Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Harkaitz Martinez de San Vicente. Oreka TX-ko kidea

«Txalaparta musika jolas bilakatzea da»

Oreka TX musika taldeak 'Koklea' diskoa aurkeztuko du Gasteizko Aitzina Folk jaialdian. Urtebete igaro da diskoa egin zutenetik, baina gaur arte ez dira izan Araban. Taldekideak «ilusioz eta gogoz» daude.
JAVIER ETXEZARRETA /EFE Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2021eko urtarrilak 2

Gasteizko Aitzina Folk jaialdian ariko da OrekaTX taldea gaur. Añorgako Harkaitz Martinez de San Vicente (Donostia, 1975) bertako kidea da, eta adierazi du taldeak azken urteotan eginiko lanaren emaitza dela Koklea diskoa. Hain zuzen, Mixel Ducaurekin, Juan Jose Otxandorenarekin, Iñigo Egiarekin eta Mikel Ugarterekin batera osatzen du banda, eta kaleratu duten laugarren diskoa da.

Koklea lana aurkeztuko duzue gaur. Baina zer da, zehazki, Koklea?

Orain dela urtebete kaleratu genuen diskoa da, eta bandaren garrantzia nabarmentzen da. Ez da soilik txalaparta, baizik eta bandako bost kideok azken hamabi urteetan egindako lanaren esentzia barneratzen du diskoak.

Gainera, gonbidatuak ere baditu.

Diskoa abeslari gonbidatu batzuekin osatu dugu, baina zuzenekoak soilik instrumentalak dira. Gonbidatu horiek, gainera, jatorri ezberdinetakoak izan dira; bost hizkuntzatan aritu dira, eta diskoari kolore pixka bat eman diote. Proiektuan hauek ibili dira: Aziza Brahim sahararra; San Salvador, sei gaztek osatutako Okzitaniako ahots taldea; Emi Toko, Japoniako iparraldeko abeslaria; Monica de Nut galiziarra, eta Thierry Biskari euskal herritarra.

Hain zuzen, taldearen laugarren diskoa da.

Egia da egiten ditugun diskoen produkzioa nahiko mantsoa izaten dela, diskotik diskora beste proiektu batzuetan aritzen baikara sarritan. Hau laugarrena da, eta aurrekoa 2013an atera genuen. Zazpi urte igaro dira, baina bitarte horretan beste lan batzuetan murgilduta ibili gara. Esaterako, Tosta bandarekin hizkuntza gutxituen inguruko proiektu batean hartu genuen parte, baina ilusioa egiten digu gure taldean sortutako proiektuak plazaratzeak.

Nondik dator diskoaren izena?

Disko batean ez dago soilik musika: azala ere pentsatu behar da. Horri buelta batzuk ematen genbiltzala, ondorioztatu genuen txalapartaren makilari eustean eskuak itxita osatzen duen kiribilak Fibonacciren espiralaren edo ondorio matematiko horren zentzua duela. Erabiltzen dugun txalapartak ere exijitzen du konpas banaketa bat, eta, sarritan, oso matematikoa den zerbaitetan sartzen gara. Ideia hori gehiago garatu, eta deskubritu genuen koklea belarrian dagoen hezur kiribil bat dela, oso garrantzitsua oreka mantentzeko, hor transformatzen direla inpaktu fisikoak eta uhinak, eta horri esker garela entzuteko gai. Iruditu zitzaigun hezur horrek batzen duela aipatutakoa; baita oreka zein musika entzuteko eta gozatzeko gaitasuna ere.

Eta zer da txalaparta zuentzat?

Txalaparta gauza askotarako erabiltzen dugu, eta garai bakoitzean gauza batzuek beste batzuek baino garrantzi handiagoa izan dezakete, baina, oinarrian, gozamena dago. Guretzat, esentzian, txalaparta disfrutatzea da, eta musika jolas bilakatzea. Egia da, ordea, gerora pixka bat profesionalizatu, eta lanbide eta bizimodu ere bilakatu dela, eta baita bidaiatzeko aukera bat ere.

Aurten ezin izan duzue bidaiatu.

Urte berezia izan da, eta batez ere Euskal Herrian aritu gara. Jazzaldian eta Getxo Folken egon ginen, eta herrietan. Baita Madrilen ere. Jendeak egin digun harrera ona izan da, eta sorpresaz ere hartu dute zenbaitek, zuzenekoak, agian, baduelako txalapartaz gain, indarra.

Nola egon zarete hilabeteotan?

Musikari batzuek badute irudipena diskoa aurkeztu berritan zahar gelditu zaiela, ez dutelako aurkezteko aukerarik izan. Guk motel egiten ditugu lanak, eta oraindik fresko dago. Gainera, nahiz eta ziurgabetasunez bizi azken hilabeteak, gauza politak ere ekarri ditu. Dinamika batean sartuta gaude, baina ezberdintasun honek zein ezberdin bilakatzen duen egun batean kontzertu bat edukitzea. Lehen bat gehiago zena zerbait ezberdina da orain.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©GUILLAUME FAUVEAU

«Galtzagorriak behar ditugu. Indar hori, euskaldunak, galtzagorriak gara»

Ainize Madariaga

Libe Goñi Garatek eta euskarak gorputz bakarra osatzen dute. Seaskako lehen andereñoa izan denak bizia eman du bere artatzen eta transmititzen. Olentzero, taloak, kantua eta dantzak ere zabaltzen aritu zen. Orain, reiki irakaslea da.
Bi pertsona, animaliei begira, Zumas behatokitik. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Hezeguneko sinergia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Landareek eta hegaztiek bat egiten dute Gasteizko Salburua parkean, eta bizia ematen diote hezeguneari. Ataria interpretazio zentroak natur ibilbideak eskaintzen ditu.
Ilaski Serranok eta Saioa Martijak Martxoaren 8ari buruzko <em>Ahoz aho</em> berezia prestatu dute bihar arratsalderako. ©ETB

Martxoaren 8ari lotutako makina bat saio izango da ikusgai egunotan

Urtzi Urkizu

ETB1en 'Ahoz aho' berezia egingo dute bihar. Hamaika telebistan emakume arrazializatuen inguruan arituko dira bihar, 22:00etan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.