Bilboko Aste Nagusia. ATZEKOZ AURRERA. Tomas Lizarazu Gonzalez. Bulego taldeko abeslaria

«Musikaz gain, zerbait gehiago eskaini nahi diogu entzuleari»

Bulego taldea 2019tik ari da nazioartean ohikoak diren erritmoak Euskal Herrira ekartzen. Musikaz haratago doazen proposamen artistikoak Bilboko Aste Nagusiaren parte izango dira bihar.

Bulegoko kideak. Erdikoa da Lizarazu, kamerari so dagoena. BARBARA FDEZ. / BULEGO.
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Bulegok lehen abestia argitaratu eta gutxira itxialdia heldu zen, eta bi urte igaro dituzte kontzertuak ahal zituzten moduan egiten. Tomas Lizarazu Gonzalez abeslariarentzat (Azkoitia, Gipuzkoa, 1993), oztopo horiek bide eman diete «taldeko filosofia eratzeko». Bihar, 23:30 aldera egongo dira Abandoibarrean.

Nondik dator Bulego?

Bulegoren parte garen bost musikariak aurretik beste proiektu batzuetan egon ginen elkarrekin. Proiektu horiek ez zituzten gure premiak ase, eta erabaki genuen hutsetik proiektu berri bat sortzea, musikaz gain bestelako arte diziplinak eskaintzeko.

Aurreko proiektuek zergatik ez zituzten zuen premiak ase?

Gauza oso ezberdinak egiten genituen; handik eta hemendik hartzen genituen erritmoak eta estiloak. Abestiak collage bat ziren. Alde musikalari dagokionez, beste interes batzuk genituen: sintetizadoreak eta perkusio elektronikoa. Atzerrian ohikoak ziren soinuak. Musikaz gain, beste zerbait gehiago eskaini nahi genuela konturatu ginen. Bizkarrezurra musika da, baina inguruan hainbat arlotako profesionalak biltzen saiatu gara proiektu osoago bat eratzeko.

Nolakoa izaten da zuen sortze prozesua?

Kantuak idazteko orduan bizipenak, esperientziak edo mugitzen nauten gauzak bilatzen ditut. Saiatzen naizenean kantuak idazten, momentuan jendeari zer gustatzen zaion erreparatuz, kantu hutsalak lortzen ditut soilik. Gure izarrak kantua idazten nenbilela, esaterako, nire amona hil zen, eta hari zuzendutako abestia egitea erabaki nuen. Oso barrutik irtendako abestia da, eta, egun, kontzertuetan jotzen dugunean, jendeak negar egiten du, besarkatu egiten dute elkar... Momentu oso intimoa eratzea lortzen dugu.

Esperimentazioa eta gauza berriak egitea Bulegoren parte da baita ere. Proiektu horietatik zein gustatu zaizu gehien?

Gehien disfrutatu dudana eta bereziena izan dena Gure izarrak kantuaren aurkezpena da. Niretzat, orain arte egin dugun gauzarik ederrena. Pandemia erdian kaleratu genuen kantua, eta aurkezpen bira bat egin genuen zahar etxeetan. Egoitzetan baldintzak oso gogorrak ziren; guretzat zaila izan bazen itxialdia, haientzat are gehiago, neurri askoz zorrotzagoak zituztelako. Langileak soilik sartu eta irteten ziren, bisitak mugaturik baitzeuden. Musikaren munduan estrategiak zenbakiei begira egiten dira, entzule kopururik handiena lortu ahal izateko. Baina hau justu kontrakoa izan zen. Ikusi genuen argi izpi batzuk behar zituzten pertsonak zeudela. Horregatik, Instagram eta Spotify alde batera utzi, eta taldeko bi kide joan ginen adineko egoitzetan dauden nagusi eta langileentzat kontzertuak ematera. Antolatzeko zailtasunak izan genituen egoera zela eta, baina moldatu ginen distantzia handiak mantenduz eta gitarra eta bozgorailu txiki batekin egiteko. Izugarria izan zen; jendeak bihotz-bihotzez eskertzen zigula nabaritu genuen.

Zer dute berezi kontzertuek?

Kontzertuekin esperientzia oso polita bizi dugu. Aurreko proiektuetan askotan jo dugu jende aurrean, baina Bulegorekin gertatzen zaiguna ez zaigu inoiz gertatu. Euskal Herriko edo kanpoko edozein herritara joan eta jendea gure kantu denak abesten eta dantzatzen ikustea izugarria da. Hor sortzen den energia sari bat da guretzako. Beti amestu dugu horrekin.

Zer izan da kontzertu batean gertatu zaizun gauzarik bitxiena?

Iruñean jo genuenean, 99 urteko emakume bat etorri zen kontzertura. Askotan esaten dugu musikak jendea batzeko balio duela. Kontzertu berean 12 urteko eta 99 urteko bi pertsona egon daitezke gauza beraz gozatzen. Musikak jendea batzeko indar hori du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.