Durangoko 51. azoka. Gogoetaren plaza

'Plazandre' terminorantz

Emakumeek zineman, literaturan, bertsolaritzan eta itzulpengintzan bizi duten egoera aztertu dute Iratxe Retolazak, Bego Montoriok, Ane Labakak eta Olatz Beobidek Gogoetaren Plaza solasaldi zikloko saioan.

Olatz Beobide, Ane Labaka, Aitor Abaroa, Bego Montorio eta Iratxe Retolaza, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Durango
2016ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Plazandre terminoa ez da existitzen. Plazagizona bai, baina haren baliokide femeninoa ez». Ane Labaka bertsolariaren esaldi horrek laburbil dezake atzokoan Gogoetaren Plaza solasaldi zikloan emakumezkoek kulturgintzan dituzten erronkei buruz egindako saioa. Nork bere alorretik egin zuen azterketa, baina puntu horretan kointziditu zuten Iratxe Retolaza literatur kritikariak, Bego Montorio itzultzaileak, Olatz Beobide aktore eta zuzendariak, eta Labakak berak. Kontzientziazioa aipatu zuen Montoriok, adibidez, plazandre terminoa normalizatzeko egin beharreko biderako ezinbesteko baldintzatzat. «Genero ideologia, pertzepzio eta kultura batetik kantatu, idatzi eta filmatzen dugu, eta horretaz jabetu behar dugu, kontziente izan behar dugu, eta orduan erabakiko dugu nola jardun nahi dugun. Kontziente ez bagara beti izango gara nagusiaren menpeko, eta, gainera, ohartu gabe».

Genero gaien lanketari dagokienez, abangoardia modukotzat hartu da maiz bertsolaritza, Labakaren hitzetan, baina atzo azaldu zuenez, inpresio hori ez da erabat zuzena ere. «Nik uste dut baietz, egoera osasuntsua izan daitekeela, baina datu horiek pixka bat zalantzan jartzea da nire asmoa». Azaldu zuenez, «tradizionalki gizonezkoek gizonezkoentzat eraikitako eremu bat» da bertsolaritza, eta «pitzadurak» sortzen ditu oraindik eremu horretan emakumezkoen ahotsak. Datu bat eman zuen desoreka horren frogatzat: «Bertso eskoletan mutilak eta neskak erdi eta erdi izaten dira, baina plazaz plazarako jauzia egin behar denean hor emakume bertsolari horiek, eskolan erdi eta erdi zirenak, desagertu egiten dira».

Orokorra izan zen diagnosi hori. Lau hizlariek onartu zuten emakumezkoen presentziak gora egin duela azken urteetan lau alorretan, baina, zehaztu zuten zailtasunak daudela oraindik prestigiozkotzat jotzen diren esparruetara heltzeko. Literaturan, esaterako, idazleen %30 dira emakumezkoak egun, eta, Retolazak zehaztutakoaren arabera, duela 15 urteko datuaren bikoitza da hori. Halere, agerikoa da kontrastea zenbaki horiek literatur generoka aztertuz gero. Handiagoa da emakumeen kopurua, adibidez, haur eta gazte literaturaren alorrean, salbuespenezkoa literatur saiakeran eta oso urria eleberrigintzan. «Nobelak du gaur egun prestigiorik handiena, baina hatzekin konta ditzaket nobela bat baino gehiago argitaratu duten emakumeak: Laura Mintegi, Arantxa Urretabizkaia, Itxaro Borda, Marikita Tambourin, Irati Jimenez, Lourdes Oñederra eta Alaine Agirre».

Eta antzera beste alorretan ere. Zenbat eta prestigiotsuagoa esparrua, orduan eta urriagoa emakumezkoen presentzia. Halaxe fikzioko film luzeen kasuan, halaxe literatur lanen itzultzaileen artean, eta halaxe bertsolaritzaren historian ere. Carmen Larrañaga ikerlariaren gogoeta bat aipatu zuen Labakak, adibidez: «Bertsolaritzaren definizioa sinplifikatu egin da, eta lotu da bakarrik plazaz plazako jardunarekin. Eta sinplifikazioak ahanztura dakar berekin».

Hain justu, ikus-entzunezkoen munduan lan egiten duten emakumezkoak ezagutu, ikusarazi eta saretzeko sortu zuten (H)emen Her(e) elkartea, Beobidek azaldu zuenez. «Sentitzen genuelako ikus-entzunezkoetan emakumezkoak ikusezinak ginela eta ezezagunak, baita geuretzat ere». Datu base bat egiten hasi dira horregatik, eta bazkide egiten dira bertan alor horretan aritzen diren emakumezkoak. «150 inguru bagara jadanik, eta gure asmoa da elkar ezagutzea eta sinergiak sortzea».

Txoriak hegan bezala

Etorkizunean egoera hobetuko den esperantza adierazi zuten lau hizlariek. Etsipen puntu bat ezkutatu gabe Montoriok, adibidez: «Berdintasuna lortzetik oso urrun gaude. Nik nahiko nuke etorkizunean mahai inguru bati Andrazkoak plazan izena jartzea izatea Txoriak hegan esatea bezalako zerbait, baina gehiago da esperantza benetako ustea baino». Ekintzaren alde egin zuen Beobidek: «Etorriko da egingo duguna». Eta ekitearen alde aritu zen Retolaza ere: «Guk egin dezakeguna da gure plazak sortu gure joko arauekin, eta joko arau horien bitartez komunitate bat zabaldu eta eragin beste plazetan, ikus dezaten joko arau interesgarriagoak badaudela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.