ATZEKOZ AURRERA

Komuneko paperaren birusa

Herritar batzuk erosketak pilatzen ari dira egunotan. Komuneko papera egunero buktazen ari da zenbait saltoki handitan. Ohi baino dilista, esne eta pixoihal gehiago ere erosten ari dira.

Atzoko bi irudi: ezkerrean, kamioi batetik komuneko papera jaisten, Azpeitian; eskuinean, komuneko paperaren paletak hutsik, Gipuzkoako saltoki batean. BERRIA.
jakes goikoetxea
Usurbil
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Noizbait munduaren amaiera iragartzen baldin badute, ipurdia garbi, dilistak janda eta esnea edanda harrapatuko ditu euskal herritarretako asko. Edo armairuak komuneko paperez, esnez eta dilistaz beteta, gutxienez, egunotan egiten ari diren erosketak ikusita.

Urbil merkataritza gunea (Usurbil, Gipuzkoa), atzo. Eguerdia. Kanpoko aparkalekuan erosketak autoan sartzen ari ziren bi erosle. Biek zuten produktu bera organ: komuneko papera. Ez pakete bat, bi baizik. Bi pakete bider hamabi bilkari, 24 bilkari guztira. Bilkari bakoitzak 35 metro paper inguru dituenez, 840 metro komuneko paper erosle bakoitzak. Ez da Euskal Herriko fenomenoa, egunotan zabaldu denez, munduko hainbat herrialdetako saltokitan agortu baita komuneko papera.

Komuneko papera zergatik erosi zuen galdetuta, «badaezpada» erantzun zuen Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Anak. «Haurra etxean edukiko dut gutxienez bi astean, eta erosketak egitera egitera etorri naiz. Erosten ari nintzela, komuneko papera ere hartu egin dut. Ez da pentsatutako zerbait izan».

Merkataritza gunearen barruan, ostiral eguerdiak larunbata zirudien. Eroskiren saltokian jendea orgekin aurrera eta atzera, eta kutxazainak produktuak pasatu eta pasatu, etengabe. Bip, bip...

Anak zortea izan zuen. Garaiz ibili zen, komuneko paperaren hamaika paletak eta paleten gaineko apalak hutsik baitzeuden eguerdirako. Komuneko paperik ez, sukaldekorik ere ez, eta, haien faltan, jendeak paperezko mukizapiak hartzen zituen.

Komuneko papera ez zen agortu zen produktu bakarra. Dilistak eta babarrun gorriak ere bukatuta zeuden. Txitxirio batzuk baino ez ziren gelditzen, bai gordinak, bai egositakoak. Esnearenak huts samarrak zeuden. Moldeko ogiarenak ere bai. Pastarenak eta arrautzenak erdi hutsik. Produktu freskoen kaxak, beteta.

«Hemen dagoena dago», zioen, etsituta, esnearen apalak berriz betetzen ari zen langileak, ea esne gehiago jarriko zuten galdetzen ziotenei. «Gaur 10:00etarako dena beteta jarri dugu, eta begira nola dagoen... Munduaren amaiera al da, ba?».

Argazkiak ateratzera

Komuneko paperaren pasabidera hurbiltzen zirenetako asko ez zihoazen papera erostera, bezperan edo aurreko egunetan Whatsapp taldeetan eta sare sozialetan ikusitako irudiak benetakoak ziren egiaztatzeko baizik. «Jendea galtzetan kaka eginda dagoela dirudi», esan zuen txantxetan Jorge Sanchezek, sakelako telefonoarekin argazki bat ateratzen zuen bitartean.

Urbiletik kilometro bat eta bi biribilgune harago, Mercadonaren saltokian, antzeko egoera. Kanpoko aparkalekua beteta, barrukoaren goiko solairua ere bai, eta behekoa betetzear. Hesiak igota, erosleen joan-etorria errazteko.

Mercadonan ere, ostiral eguerdia larunbat. Erosleak sartu eta atera, eta langileak ere bai, hustutako apalak berriro betetzen. Korridoreetan erosleen orgak eta langileen palet beteak kabitu ezinik.

Komuneko papera, bukatuta. Sukaldekoa ere bai. Berriro ere, «badaezpada». Elenak hartu zuen azkenetako bat. Zergatik? «Ba, egia esateko, ez dakit zergatik, baina guztiak hartzen ari dira, eta neronek ere hartu dut. Gainera, iraungitzen ez denez, hor egongo da».

Mercadonan ere dilisten kaxa erraldoia hustear zegoen. Txitxirio mordoska bat geratzen ziren oraindik. Urbilekin alderatuta, pixoihalen apala hutsik. Esnea, hustear. Eta jendea esne gehiago ekarri zain. «Pazientzia pixka bat!», oihu egin zuen langileetako batek, plastikoz bildutako esne paletari plastikoa kentzen hasten hasi zen bitartean.

Urbilen eta Mercadonan bezala, komuneko papera bukatu egin zen hainbat saltokitan. Azpeitiko BMn, esaterako, kamioi bete komuneko paper eraman zuten. Bolo-bolo zabaldu zen, era berean, Olaberriko Carrefourreko irudi bat, erosle bat apaletara igota komuneko papera hartzen. Ohikoa izan zen merkataritza guneetan jende eta orga ilarak ikustea: Donostiako Garberan, Andoaingo Super Amaran (Gipuzkoa)...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.