ATZEKOZ AURRERA. Isabel Arguelles. Bizikume elkarteko kidea

«Errepidetik goaz lekua aldarrikatzeko»

Gehienetan bizikletan doa Arguelles, eta sendabelarrak identifikatzeko eta erreka garbitzeko ibilaldiak egiten ditu: «Askotan egun bakarrean sei zabor zaku handi jasotzen ditugu errekatik».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Duela bost urte berreskuratu zuen bizikletazaletasuna Isabel Arguelles Bizikume elkarteko kideak (Iruñea, 1959). Bizikletan ibiltzen diren emakumeentzako elkarte bat da Bizikume, eta, ezagutu zuenetik, Arguelles ia egunero ibiltzen da bizikletan. Sendabelarrak ezagutzeko ibilbideak egiten ditu bizikletan, eta Olatzagutiko (Nafarroa) Burunda erreka garbitzen aritzen da larunbatero. Iruñeko Emakumeen Etxean sendabelarrak aztertzeko tailerra eman du berriki.

Gauza asko egiten dituzu bizikletaz; nondik datorkizu zaletasuna?

Txikitatik. Bi neba ditut, eta gurasoek denontzako bizikleta bat erosi ziguten. Gaztaroan beldurra ematen zidan Iruñetik zehar bizikletan ibiltzeak, baina orain hirian ibiltzeko bizikleta xume bat daukat.

Nola piztu zitzaizun gogoa?

Duela bost urte Bizikume elkartea ezagutu nuen, eta gogoa piztu zitzaidan Erkudenek [Almangro] lasaitasuna transmititu zidalako. Gauza asko antolatzen ditugu, eta sarea sortzen dugu.

Egunero hartzen duzu bizikleta?

Astean bost egunetan, gutxienez.

Zer-nolako bideak daude Iruñerrian barrena joateko?

Bidegorritik noa, baina errepidetik ere bai. Legearen arabera, lehen espaloitik joan beharko ginateke, baina orain debekatuta dago. Hortaz, ahal denean, errepidetik goaz gure lekua aldarrikatzeko. Bidegorria dagoenean, hortik noa, baina leku gehienetan ez dago. Media Luna parkekoa zaharrena da; jendez lepo dagoenez, kontu handiz ibili behar zara, istripu asko daudelako.

Sendabelarrak ere gustuko dituzu; nondik datorkizu zaletasuna?

Txikia nintzenean ziza bila joaten nintzen aitona-amonekin; ordutik, beti ibili naiz landareekin. Hasieran, entziklopedian edo hiztegian begiratzen nituen; gero, Laura Gurbindo emakume oso jakintsuak gauza asko irakatsi zizkidan.

Sendabelarrak identifikatzeko paseoak egiten dituzu bizikletan. Nola egiten duzue?

Bizikletak hartzen ditugu, eta, egunaren arabera, toki batean edo bestean geldialdi bat egiten dugu. Bertan azalpen txiki bat ematen dut, eta landare bila goaz. Aurrekoan,Ziudadelara joan ginen, baina ez genuen sendabelarrik ikusi. Ostean, Taconerara joan ginen eguzki bila, aurreko egunean ikusitakoa azaldu nien, eta zuhaitzei buruzko sekretuak kontatu nizkien.

Zeintzuk dira aurkitzeko gakoak?

Gehienetan, landatuta daude; hortaz, txokoak ezagutu behar dituzu. Zaldi Zurian batzuk ikus daitezke; beste batzuetan, bide ertzean daude. Hala ere, hirian topatzen ditugunak normalean ezin dira erabili, nahiz eta hiri txikia izan, kutsadura handia delako.

Burunda erreka garbitzen ari zara; nola egiten duzu bizikletan garbitzeko?

Martxoan hasi ginen, eta, ordutik, larunbatero joaten gara. Ezin badugu larunbatean, astelehenean joaten gara. Herriko plazan [Olatzagutia] geratzen gara bizikletarekin. Hiru lagun izaten gara; horietako batek hobeto ezagutzen dituenez bidezidorrak, berak eramaten gaitu. Neoprenoa janzten dugu, eta uretan sartzen gara.

Nola mugitzen duzue jasotzen duzuen zaborra?

Batzuetan, piraguan joaten gara, eta, zaborrak asko pisatzen duenez, gainean jartzen dugu, eta, beste batzuetan, arrastaka eramaten dugu.

Zabor asko jasotzen duzue?

Pila bat; azken aldian hiru zaku handi jaso genituen. Askotan, egun bakarrean sei zabor zaku handi jasotzen ditugu errekatik.

Zer-nolako gauzak dira?

Batez ere, antzinako gauzak; hala nola abeltzaintzarako erabiltzen zituzten plastiko lodiak eta burdinazkoak. Gaur egungoak gutxiago, agian kontzientzia handiagoa dagoelako.

Zer egiten duzue jasotakoarekin?

Mankomunitatera eramaten ditugu, baina esaten digute ez dela haien ardura. Hala ere, azkenean beti hartzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.