ATZEKOZ AURRERA

Ez dago VAR-aren beharrik

Alberto Undiano Mallenco futboleko epaile ohiari eman diote Iruñeko Zapia, udalbatza osoak aho betez hala erabaki ondoren. Batasunaren Pribilegioaren harira eman dute saria, laugarrenez.

Enrique Maia Iruñeko alkatea Alberto Undiano Mallenco arbitro ohiari Iruñeko Zapia janzten. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Ez, ez da jokaldia berriro aztertzeko beharrik izan. Iruñeko udalbatzak aho batez erabaki du Alberto Undiano Mallenco futboleko epaile ohiari ematea Iruñeko Zapia. Batasunaren Pribilegioaren bestaren karietara udalak sari hori ematen duen laugarren aldia izan da. Bihar izanen da besta nagusia, baina atzo egin zuten atarikoa: arbitroari saria emateko ekitaldia.

«Klasikoak epaitzen nituenean ere ez zen hainbeste kazetaririk etortzen». Ez zen ekitaldi serioa izan, horren lekuko arbitroaren lehenbiziko hitzok. «Oso hunkiturik» jaso zuen Enrique Maia alkateak emandako saria: zapi gorria eta hiriko hiru burguen batasuna irudikatzen zuen eskultura. Iruñearen proiekzioan modu argi eta aktiboan eragin duten pertsonak omentzeko saria da zapia, eta, zinegotzien aburuz, arbitroak hori egin du, nazioarteko arbitro gisa.

Undiano Mallencok berak onartu zuen han eta hemen tokatu zaiola Iruñea zer den azaltzea. Ez hori bakarrik: «Iruñea hiri txikia da, eta askok ez dakite mapan jartzen ere. Atzerriko kazetariek, baina, beti egiten zidaten galdera bera: 'Zergatik zaudete hain ero Iruñean?'». Entzierroengatik izaten zen; beraz, sanferminez mintzatzea tokatu izan zaio.

Kontent zen; alde batetik, kiroletako epaileek askotan ez dutelako izaten horrelako omenaldirik. Bigarren mailan geratu ohi dira. «Normalki kazetariak ez dira arbitroez oroitzen. Tira, bai, baina haiei buruz gaizki hitz egiteko», bota zuen epaile ohiak. Hitz gutxiko diskurtsoa egin zuen, hiru minutukoa, baina onartu zuen ez duela «inoiz» ahantziko sariaren «detailea».

Maiak hartu zituen atzoko ekitaldi laburreko minutu gehienak. Orotara, 11 minutu iraun zuen sari emateak. Alkateak zorion hitzak izan zituen arbitroarentzat, eta Iruñearen eta Nafarroaren izena mundu guzian zabaldu izana eskertu zion. Telebistan arbitro nafarra esaten ziotela beti. «Ez zenuen keinu itsusirik inoiz egin. Ezta Paratu ezazu L-a kantatzen zizutenean ere», gogorarazi zion Maiak. Txantxetarako aukerarik ez zuen galdu alkateak: «Hemeretzi urtez justizia egin duzu zelaietan, edo saiatu izan zara, behinik behin», bota zion, bertaratutakoen irri artean. «Tira, ez zenuen VAR-ik». Undiano Mallencoren familiarekin ere gogoratu zen: «Maria, ez da erraza izanen arbitro baten emaztea izatea».

Euskara, jokoz kanpo

Udalbatza ia osorik agertu zennormalki gonbidatuak gehiago izaten diren ekitaldi horretan. Profil arras ezberdina aukeratu dute aurten Iruñeko Zapia emateko. Aurreko urteetan, Paulina Fernandez Mañueta txurro dendako jabea, Javier Pagola kazetaria eta Elisa Sesma, Pablo Sanchez-Valverde eta Mari Cruz Landa Nafarroan abortuak egiteagatik jazarriak izan ziren hiru ginekologoak izan dira Iruñeko Udalaren omenaldia jaso duten pertsonak.

Baina atzoko aldaketa nabarmenena hizkuntzari zegokion. «Egun on» eta «Iruñeko Zapia» hitzez landa, deus gutxi esan zuten euskaraz. Protokolo zuzendariak ere ez zuen orekarik bilatu, nahiz eta Maiak baino euskara gehiago erabili. Modu horretan, atzoko partidan ez zen izan berdinketarik Iruñean mintzo diren hizkuntzen artean. Jokoz kanpo utzi zuten euskara.

Bien bitartean, kanpoan burdina eta joan-etorri hotsak ziren nagusi. Erdi Aroko azoka prestatzen ari ziren. Gaur eta bihar irekirik izanen dira postuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.