Naturaren bidetik, abangoardia

Diziplina anitzeko artistek sortutako 'Uracqua' ikuskizuna egingo dute gaur, Nafarroako Musika Garaikidearen jaialdiaren itxiera saioan

Irudian, Bea Monreal oboe jotzailea, Yolanda Campos musikagilea eta Sergio Eslaba saxofoi jotzailea. IÑIGO URIZ / ARP.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Proposamen berritzailea taularatuko dute gaur, 20:00etan, Iruñeko Baluarte jauregian. Arte diziplina ezberdinak uztartuz, uraren sinbologiaren eta mitologiaren inguruan hausnartzea xede duen Uracqua kontzertua egingo dute Nafarroako Musika Garaikidearen jaialdiaren amaiera ekitaldian. Abangoardia izango da ikuskizunaren funtsa, esperimentazioaren bidetik eraikitako ikuskizuna baita. Gainera, publiko zabalarentzat «ezezaguna» den musika garaikidea zer den bertatik bertara ikasteko aukera «paregabea» izango dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Ikuskizunean pentsatuz bereziki idatzitako lau obra estreinatuko dituzte gaurkoan. Hala, musikagileak eta musikariak eskuz esku ari dira lanean, Yolanda Campos, Bea Monreal eta Sergio Eslaba, kasu. Uracqua IV. Agua oceánica y marítima (Uracqua IV. ozeanoko eta itsasoko ura) obraren egilea da Campos eta baita jaialdiko zuzendari artistikoa ere. Monreal eta Eslaba, berriz, obrako oboe eta saxofoi jotzaileak dira. Hain zuzen ere, jaialdiaren indargunea musikagile eta musikarien artean sortzen den harreman «estua» dela defendatu du Eslabak: «Egileak gauza bat proposatzen du, baina gure iritzia aintzat hartzen du moldaketak egiteko eta hori oso garrantzitsua da».

Lan egiteko modu horrek ere baditu bere zailtasunak. Camposen irudiko, «errepertorio klasikoarekin ez bezala», obra berriak jotzeko orduan, ez da erreferentziarik izaten, «itsu-itsuan jotzen da». Hori, baina, ahulgune bat baino gehiago, indargune bat da Bea Monreal oboe jotzailearentzat. Izan ere, erreferentzia faltak sorkuntza prozesua hasieratik jarraitzeko aukera ematen duelakoan dago. «Inork ez dizu esango nola egin behar duzun, norberak atera behar ditu babak eltzetik».Hutsune hori sortzaileek beraiek ere izaten dutela onartu du Camposek: «Askotan, guk buruan gauza bat izaten dugu, baina gero hori fisikoki gauzatzea ezinezkoa da, instrumentu guztiek dituztelako beren mugak». Hala ere, jaialdian bi aldeek duten harreman estuari esker, alternatibak bilatzeko «ahalegina» egiten dutela zehaztu du Sergio Eslabak.

Lehen aldia izango da, Nafarroako Musika Garaikidearen jaialdiaren hiru urteko ibilbidean,gaurkoa bezalako diziplina anitzeko kontzertua egiten dena. Iritsi diren tokira heldu aurretik, ibilbide bat garatu behar izan dutela uste du zuzendari artistikoak: «Guri beti gustatu izan zaizkigu artifiziorik gabeko kontzertuak, hau da, musika biluzik aurkeztea». Baina, hirugarren edizioan modu berrien alde egitea erabaki, eta horren emaitza da Uracqua ikuskizuna. Funtsean, gizakiak naturarekin duen harremanaren inguruan hausnartu dute. Gainera, Acronica Producciones taldearekin elkarlanean, bideo sorkuntza eta musika garaikidea uztartuko dituzte.

Hezkuntzako hutsuneak

Oro har, arte abangoardien ezagutza faltarekin kezkatuta agertu da Yolanda Campos. Hala ere, Nafarroako Gobernua egoera hori aldatzeko egiten ari den ahalegina goraipatu du. Jaialdiaren harira, lagun askok musika garaikidea ez dutela «atsegin» esan izan diotela onartu du. «Hori Espainiako zinema ez dutela atsegin esatea bezala da», salatu du. Izan ere, esan duezin dela inolaz ere erori orokorkeriatan. Musika garaikidean mota guztietako sorkuntzak daudela dio. Hala ere, argi du ezagutza falta horri aurre egiteko hezkuntza sisteman esku hartu beharra dagoela.

Antzera mintzatu da Sergio Eslaba ere. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan egin zituen saxofoi ikasketak. Egun, Bordelen (Okzitania) master bat egiten ari da. Dioenez, han askoz hedatuago dago musika garaikidearen inguruko kultura. «Ohikoa da musika garaikideko kontzertuen aurrerapenak egitea kalean, gero ikusiko denaren gose pizgarri modura». Hemen, berriz, musikarien artean ereizaten da ikuspegi falta hori, Bea Monrealen ustez. Nafarroako oboe jotzaileak noizean behin elkartzen direla azaldu du. «Biltzar horietako batean, musika garaikidearen inguruko mintegia egitea proposatu nuen, eta denek uko egin zioten aukera horri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.