ATZEKOZ AURRERA. Abraham Amezaga. Kalitatean espezializatutako kazetaria

«Diruak ez du dena erosten, eta eskerrak»

Amezagak eskola magistral bat emango du gaur Parisko Sorbona Unibertsitatean. Luxuaz ariko da, baina luxuari buruzkoak deseraiki nahi ditu. Nahiago ditu «kalitatea» eta «harmonia». Euskaraz darabiltza denak.
E. MORENO ESQUIBEL Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2020ko urriak 8

Vogue aldizkarian Mexikorako eta Latinoamerikarako editorea izan da hamar urtez. Elkarrizketak egin dizkie, besteak beste, Paco Rabanne eta Tommy Hilfiger diseinatzaileei, Keira Knigthley eta Demi Moore aktoreei, Elle McPherson eta Adriana Lima modeloei. Mundu osoan bidaiatutakoa da Abraham Amezaga (Bilbo, 1974). Elias Amezaga idazlearen biloba eta biografoa. Eskola magistralak ematen ditu luxuari buruz. Bai, luxuari buruz.

Nor da Abraham Amezaga?

Nik erantzun behar dut, gainera?

Ez baita erraza zure soslaia egitea.

Txikitatik kalitatearen atzetik dabilen eta segituko duen pertsona bat da Abraham Amezaga. Hasi dekorazio munduan, eta segi estetikaren liluran. Gaztetan hasi nintzen deskubritzen elegantzia zer zen, Bilboko Moyua plazan zegoen Loewe dendan. Liluratu ninduen.

Eta noiz sartu zinen lehenengoz?

Orduan, luxuzko dendetan ez zen edonor sartzen. Ni 15 urterekin ausartu nintzen. Perfume bat erosi nuen. Orduko 3.000 pezeta batzea lortu nuen, Elias Amezaga nire aitonaren laguntzaile gisa lanean hasi nintzenean. El Corte Inglesen eros nezakeen, edo lurrundegi batean. Baina esperientzia sentitu nahi nuen. Eta markatu ninduen. Bigarren erosketa xaboi bat izan zen, hirugarrena giltzatako bat... Horixe zen nire ilusioa: gauza txikiak edukitzea, baina kalitatezkoak. Luxuaren munduan, harmoniaren munduan sartu, eta igeri egitea.

Behin igerian hasita, Pariseraino.

Frantziako kulturarekin harremana izan dut txikitatik. Frantses filologiako lizentziaduna naiz. Lehendik estetikari eta gustuari buruzko interesa baduzu, pentsa zer zen Parisera etortzea. Hau luxuaren hiriburua da. Goi mailako joskintza hemen sortu zuen Charles-Frederic Worthek. Ordutik hona, gustu ona zaindu dute, kalitatea... Erabat seduzitu ninduen hiriak. Luxutik hurbilago sentiarazten nau.

Baina luxua zer zentzutan? Ez al da fribolo samarra garai hauetan luxuaz hitz egitea?

Nik luxua diodanean ez dut diferentzia esan nahi, ez dut probokazioa esan nahi. Nik luxua kalitatearekin lotzen dut, harmoniarekin.

Eta beste gehienok, diruarekin?

Eta ez da hala. Gaur egun Internet dago, beherapenak daude, outlet-ak daude, eta luxuzko materialerako askoz aukera gehiago daude.

Bada, beraz, luxu immaterialik?

Maite duzun pertsonarekin paisaia eder baten aurrean kopa bat edatea bada luxua. Asko dira luxu immaterialak; ikasi behar duguna da horietaz gozatzen.

Baina diruak dena erosten du.

Ez, ez da hala. Inola ere ez. Eta eskerrak. Diruak ez du edukazioa erosten, ez du kultura erosten; diruak ez du elegantzia erosten. Lekurik txiroenetan ikusi ditut nik pertsona eleganteak. Hitz egiteko moduan, mugitzeko moduan... Elegantzia transmititzen dute. Hori baita elegantzia: harmonia, bakea...

Luxua-dirua, luxua-fribolitatea binomio horiek apurtzearen alde zaude zu, nolabait?

Gabrielle Chanel Coco-k esaten zuen: «Batzuek uste dute luxua pobreziaren kontrakoa dela, baina ez: arrunkeriaren kontrakoa da».

Slow life delakoa aldarrikatzen duzu zuk. Zer esaten diezu ikasleei?

Bi hitzetan esaten diet: hartu denbora. Tom Ford diseinatzaileak esaten du luxuak bi direla: «Denbora eta isiltasuna».

Aitonaren zer oroitzapen duzu?

Langile sutsua zen. Hura da euskal herritarrei buruz gehien idatzi duen euskal herritarra. Haren Autores vascos bilduman 12.000 erreferentzia daude. Euskal Herriari utzi zion gazteleraz idatzitako euskal letrei buruzko lan oparoa. Euskaraz egin nahi zuen, baina ez zekien.

Zuk bai, eta ederki eusten diozu.

Euskaldun zaharra naiz. Ikastolan ikasitakoa, 14 urte nituen arte. Familian beti hitz egin izan dut euskaraz aitona-amonekin eta amarekin.

Eta orain luxuaz, modaz...

Beste alor bat da. Eta horretaz euskaraz hitz egiteak uste dut euskarari ere kategoria ematen diola. Beste hiztegi bat, beste gaitegi bat sartu behar dugu euskaran ere, naturaltasunez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Eskoletako Urmaelen Sareko kideak, Ataungo Joxemiel Barandiaran herri eskolako urmaelean, atzo. ©JON URBE / FOKU

Mundu bat putzu eginda

Enekoitz Telleria Sarriegi

Eskoletako Urmaelen Sareak lehen topaketa egin du Ataunen. Urmael bat sortzeak eta kudeatzeak dituen onurez eta proiektuak saretzeko beharraz aritu dira. «Laborategi natural batzuk dira».
1 ©- / EZEZAGUNA

Baratzeak loratzen duen guztia

Enekoitz Telleria Sarriegi

Hiri baratzeek gero eta erabiltzaile gehiago dituzte. Eskariak gora egin du, eta eskaintzari neurria jarri nahian ari dira euskal hiriburuetako udalak. Onurak baino ez dizkiote ikusten nola teknikariek hala erabiltzaileek.

Aktore protagonistak Nicole Kidman eta Hugh Grant. ©BERRIA

Burbuila bezain hauskorra

Mikel Yarza Artola

David E. Kelley estatubatuarrak 'The Undoing' telesaila aurkeztu du, 'Big Litte Lies' goratuaren ostean

Itziar Atienza, Aitziber Garmendia, Getari Etxegarai, Leire Ruiz, Naiara Arnedo eta Sara Cozar, filmaren grabazioan, Bizkaian. ©ERLAUNTZA

Umorez blaitutako ziztada

Nagore Arin

Zinema aretoetara iritsi da 'Erlauntza' ekoizpena, bi urtez antzokiz antzoki ibili ondoren. Sei emakume ditu protagonistatzat, eta ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herrian

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Enekoitz Telleria Sarriegi

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna