiomiopatia hipertrofikoa pairatzen dute, hain justu kirolari gazteengan bat-bateko heriotza eragiten duen lehen kausa.

Baina, tamalez, azkenaldian gero eta sarriago gertatzen den bezala, segituan aireratu dira giza enbrioiekin egindako azken ikerkuntzako emaitzak zalantzan jarri dituzten ahotsak. Erakutsitako emaitzak saioaren arrakasta frogatzeko nahikoa ez direla irizten diote batzuek. Ebidentzia zuzenagoak exijitzen dituzte beste batzuek.

Komunitate zientifikoan piztu den liskarra hasi besterik ez da egin, eta ikusteko dago aurtengo ikerketa-lan garrantzitsuenetarikoa bertan behera geldituko den ala ez. Gertatzen dena gertatzen dela, ezin dugu ukatu ikerkuntza-ildo horren ibilbide laburra, oro har, oparoa eta arrakastatsua ari dela izaten. Horregatik, kontu etikoak alde batera utzita, uste dut noizbait jaiotzetiko gaixotasunak deuseztatzeko gai izango dela Zientzia. Egunetik egunera gertuago gaude eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.