Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Iruindarren euritakoak dantzan

Iruñean San Saturnino eguna ospatu dute, aterkien azpian. Erraldoirik eta prozesiorik gabeko hirugarren urtea izan da herritarrentzat, baina euriaren azpian kantuan jarraitu dute.
Duguna taldeko dantzariak San Santurnino egunean, atzo, Iruñean.
Duguna taldeko dantzariak San Santurnino egunean, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itsaso Jauregi -

2022ko azaroak 30 - Iruñea

Erraldoien ordez euritakoak atera ziren dantzatzera. Euri tantak izan ziren dantzari berri horien soinu banda, eta arkupeak babesleku bihurtu ziren iruindarrentzat. Halakoren batean eguraldia aldatuko zelakoan, Iruñeko Udalak antolatutako programa beteko zelakoan, herritarrek zerurantz begiratzen zuten, euria geldiarazi nahian. Hala ere, ospakizuna ur putzuen artean egitea erabaki zuten. San Saturnino eguna ospatu zuten atzo, Iruñeko patroiarena, eta arkupeetan kantuak nagusitu ziren.

Ez zen posible izan. Erraldoiak gordeta geratu ziren, uztailera arte behintzat, iruindarren jantzi zuri-gorriak bezala. Haur batek Toko-Toko erraldoiaren panpina zeraman eskuan Francisco Seminario pasabidean sartu zenean: «Erraldoiak ikusi nahi zituen, batez ere Toko-Toko», esan zuen haren aita Jose Luis Belaskok. Hala ere, pasabidean bertan, Belaskoren semeak entretenimendua aurkitu zuen. Sanferminetako kaleetan ohikoak diren abestiak zabaldu ziren Seminario pasabidearen barnean, eskaileretan igota zeuden musikariei esker. Done Saturdi patroiaren omenezko prozesioa ezin izan da egin azken hiru urteetan; beraz, herritarrak adituak dira ordezko ospakizun bat antolatzen.

Korridore estu eta luzea jendez bete zen berehala; gehienak helduak, musikariak beren ahotsekin gainditzen zituztenak. Umeek zur eta lur begiratzen zieten gurasoei, abesti guztiak ezagutzen zituztelako. Are gehiago txunditu ziren handik igaro ziren turista alemanak: aurpegian argi ikusten zitzaien ez zutela guztiz ulertzen kaleko giroa.

Euritakoa eskuan atera ziren batzuk San Zernin elizatik, berokia berriro jartzen zuten bitartean itzuliz kale hezera. Arkupean babesturik, Duguna taldeko dantzariak zeuden, sudurra gorriturik eta etengabe mugitzen, berotu nahian. Bat-batean, isiltasuna eskatu zuen zuzendariak, eta gauza bakarra entzuten zen: euri tantak lurzoruan. Enrique Maia alkatea elizatik ateratzean, txistu egin zioten balkoietatik. Udaletxeko bidea hartu zuen.

Kalean gora

Meza kontuetatik urruti, akordeoiek bete zuten Gazteluko plaza. Ikusi mendizaleak kanta abestu zuten plazan bildutako taldean, erdian kokatu zen gizonaren zuzendaritzari jarraituz. Orkestra zuzendaria balitz bezala, makila zuri eta gorri batekin gidatu zituen abeslariak.

Hasieran, zirimiria egiten zuen, eta ausartenak aterperik gabe kantatzen hasi ziren. Baina, berehala, aterpean lekua lortzeko borroka hasi zen. Aterpean sartu ziren horietako bat Bego Gartzia zen. Kantuz kantu liburuxkan abestien hitzak irakurtzen ari zen: «Oraindik ez dut euskaraz ongi hitz egiten, baina abesti hauek entzutea gustatzen zait». Kalean gora kalean behera abestia hasi bezain pronto, Gartziak liburuxka gorde, eta, besteekin batera, arkupetik gora eta behera ozenki abestu zuen: «Abesti horren letra nahiko erraza da», esan zuen emakumeak, irribarre zabal batekin, abestia amaitzerakoan.

Azkenean ez zuen atertu, eta herritarrak kaleetan zehar ibili ziren putzu batetik bestera plisti-plasta. Euria ez zen gelditu, eta kantuak ere ez zuen etenik. Izan zen eguraldiari aurre egiteko beste modurik ere. Carlos Ezkurrak euritakoa gorde zuen, txapela kendu, eta taberna batean sartu zen: «Eguraldi txarrari aurre egiteko, onena, pintxo bat hartzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Altsasun Momotxorroak aterako dira otsailaren 21ean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Baina noiz dira aurten inauteriak?

Edu Lartzanguren

Goiztiarrenak hasita daude, eta azken Maskarada saioa apirilaren 22an egingo dute, Maulen. 'Dantzan.eus' webguneak 2023ko inauterien egutegia paratu du.

Joel Diaz aurkezle eta umorista ©Vilaweb

TV3eko ‘Zona Franca’ kolokan da, aurkezleak saioa utzi eta gero

Urtzi Urkizu

Joel Diaz aurkezleak ez ezik, Magi Garcia umoristak ere laga du saioa. Egunotan ez dira saioa ematen ari. CUPek TV3eko zuzendariaren dimisioa eskatu du.

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Donostian inauteriak San Sebastian egunean hasten ziren»

Amaia Jimenez Larrea

XIX. mendean Donostiako inauteriak nolakoak ziren azaltzen duen liburu bat atera du Juan Antonio Anterok. 16 urte zituenean izan zuen lehen harremana inauteriekin, eta geroztik ez ditu alde batera utzi.
Inauterietako eguna ospatu dute Iturenen

Udaberriak ekarri duen soinua

Itsaso Jauregi

Inauterietako eguna ospatu dute Iturenen, eta joaldunek eta mozorroek hartu dituzte herriko kaleak. Tradizioari jarraituz, zubietarren eta aurtiztarren joareak elkartu ziren atzo; gaur, iturendarrek bisita itzuliko diete.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.