Albistea entzun

KRITIKA. Antzerkia

Aramu-sarean harrapatuta

Agus Perez -

2022ko ekainak 1

'Armiarma'

Konpainia: Katiuska. Zuzendaritza: Idoia Gereñu. Antzezleak: Idoia Bengoetxea, Olatz Godoy, Xabi Gomez, Ander Malbadi. Lekua: Goaz antzerki taldearen aretoa (Deba). Eguna: Maiatzak 28.

Goaz antzerki talde historikoak 35 urte daramatza Debako Antzerki Astea antolatzen, eta aurtengo edizioan beren lokala ere baliatzearen aldeko apustua egin dute. Areto txiki bezain txukuna daukate, eta bertan ikusi dugu Tolosako Katiuska taldearen Armiarma antzezlana, aulki ia denak beteta zeudela.

Idoia Gereñu gidari edo arima duen taldeak era kolektiboan jardun du antzezlanaren sorkuntza-arloetan, testuak eta dramaturgia sortuz, musikak eta argiak aukeratuz eta jantzien zein elementu eszenikoen gaineko erabakiak hartuz. Eta emaitza eszenikoa, borobila izateaz gain, dramaturgia berrien eremuan koka dezakegu batere zalantzarik gabe.

Goaz taldeko arduradun batek amatatu ditu aretoko argiak, eta etengailuari eman baino lehen esan du: «Bueno, hastera goaz». Horrela gustatzen zaizkigu kontuak gure Euskal Herrian. Antzerkira joan gara, hau da, kultur ekitaldi jasoenetariko batera, baina ez dugu horregatik hitz potolorik entzun behar. Ekintzek egin dezatela berba, eta ez hitzek.

Ordea, antzerkian hitza da nagusi, eta eszenako alboetan eserita zeuden lau antzezleetariko bat —bi neska eta bi mutil izan dira— aulkitik altxatu eta hizketan hasi den unean bertan jakin dugu emanaldi kementsu baten aurrean geundela, eta egitate horrek gure animoak piztu eta bihotzak berotu ditu. Akabo proposamen epelak, fuera teknika erakustaldi ustez txundigarriak baina benetan hutsal eta aspergarriak! Hemen teknika dago —teknika landua, zinez—, hemen bi emakumeen eta bi gizonen presentzia eszeniko eztabaidaezina dago, hemen ez doa bakoitza bere aldetik bere luzimendu pertsonalaren bila. Hemen talde kohesionatu bat dago, bere ideia bikainak helburu baten zerbitzura jartzen dituena.

Esan bezala, Armiarma du izena antzezlanak, eta haren izendapenaz baliatuta, armagintzaz aritu dira gehienbat hainbat ekintza eszenikoren bidez. Eta bide batez, edozein langileren lan-baldintzez aritu dira, eta enpresek azken hamarkadetan izan duten bilakaeraz, enpresa-irudia zuritzeko teknikez, lanerako casting aurrefabrikatuez eta norberak bere buruaz daukan irudiaz. Ez da gauza makala gero Katiuskakoek taula gainera ekarri dutena!

Elementu eszenikoei dagokienez, krema koloreko txandal berdinak jantzi dituzte laurek, genero kontuak horrela ezabatuz, eta txapel koloredun politekin hornitu dituzte buruak. Sare zuriekin eta muleta birekin irudikatu dituzte noizean behin aramuen presentzia, eta erdiko zutabe batetik zintzilikaturiko flexoek armiarma handi baten mugimendua gogoratu digute.

Elkarrizketak, abestiak, bakarrizketa eredugarriak, irudimenezko hizkuntza batetik euskaratutako hitzaldi dibertigarria, pasarte koreografiatuak, umorerako tarte ugariak... denetarik gertatu da di-da batean igaro den ordubete horretan. Azkenik, euskararen tratamendua goraipatuko dugu, era pertinentean tartekatu direlako erregistro jasoa eta hurbila, Tolosaldeko hizkera eta euskara batua, denon gozamenerako, eta horrek balio berezia eman diolako berez bikain funtzionatu duen proposamenari.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

'Sublime' filmeko fotograma bat ©

Mariano Biasinen ‘Sublime’ filmak jasoko du Sabastiane Latino saria Zinemaldian

Iñigo Astiz

RTVEk Carlos Saura eta Cesc Gay egileen lan berriak aurkeztuko dituela ere iragarri du Zinemaldiak

 ©Idoia Zabaleta / Foku

Itzal jokoetan aritzea

Yasmine Khris

Ia berrogei urte daramatza Fernando Reyk itzulpen lanetan, italieraren eta euskararen artean. Lotsaz onartu du ez dela bidaiatu zalea, baina liburuak baliatzen zaizkio Danteren hizkuntzaren munduan murgiltzeko, betiere ofizioa ilunpean mantenduz.

 ©BERRIA
Alkaizaren eta Ibarzabalen arteko solasa udako 'Bertsolari'-n

Alkaizaren eta Ibarzabalen arteko solasa udako 'Bertsolari'-n

Berria

Haizea Beruete, Ana Galarraga, Balentin Larrea, Mateo Mujika eta Piarres Ibarrart ere izan dituzte aipagai aldizkariaren zenbaki berrian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.