Abesbatzak eta orkestrak, klasikoen ikur

Donostiako 77. Musika Hamabostaldian 70 kontzertu inguru izango dira, abuztuaren 4tik 31ra. Ostiralean jarriko dituzte sarrerak salgai

Musika Hamabostaldiko antolatzaileak eta babesleak, atzo Donostiako Kursaalean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia´
2016ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Orkestrak eta abesbatzak. Horiek izango dira Donostiako 77. Musika Hamabostaldiaren zutabe nagusiak, Patrick Alfaya zuzendariaren arabera. Orkestrek kultur hiriburuaren ideiarekin bat egiten dute; izan ere «elementu kolonialistak» izan ziren, eta, ondorioz, Europa osoan daude. Abesbatzek, berriz, Euskal Herrian indar handia dute: «Inon ez dago hemen bezalako abesbatza mugimendu amateurrik». Bi arlo horiek bat eginda, musikaren historiako «konpositore handien» obrak interpretatuko dituzte, abuztuaren 4tik 31ra bitartean. Orotara, 70 kontzertu inguru izango dira. Gehienak Donostian egingo badituzte ere, Euskal Herri osora zabalduko dira doinu klasikoak.

Abuztuaren 4an, jaialdia inauguratzeko, ohiko doako emanaldiak egingo dituzte Donostian barrena, eta, hurrengo egunean, Kursaaleko lehen kontzertua izango da. English Baroque Soloists, Montevedri Choir eta Easo Eskolaniako gazteak elkartuko dira Johann Sebastian Bachen San Mateoren araberako nekaldia interpretatzeko, John Eliot Gardinerren gidaritzapean.

Esparru sinfonikoko lehen hiru kontzertuak, berriz, Budapest Festival Orchestrak emango ditu, Ivan Fischer zuzendari dela. Lehen kontzertuan, abuztuaren 20an, Igor Stravinski, Bela Bartok eta Antonin Dvorak autoreen lanak joko dituzte; bigarrengoan, abuztuaren 21ean, Donostiako Orfeoiarekin eta Orfeoi Txikiarekin, Mahlerren3. sinfonia; eta, hirugarrenean, abuztuaren 23an, Wolfgang Amadeus Mozarten Requiem, Collegium Vocale Gent ahots taldeak lagunduta.

Bestalde, Hamabostaldian lehenengoz, elkarrekin ariko dira Balthasar Neumann abesbatza eta Bakarlariak taldea eta Balthasar Neumann Ensemble. Thomas Hengelbrock zuzendari alemanak gidatuta, Joseph Haydnen Meza si bemol maiorrean eta Ludwig van Beethovenen Pastorale joko dituzte, abuztuaren 24an.

Frankfurteko Irratiko Orkestrak ere Beethovenen obra bat interpretatuko du, Andra Mari abesbatzarekin batera, abuztuaren 27an: 9. sinfonia. Beste emanaldi bat egingo du orkestrak hurrengo egunean, eta, kasu horretan, Haydnen Biolontxelorako 1. kontzertua —Steven Isserlis biolontxelista ingelesarekin—, Beethovenen Etxearen sagaratzea, eta Johannes Brahmsen 1. sinfonia interpretatuko ditu.

'Don Giovanni' opera

Urtero bezala, opera bat sartu dute egitarauan, abuztuaren 13an. Aurten, Mozarten Don Giovanni interpretatuko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo abesbatzak, Manuel Hernandez Silvak zuzenduta. Rol nagusia, berriz, Christopher Maltman baritono ingelesak jokatuko du. Dantza saio bat ere izango da: Genevako Antzoki Handiko Baletak Tristan eta Isolda interpretatuko du, abuztuaren 7an.

Jaialdiaren amaiera ekitaldian, Hamabostaldiaren historian aurrenekoz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa elkarrekin ariko dira. Horiekin batera, Donostiako Orfeoia, Iruñeko Orfeoia, Easo Eskolania, Araoz Gazte Abesbatza eta Christian Elsner tenorra igoko dira oholtzara. Orotara, 400 lagun inguru batuko dira, eta Hector Berliozen Te Deum interpretatuko dute.

Kursaaleko emanaldiez gain, beste bi izango dira Viktoria Eugenia antzokian. Nikolai Luganski pianista errusiarra ariko da abuztuaren 6an, eta Carlos Mena kontratenor gasteiztarra, hilaren 22an, bere Santa Maria Kaperarekin batera.

Horiez gain, ohiko beste atalak izango ditu jaialdiak: Organo Zikloa, Antzinako Musika Zikloa, Interprete Gazteen Zikloa... Aurten, gainera, Mugetan izeneko atal bat gehitu dute, musika klasikoaren esparrura lagun berriak erakartzeko Hamabostaldiak aurretik zituen jarduerak bilduz. Era berean, haurrentzako emanaldiak ugaritu dituzte.

Musika Hamabostaldiko Lagunentzako abonamendu guztiak salduta ekingo diote sarreren salmenta orokorrari, ostiralean. www.quincenamusical.eus webgunean eta Kursaaleko zein Viktoria Eugeniako leihatiletan eskura daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.