ATZEKOZ AURRERA. Guillermo Menendez. Komikigilea

«Oinarri historiko sendoa behar da ahaztua lurpetik ateratzeko»

Memoria historikoa eraikitzeko bidean, 'Milicias Vascas Antifascistas' komikia argitaratu du Menendezek, Sare Antifaxistaren laguntzarekin. Espainiako gerrako pasarte ezezagun bat du kontagai.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Espainiako militar matxinatuek estatu kolpea eman zuten 1936an, eta zenbait euskal herritar miliziak antolatzen hasi ziren Madrilen, ideologiei men egin gabe. Guillermo Menendez Quiros ilustratzaileak (Langreo, Asturias, 1994) Milicias Vascas Antifascistas (Euskal milizia antifaxistak) komikian kontatu du gertakari hura. Unibertsitateko ikasle gipuzkoar bat du protagonista kontaketak, eta hausnarketa pertsonalak eta pasadizo historikoak nahasten dira. Sare Antifaxistarekin elkarlanean argitaratutako lanaren bidez, Menendezek istorio hori ezagutarazi eta zabaldu nahiko luke. «Interesgarria litzateke dibulgaziorako material bihurtzea eta ikasgeletara iristea». Egileak aurreratu du aste gutxi barru aterako dela euskarazko bertsioa.

Historiako pasarte ezezagun bat ilustratu duzu.

Lurperatuta dauden Espainiako Gerrako beste hainbat istorio bezalakoa. Dibulgazio eta memoria historikoko lan hauek istorio horiek lurpetik atera nahi dituzte.

Memoria ariketa bat da.

Zalantzarik gabe. Halaber, ariketa hori kalitatezkoa izan dadin, oinarri historiko sendoa behar da ahaztua dagoena lurpetik ateratzeko. Bestela, memoria errebisionista egingo genuke.

Zergatik komiki formatuan?

Komikia izatea, nolabait, erakargarriagoa izan daiteke. Hizkuntza bisualera ohituta gaude, eta irudiek eta gertaeren ilustrazioek lagundu egiten dute eleberri luzeak irakurtzen ohituta ez dagoen jendea halako istorio batean murgiltzen.

Komiki politikoa da.

Politikoa da; izan ere, beti da ekintza politikoa nahita lurperatutako gertaerak lurpetik ateratzea. Tonu antibelikoa du; garrantzitsua da jendeari argi uztea gerra beti tragedia bat izango dela. Hori ez dut ahaztu komikian egin ditudan orrialdeetan.

Nori zuzenduta dago?

Publiko guztientzat da. Ez da komikia infantilizatu behar. Espainian, izan duen ibilbidea dela eta, ez du Frantzian izan dezakeen begirune bera, adibidez. Halaber, komiki hau nahiko kontakizun gordina da. Ez naiz moztu gerraren gordintasuna kontatzeko orduan.

Zergatik da garrantzitsua memoria historikoa lantzea?

Nolabait, justizia egitea eta sozialki lan garrantzitsu bat egitea da; une honetan gure historia gogora dezagun, iraganeko akatsak errepika ez ditzagun eta nor garen eta nondik gatozen gogoan izan dezagun.

Zer ekarpen egiten dio komiki honek memoria historikoa eraikitzeari?

Gertakari historiko ezezagunak ezagutarazten ditu, kutsu interesgarriak emanez. Ikuspegi batetik ikusita, garai hartan Espainiako Gobernuaren aintzatespena zuten herrialde biren arteko historia internazionalista eta solidariotzat jo daiteke. Gainera, erakusten du nola nazionalismoa bezain polemikoa den zerbaitek indarrak batzera bultza dezakeen, etsai komun bati —faxismoari— aurre egiteko.

Arte Ederrak ikasi dituzu. Alde historikoan nola trebatu zara?

Historia asko interesatzen zait, baina egia da ez dudala prestakuntzarik. Lan honetarako ezinbestekoa izan da Carlos Iriarte Madrilen bizi den historialari gazte gipuzkoarraren laguntza. Kontakizunaren orraztaile historikoa izan da, eta, hari esker, komikia oso ondo oinarrituta dago.

Zure ukitu pertsonalarekin.

Carlosek gertaera historikoak erraztu dizkit, eta zalantzak argitu, zorroztasun historikoa izateko. Baina ez da binetara eramandako kontakizun historiko bat, berrikuntza bat baizik. Ukitu pertsonala du protagonistari bizia ematean eta gertakari historiko jakin batzuk kontatzeko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.