ATZEKOZ AURRERA

Bizitza jasangarriago baten alde

Eraginkortasun energetikoa ardatz duten proiektuak daude egunotan Durangon, Berdeago Energy azokan. Hurrengo asteburuan, kontsumo arduratsua landuko dute Berdeago Naturen.

Eh Bioeraikitzen elkarteko kideak, Berdeago Energyn proiektua aurkezteko jarritako postuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Durango
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Egurrezko karabana baten barruan dago Garbiñe Maiza. Ezkerrean, ohe bat; aurrez aurre, sukaldea; eta eskuinean, aldiz, komuna. «Eraikuntza, Egurra eta Altzariak, Ura eta Energia, Domotika eta Mendekotasun Egoeran Daudenentzako Arreta; lanbide heziketako gradu horietako ikasleen artean sortutako proiektu bat da». Dena espazio berean batuta, hamabi metro koadroko etxe mugikor bat sortu dute ikasle eta irakasleek. Hain justu, bederatzi eskolatako ikasle eta irakasleen jakintzak konbinatuz sortu zuten proiektua. Ikastetxez ikastetxe, atalka, etxea eraikiz joan dira. Emaitza etxebizitza jasangarria izan da. Horretarako, zenbait neurri hartu dituzte: «Material jasangarriak erabili ditugu, eta energiari dagokionez ere zenbait neurri zehatz hartu: esaterako, eguzki plakak eta airea errekuperatzeko gailuak jarri ditugu».

Era horretan, ikasleei prozesu berriak irakastea eta denen arteko sinergiak bilatzea dute helburu. Are, materialez gaindi, pertsona ororentzat bizigarriagoa izan dadin ere egin dituzte moldaketak. «Domotikaren bidez, altzariak mugitzeko sistemak ezarri ditugu, eta espazioaren kudeaketa ere ezintasunak dituztenentzat pentsatuta dago», ohartarazi du Josebe Vidales gizarte hezkuntzako irakasleak.

Karabanak espazio nabarmena hartzen du Durangoko Landako gunearen barrualdean (Bizkaia). Alboetako korridoreetan, berriz, jasangarritasuna ardatz duten enpresa eta elkarte ugari ari dira proiektuak aurkezten, nor bere esparrutik. Berdeago Energy azokaren parte dira denak. Zortzigarren aldia du aurten, eta bihar arte egongo da zabalik. Azokak ardatz ditu energia eraginkortasuna eta ingurumen berrikuntza. Horrekin batera, Berdeago Natur kontsumo arduratsuaren azoka egongo da bisitagai datorren asteburuan. Bi alorrak uztartuz, antolatzaileek bizitza jasangarriagoa lortzea dute xede.

Berdeago Energy atalean, orotara 70 enpresa, hezkuntza zentro, elkarte eta elkargo ofizialek dute postua. Denetik ikus daiteke: eguzki plakak eraikitzen lan egiten dutenak, egurrezko egitura eta altzariak sortzen dihardutenak edota etxebizitzen eraikuntza jasangarria helburu dutenak. Norabide berean lan egiten dute denek: baliabide naturalen erabilera arduratsua. Ondorioz, material ekologikoak baliatuz sortu dituzte proiektuak.

Pentsaera jasangarria

Pentsamolde horren adibide da Eh Bioeraikitzen elkartea. Etxebizitzen eraikuntzan eta eraberritzean lan egiten dute batik bat. Elkarteko kide da Ana Luis psikologoa:«Bioeraikuntza da gure alorra; material berrerabilgarriak eta birziklagarriak erabiltzen ditugu». Gaiaren inguruko formakuntzak ere eskaintzen dituzte, eta eraikuntza eredu ekologikoa dute helburu.

Beste alor batean, eta enpresa formatuan, norabide berean ari da lanean Gonzalo Robador. Naturaren eta giza bizitzaren arteko oreka lehenetsi nahi du, errentagarritasun ekonomikoaren gainetik. «Hemen gauden guztiok balio etiko antzekoak ditugu; finean, ekonomia jasangarriaren alde lan egiten dugu; pentsaera horrek batzen gaitu». Titan Eco-sostenible da enpresaren izena.

Material biodegradagarriekin egindako ontziak egiten ditu; plastikoaren ordez, almidoi begetala darabil. «Itxuraz plastikoa dirudi, baina, urtebeteko epean, material hau konpost bihurtzen da». Denetik sortzen du: edalontziak, jakiak gordetzeko ontziak, aldizkariak biltzeko zorroak... Arazo baten konponbidea planteatu nahi du. «Mendian, hondartzan... plastikoa nonahi dago. Hau kontzientzia ariketa bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.