Donostiako aste nagusia

«Kantatzea barruan dudana botatzea da»

Kontzertu bat emango du gaur Donostiako Aste Nagusian Larrañagak. Neo-soul doinuetan murgilduta, lehenengo diskoko eta lan berriko doinuak entzuteko aukera egongo da Bulebarrean.

BERRIA.
Iraia Irazusta Mujika.
2022ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Bigarrenez emango du Donostiako Aste Nagusian kontzertu bat Ainhoa Larrañaga musikariak (Hernani, Gipuzkoa, 2000). Gaur izango da, 23:30ean, Bulebarrean.

2016an hasi zen musikaren eta antzerkiaren munduan, Go!azen telesailarekin, eta, ordutik, ez da geratu. 2020an, lehenengo diskoa kaleratu zuen, Eskuminak, baina, pandemia medio, ezin izan zuen nahi bezala aurkeztu. Orain, antzerkian erabat murgilduta egon arren, musika beltza oinarri hartuta, Medusa izeneko bigarren diskoaren prestaketa lanetan dabil hernaniarra.

Ez da Donostiako Aste Nagusian kantatuko duzun lehenengo aldia. Urduri zaude?

Bai, bigarren aldia da. Hala ere, lehenengoarekin alderatuta, desberdina da niretzat, lokalizazioa desberdina delako. Bulebarrean izango da kontzertua, eta horrek ikusgaitasun handiagoa ematen duenez, urduritasuna ere handiagoa da.

Zer musika estilo entzungo dute kontzertura joaten direnek?

Estiloari dagokionez, neo-soul, R&B, musika elektronikoa... entzungo dute. Londresen entzuten den afro musika mugitua egiten dut, batez ere kultura beltzetik datorrena. Lehenengo diskotik aldaketa egin dut.

Zein musikari izango dituzu zure alboan?

Chickjuarez, nire ekoizlea, pianoan egongo da, eta, harekin batera, haren jazz taldeko partaideak ere etorriko dira.

Imajinatzen duzu zeure burua Saguesen kontzertu bat ematen? Gustatuko litzaizuke?

Gustatu baino gehiago, ohore bat izango litzateke niretzat, amets bat. Hala ere, oraindik nahiko urrun ikusten dut. Saguesen zerbait aurkezteko aukera izango banu, ikuskizun edo performance bat, bizitzaren opari bat izango litzateke.

Euskal Herritik kanpo eman duzu kontzerturik? Nahiko zenuke?

Oraingoz, ez naiz kanpora joan. Baditugu gauzak prestatuta, baina oraindik ezin da ezer baieztatu. Pixkanaka zabalduz joatea gustatuko litzaidake; lehenengo, Madrilera iristea, eta, ondoren, gehiago zabaltzea, Herbehereak, Mexiko... baina, esan bezala, oraingoz ez dago ezer itxita.

Oraingoz, disko bat duzu. Hala ere, bigarrena bidean da, ezta?

Bai, hala da. Bigarrena prestatzen gabiltza, proiektu handia daukagu esku artean. Lehenengo diskoa nahiko kantautore estilokoa izan zen, eta bigarrenarekin zerbait desberdina egin nahi dut, bereziagoa. Estilo aldetik, aldaketa izango du. Horrez gain, agertoki batean aurkeztea gustatuko litzaidake. Oraingoz, hainbat kanta kaleratu ditugu, jendeak jakin dezan hurrengo proiektuak nondik joko duen.

Abesteaz gain, antzerkia ere egiten duzu. Zer gustatzen zaizu gehien?

Beti egiten didaten galdera da, eta beti berdina erantzuten dut: nire ustez, kantatzea barruan sentitzen dudan hori botatzea da; antzerkia, berriz, erabat desberdina iruditzen zait; niretzat, antzerkia jatea da. Pertsonaia bakoitzetik ikasten dut, eta horrek elikatu egiten nau. Biak hain desberdinak izanda, ezin dut bat aukeratu.

Zaila da musika eta aktore lana uztartzea?

Gaur egun, bai. Aktore lanak kontzentrazio eta diziplina handia eskatzen du, ordutegiak betetzea, beti prest egotea... eta askotan horrek guztiak musika egiteko denbora kentzen dit. Oraintxe, aktore lanetan murgilduta nagoenez, konposatzeko denbora gutxiago dut, baina, denboraldiak izaten direnez, helduko diot berriz musikari.

Etorkizunera begira, zer egitea gustatuko litzaizuke?

Olentzerori zer eskatuko diot? Horixe da galdera hau niretzat. Asko gustatuko litzaidake zinema egitea. Prestigio handiko industria iruditzen zait, eta benetan zoragarria izango litzateke, noizbait, hori probatzeko aukera izatea. Ingurukoak hasi dira, eta asko txunditzen nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.