ATZEKOZ AURRERA. Ruben Zulueta. Caminuseko kidea

«Esaten digute begiak zabaldu dizkiegula»

Gihar distrofia batek behartuta gurpil aulki batean ibili behar izaten du, baina gurpil aulkia ibilbide luzeak egiteko eta gaitza ikusarazteko tresna ere bihurtu du. Azkena: Hego Euskal Herriko itzulia.

Jose Ignacio Fernandez, Antonio Gonzalez eta Ruben Zulueta. BERRIA.
jakes goikoetxea
2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ruben Zuluetak (Gasteiz, 1973) eta Jose Ignacio Fernandezek Hego Euskal Herriari itzulia eman diote, gurpil aulki elektrikoan. 500 kilometro, 11 egunetan. Gihar distrofia dute. Ez da gurpil aulkian egin duten lehen ibilbide luzea: Donejakue bidea egin dute, bai Orreagatik (Nafarroa), bai Murtziatik, (Espainia) bide mozarabiarrari jarraituz; eta Monegrosko basamortua ere (Aragoi, Espainia) zeharkatu dute. Gaixotasun arraroak ikusarazi nahi dituzte; jarrera positiboa transmititu; eta dirua bildu, ikerketarako. Caminus elkartea sortu zuten.

Nola iritsi zen gihar distrofia zure bizitzara?

Ia 40 urte izan arte bizitza guztiz normala egiten nuen; baina, bat-batean, kirola egitean nabaritzen nuen ahulago sentitzen nintzela. Analisiak egin zizkidaten, medikuak bitaminak agindu zizkidan, eta etxera bidali ninduen.

Ahultasunak hor jarraitzen zuen.

Mediku espezialista batekin ordua hartzea lortu nuen, proba pila bat egin zizkidaten, eta diagnostikoa iritsi zen: gihar distrofia.

Bazenekien zer zen?

Ez. Esan zidaten gaixotasun arraro bat nuela, degeneratiboa, sendabiderik gabea, eta egin nezakeen gauza bakarra gaixotasunak ni kontsumitu arte itxarotea zela, etxean.

Zer erreakzio izan zenuen?

Pentsatu nuen nire bizitza bukatua zela. Ukatu egiten duzu, baina iristen da momentu bat non aukera bakarra gaixotasuna onartzea den.

Eta kanpin batean Jose Ignacio Fernandez ezagutu zenuen.

Uda kanpin berean pasatzen genuen, eta elkar ezagutu genuen. Gure emazteak Donejakue bidea egitera joan ziren. Etapetako batean haien bila joan ginen. Iristen ikusi genituenean, halako aldarte onarekin, Jose asko hunkitu zen, eta hor hasi zen gure istorioa. Joseri galdezka hasi nintzen, ea zergatik ez ginen geu joaten bidea egitera, eta berak ezetz esaten zuen. Joseren bizitza nirearen parekoa izan da: kirolaria zen, langilea...

Butanoak banatzen zituen.

Pentsa zer-nolako indarra zuen.

Konbentzitu zenuen.

Bai, eta prestatzen hasi ginen.

Zer esan zizueten?

Ezezko asko jaso genituen. Mundu guztiak esaten zigun ezinezkoa zela. Bakarren batek esan zigun ea pentsatzen genuen bidea asfaltatuko zigutela.

Baina lortu zenuten.

2019an lehenak izan ginen Donejakue bidea egiten, Orreagatik Santiago de Compostelara, gurpil aulkian, modu autonomoan. Gidaliburu bat ere egin genuen.

Zuen ondoren, gehiago izan dira?

Bai, Santiagon esan zidaten gaur egun ehunka pertsona iristen direla urtero gurpil aulkian Santiagora, gure gidaliburuari esker.

Ibilbide luze horiek gaixotasunaren kontrako errebeldia jarrera bat dira?

Aldarrikatzeko modu bat. Halako egoeran daudenei erakustea hau eta beste hainbat gauza egin daitezkeela. Askok mezuak bidaltzen dizkigute, eskerrak emanez, begiak zabaldu dizkiegulako.

Baten batek pentsa dezake aulkia piztea eta gidatzea dela, dena berak egiten duela.

Ez, ez. Bigarren mailako bideetatik, mendi bideetatik, pistetatik... ibiltzen gara. Bide oso zailetatik pasatu gara, denbora askoan ehiztari bat bera ere pasatu ez den lekuetatik. Une oso gogorrak izan ditugu. Kolpe pila bat hartzen ditugu, ordu asko dira eserita, eta gorputzak asko sufritzen du. Aulki elektrikoan joaten gara, gure gaixotasunak gure giharrei eragiten dielako. Nik ezin dut joan aulkiari eskuekin eragiten.

Oztopo txikiena oztopo gaindiezina bihurtu daiteke?

Bai. Donejakue bideak 790 kilometro ditu Orreagatik Santiagora. Guk 1.200 egin genituen, oztopo batzuengatik atzera egin behar genuelako, eta alternatibak bilatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.