ATZEKOZ AURRERA. Ehsan Ullah Khan. Esklabotzaren aurkako ekintzailea

«Denda txikietan erosiz has daiteke desagertzen haur esklabotza»

Bizkaiko Batzar Nagusiei eta Eusko Legebiltzarrari eskaera bat egin die Ullah Khanek: haur langileen ekoizpenak saltzea debekatuko lukeen lege bat egiteko. Munduan aitzindaria litzatekeela dio, gainera.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Haur esklabotzaren aurkako borrokan nekaezina da Ehsan Ullah Khan (Gwadar, Pakistan, 1947). Lan behartuaren aurkako BMM eta BLLF mugimenduak sortu zituen 1967an eta 1980ko hamarkadan hurrenez hurren, eta Lahoreko adreilu fabrika bateko langileen baldintzak salatzeagatik atxilotua eta torturatua izan zen. 1995etik Suedian bizi da, errefuxiatu, eta azken hamar egunetan Euskal Herrian izan da arropa denda multinazionalen atzean dagoen esklabotza salatzeko kanpainaren barruan. Sindikatuekin, alderdi politikoekin eta instituzioekin ere bildu da, eta itxaropentsu dago.

Bilboko kaleetan Zara, H&M, Mango eta halako dendak ikusi dituzunean, zer pentsatu duzu?

Halakoetan beti saiatzen naiz ikusten zenbat jende dagoen barruan, eta kontzientziatzeko egiten ditudan kanpainek zer eragin duten neurtzen saiatzen naiz. Arazoa berez ez dira Zara, Mango edo antzeko dendak, modu azkar eta merkean arropa egiten duten konpainiak baizik. Horrek berarekin esplotazioa baitakar. Multinazional horiek hiltzaileak dira, haurrak esklabo egiten dituztelako, eta hori da egin daitekeen okerrena.

Kontzientzia kanpaina horrek zer eragin izan du jendearengan? Zer ikusi duzu?

Ni gustura nago aurrerapausoak ematen ari direlako, baina jakitun naiz kanpaina hau etengabekoa dela. 2013ko Rana plazako sarraskiaren ostean, Zarako ordezkariekin biltzera joan nintzen, Inditexen hornitzaileak zirelako bertako lantegiak. Asia eta Txinako ordezkariekin bildu nintzen.

Eta zer esan zizuten?

Zara konpainia on bat dela, eta ez zutela sekula haurren esklabotzaren inguruko ezer entzun. Are gehiago, ekologistekin eta Caritasekin elkarlanean ari zirela, eta galdetu zidaten zer egin zezaketen nire kausarekin bat egiteko. Haur esklaboak erabiltzeari utzi eta ekoizpena Espainian egin zezatela eskatu nien. Barrezka hasi ziren orduan, eta esan zidaten espainiarrak alfer hutsak direla.

Jendeak nola erantzuten du hori jakitean?

Jendeak kontzientzia aldatu du, eta uste dut Zarak apur bat galdu duela hedabide handien gainean zuen kontrola. Azken bidaia honetan, Euskal Herriko eta Espainiako sindikatu eta politikariekin egon naiz, eta jarrera aldaketa bat sumatu dut. Eskola batean sei ikaslek esan didate honen guztiaren irtenbidea denda horietan ez erostea dela. Hori aurrerapauso bat da, lehen haurrek erantzuten baitzidaten ez zegoela beste aukerarik. Denda txikietan erosiz has daiteke desagertzen haur esklabotza.

Baina Interneten gero eta arropa gehiago erosten da. Horrek ez du dena zailtzen?

Pausoz pauso joan behar da, eta gauza ezberdinak egiten saiatu. Une honetan aurrerapausoak badaude, eta gauzak aldatu daitezkeela ikusten dut. Sareko erosketek zerbait alda dezaketen? Bada, zerbait lapurtzen baduzu, berdin lapurtzen duzu sarean edo denda batean. Finean, esklabotzaren aurkako babesak behar dira.

Politikaren arloan zer jarrera sumatu duzu? Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean egon zara...

Euskal Herrira egin dudan bisita arrakastatsua izan da, lehen aldiz euskal politikariekin elkartu bainaiz. Injustizia hau amaitzeko legeren bat egiteko konpromisoa hartuko dutela esan didate Bizkaiko Batzar Nagusietan. Aholkua eman diet haur langileen ekoizpenak saltzea debekatuko lukeen lege bat sor dezaten, hori berritzailea izango baitzen. Munduan inon ez dute halako legerik bultzatu. Eusko Legebiltzarrean ere egon naiz, eta halako beste lege bat bultzatzeko ere eskatu dut han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.