ATZEKOZ AURRERA. Ander Gillenea. Fotokazetaria

«'Eta hau guztia hemen gertatu da?', galdetzen didate. Hau, eta gehiago»

Euskal Herriko gatazkaren zurrunbiloan «ikusitakoa eta bizitakoa»: hori da Gillenearen 'Gure historiako pasarteak' argazki proiekzioa. «Badirudi gauza batzuk ez ditugula ikusi nahi, baina ezagutu behar dira».

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2023ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Argazkilariei ez zaie gustatzen argazkietan ateratzea, baina salbuespena egin du Ander Gilleneak (Donostia, 1969). Bostok Photoko kidea da, eta AFPko argazkilaria. 1990etik 2018ra ateratakoak ari da erakusten Gure historiako pasarteak argazki proiekzioan, eta ezustekoak topatzen ditu oraindik negatibo zaharren artean. Tolosako (Gipuzkoa) kultur etxean du hurrengo saioa, apirilaren 26an (19:00). 

Euskal gatazkaren atzera begirakoa bada, argazki asko dira...

Izatez milaka dira; erakusten ditudanak, ehunka gutxi batzuk.

Euskaldunon Egunkaria-n hasi zinenetik ETAren jarduera armatua amaitu arteko tartea. Garai latza.

Distantziak eta denborak beste ikuspegi bat ematen du; zurrunbilo batean bizi ginen orduan, egia esan.

Zer helbururekin heldu zenion argazki proiekzio horri?

Helburu pertsonala: nire lana garatu eta erakutsi. Bestea: gogoeta. Badirudi gauza batzuk ez ditugula ikusi nahi. Baina ezagutu behar da egin dena: ondo edo gaizki egina izan, ados egon edo ez egon.

Bada kontakizun grafiko bat ere?

Dudarik gabe. Nire lanaren hastapenean nago; ez naiz errelatoa egitera iritsi; erakusten ari naiz. Baina orain esaten den beste errelato hori bezain garrantzitsua da errelato grafikoa, eta bateragarriak izan daitezke. Batak bestea aberastu dezake. Eta nahitaezkoa da hori ikustea. Gazteek zein ez horren gazteek. 30 urtetik gorako askok ez dituzte ikusi nik ditudan argazkiak.

Eta zer esan dizute?

«Eta hau guztia hemen gertatu da?» galdetzen didate. Hau, eta gehiago. Nik daukadana daukat, ikusi dudana, eta bizi izan dudana. Hau da nik bizi izandako euskal gatazka. Gatazka hori askoz zabalagoa baita denboran, eta argazkietan erakutsi ezin diren gauza asko ere bai baitira euskal gatazka.

Memoria ariketa bat da?

Hasten zara negatiboak begiratzen, eta topatzen dituzu gogoratzen ez zenituen argazkiak, pertsonak, egoerak... politikarekin zerikusia dutenak, eta bestelakoak.

Intrahistoria kontatzen duzu?

Batzuena bai, asko baitira.

Adibidez, zein da Miguel Angel Blanco ospitalera iritsi zeneko argazkiaren intrahistoria?

Ordu bat zegoen jarrita. 16:00etan, Donostia erdialdeko argazki denda batean nengoen —Egunkaria-ren argazkiak errebelatzen genituen han—, irratia entzuten, eta zain. Vesparekin mugitzen nintzen. Entzun nuen albistea: Lasarten agertu zela. Pentsatu nuen hara ez nintzela iritsiko, baina esan zutenez artean bizirik zegoela, ospitaleko larrialdietara igo nintzen. Luzea egin zitzaidan, nahiz eta benetan agian ez zen horren luzea izango. Beste bi lagun baino ez ziren agertu.

Eta anbulantzia bat iritsi zen.

Argazkian ikusten da anbulantziatik atera zutenean bertan nengoela. Ertzain batek esan zidan ezin nintzela han egon. Esan nion egiteko berak atzeraka bultza, eta hura izango zela muga. Eta halaxe atera nuen argazki hura. Argazki basatia da.

Gatazkarik gabe, nazioarteko agentziekin ari zaretenoi lana gutxitu egin zaizue?

Hasiera hartan bai, baina moldatu egin da egoera, nolabait.

Zer eskatzen zaizue? Eta zer eskaintzen duzue?

Futbola, Frantziako Tourra, Zinemaldia, sanferminak...: halakoak eskatzen dira gehien. Eskaini? Kuriositatea sor dezaketen gauzen bila aritzen gara: Zubieta eta Iturengo inauteriak... Futbolak niri oinarri bat ematen dit: hiru talde ditut orain, eta bost nituen lehen.

Freelance izateak askatasuna ematen du beti?

Askatasun erlatiboa [barrez]. Dirua behar da, eta lan egin behar da. Askatasuna? Bai, eta ez.

Badago objektibo objektiborik?

Objektibotasuna ez da existitzen, eta lan honetan zer esanik ez. Baina zintzoa bai, izan zaitezke. Hor dago diferentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.