Gozatu bai, esan ere bai

Etxean eta kalean, berdin-berdin jolasean. Bertsoak eremu itxiak nahiz plazak betetzen ditu. Bestearen larruan jarrita edo norberaren baitatik abestuz, «gogoz» aritzea da gakoa.

Estitxu Eizagirre, Jon Sarasua eta Joseba Tapia hizlariak, Beñat Gaztelumendik gidatuta. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2015eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Bertsoa ahoz aho ibili zen atzo Miramar jauregian. «Nola transmititu herri kultura?» Galdera horri erantzuten saiatu ziren mahaiaren inguruan Jon Sarasua bertsolaria eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea, Estitxu Eizagirre bertsolaria eta Argia-ko zuzendaria eta Joseba Tapia musikaria eta musika irakaslea. Beñat Gaztelumendi bertsolariak gidatu zuen solasaldia.

Bertsoari balioa ematea dela garrantzitsuena uste du Eizagirrek, hau da, momentuaz gozatzen jakitea. «Besteen txaloarenbila ibili ordez, norberak bere burua baloratu behar du». Haren iritziz, mikrofonorik gabe eta ezagun izan gabe kantatutako bertsoek berdin balio dute.Hala, eremu txikietako jarduna plazakoa adina miresten du. «Kultura zerbait izan bada, anonimoa izan da. Orain, guztia sinatzeko obsesioa dago».

Tapiak argi du kulturak inplikazio politikoa izan behar duela: «Ofizioak maila kritikoa eskatzen du». Haren ustez, ez da garrantzitsua kantua edo bertsoa,haren bidez esan nahi dena baizik. 36ko gerra jarri zuen adibide gisa: «Estutasuna zuten, zerbait kontatzeko beharra; eta bertso bidez egin zuten». Zerbait kontatu nahi denean ikasitakoaz baliatzeko joera dagoela uste du. Sarasua ez dator bat Tapiarekin kontu horretan, bertso diziplinaren izaera horretarako oztopo dela argudiatuz:«Bertsoa da ezer esateko ez edukita ere itxurak egitea baduzula zerbait esateko».

Tapiak onartu zuen bertsoak baduela «magia» hori. Baina uste du arrisku bat duela horrek: «Aritu gaitezke aldeko eta kontrako jardunean ohartu gabe». Gainera, uste du zenbaiti horixe interesatzen zaiela. Hasi berri den BBK Live musika jaialdia ekarri zuen gogora: «Banku baten izena du». Haren arabera, gizartean kontsumoa eta entretenimendua nagusitu dira, eta, moderno izaeraren azpian, mezu politikoak ezkutatu egin dira.

Dena den, Sarasuak uste du beti daukala norberak bere ekarpena egiteko aukera. Hari horri tiraka, Eizagirrek proposamena egin zuen: gaiak jartzen hasi beharrean, norberak kontatzeko duen horretan erdigunea jartzea, hain zuzen. «Bestearen larruan sartzea ondo dago, baina, askotan, ez dakigu norberak esateko daukana zer den ere».

Sarasuak bat egin zuen Eizagirreren intuizioekin.Uste du garrantzitsua dela ikusaraztea herri mailako bertsolaritzak balio bat duela: «Barruan gertatzen dena da benetan interesgarria; tabernan, bertso eskolan, aisialdian...». Haren iritziz, mailaketa gogoetarako gaia da. «Bertso eskolak nora begira jarri behar dira? Elitera? Teknika irakastera?».

Profesionalak egotea ona dela uste du Sarasuak. Baina argi du denentzat lekurik ez dagoela eremu horretan. Horregatik, bertsoaren lehen iparra beste bat da, haren iritziz. «Bertso eskolen funtzioa herri eta eskualde mailako mugimendua elikatzea da. Hori ondo egiten bada, elitea berez etorriko da. Ez dago Realean bezala eskola berezi bat sortu beharrik elitea prestatzeko».

Heziketaz

Eskolaz gain, kalean, beste eskola bat dagoela uste du Tapiak. Adierazi zuen amateurrak ez duela zertan txarra izan: «Iparraldeko antzerki amateurra baino okerragoa da askotan Hegoaldeko antzerki profesionala». Maila interesatzen zaio berari. «Bertsolaritza zurrunbilo batean sartu da, eta antzerki merke asko ikusten dugu».

Eizagirrek bestela bizi du gaia. «Maila» hitzak ez du bere pentsamenduarekin bat egiten. «Zer da goi mailako kultura? Goi mailako artistak izan eta herritarrak horiei entzuten egotea? Hori da kultura?», galdera sorta egin zuen.Plazako bertsolaritza ez du zalantzan jartzen,baina bertsoak «gure bizitzako espazioak irabazi» behar dituela uste du.

Tapiak argi du herri kulturak, orain arte, balio hezitzaileak izan dituela. Uste du egun hori galduz doala, dibertsioaren mesedetan. Haren aburuz, «hainbeste gezur hedatzen den mundu honetan», jendeak iritzi kontrajarriak ditu, eta kultura transmititzen aritzen direnek konpromisoa izan behar dute horretan: «Norbaitek esan behar du gauzak nola diren». Adibide bat jarri zuen: «Zer da bertso ona? Sagardotegian, astean zehar, gizonak bakarrik biltzen dira, eta beti amaitzen dute bertsotan emakumeei buruz txisteak egiten. Hori ona da? Txisteek grazia dute? Esan behar da txarrak direla».

Sarasuak, berriz, euskal kulturgintza ideologia bat dela uste du. «Inkontzienteki sartzen zara hor, ohartu gabe; eta hortik irtetea ez da onartzen». Bertsolari Txapelketa Nagusian ideologia hegemoniko bakarra dela nabarmendu zuen: abortuaren kontra, eutanasiaren alde, parekidetasunaren alde eta politika abertzaleen alde. «Berdin pentsatu behar da gutxi gorabehera». Eizagirreren iritziz, «askeagoa» da eremu txikietan egiten den jarduna publiko jendetsuaren aurrekoa baino. Uste du «polita» litzatekeela bakoitzak bere ibilbidea kontzienteki egitea.

Bertsoa plazerez bizitzea da Eizagirreren nahia. Mezu politikoak sortzea Tapiarena. Sarasuak artearen funtsa zein den ekarri zuen gogora: «Gauza bat da teknika, eta beste bat, esateko zerbait daukanak teknika hori baliatzea. Hori da benetako artisautza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.