MAITE DUT MAITE... MENDIA. Iraia Iturregi. Athletic B taldeko entrenatzailea

«Deskonektatzeko, mendira joaten naiz»

Futbolean aritzean, lehiakortasuna gustuko du Athleticeko kapitain ohiak; hortik kanpo, ordea, nahiago izaten du presiorik gabe disfrutatu. Mendiak horretarako aukera ematen dio, denbora duenean.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
amaia igartua aristondo
Lezama
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Futbola du ogibide eta afizio Iraia Iturregik (Bilbo, 1985), baina mendia du lasaitzeko leku. Nahi baino gutxiago joaten da, baina gustuko du naturan egotea.

Mendia, futbola ez bezala, afizioa duzu soilik, ez ogibidea. Nola eragiten du horrek batarekin eta bestearekin duzun harremanean?

Zorte ona dut nire afizioa ogibide ere badudalako, baina egia da futboleko ingurua oso lehiakorra dela: Athletic tituluengatik borrokatzen egon da beti; argi dago bigarren taldearen helburua ez dela liga irabaztea, baina bada lehen mailara igotzea lortzea. Beraz, lehiakortasunak hor jarraitzen du orain ere. Mendira igotzean ez dago lehiarik, ezta presiorik ere. Lehiakortasuna futbolean gustatzen zait soilik, eta mendira disfrutatzera eta momentu hori partekatzera igotzen naiz.

Sarri igotzen zara?

Ez. Batetik, udako oporretan noizean behin joaten naiz, hondartzara joatea nahiago dudan arren. Neguan, bestetik, bost edo sei egun libre izaten ditugu, eta horietan eskiatzera joaten naiz. Asteburuetan lana izaten dugu, normalean, baina, egunen bat libre badut, mendira joateko aprobetxatzen dut.

Gutxitan joateak balioa handitzen dio mendiari?

Agian, gehiagotan joango banintz, ez luke edukiko niretzat duen deskonexio efektu hori. Eskiatzera behin edo birritan baino ez naiz joaten urtean, eta, hain gutxi noanez eta hain gustuko dudanez, efektu hori ez du galtzen. Mendira, orokorrean, asteburuero joango banintz, agian ez lidake deskonektatzen lagunduko.

Mendiak badu halako dinamismo bat; asko aldatzen da urtaro batetik bestera.

Hori oso polita da. Udan mendira zoaz, eta natura modu batekoa da, eta neguan, mendi berean, desberdinak dira koloreak eta klima. Badirudi beste leku batera joan zarela, beste paisaia bat ikusten ari zarela. Mendiak magia hori dauka.

Alde horretatik, futbola estatikoagoa da?

Bai. Futbola ere aldatzen da, baina ez paisaia aldetik. Adibidez, hemen gutxitan ikus ditzakegu futbol zelaiak elurtuta, eta elur askorekin ezin da jokatu. Aldatzen direnak jokatzeko egoera eta modua dira.

Izaten duzu futbolean soilik afizioz aritzeko denborarik?

Iaztik, Athleticeko beteranoak bi astean behin elkartzen gara Lezaman [Bizkaia], futbolean aritzeko eta afaltzeko. Partiduak ikustea ere gustatzen zait, nire ligakoak ez ezik, baita besteetakoak ere. Afizioz.

Nahiago duzu taldeko kirola edo bakarkakoa?

Nahiago dut taldekoa. Egia da bakarkako kirolak are muturrerago eraman zaitzakeela; psikologikoki, taldeko kirola baino gogorragoa dela uste dut.

Eta zergatik duzu hori nahiago?

Gauza gehiago eduki behar dituzulako kontuan. Besteez ere arduratu behar duzu, ez soilik zeure buruaz: taldean giro ona sustatzea, jokalari bat ez badago ondo hari laguntzea... Gustuko dudan erronka da talde oso bati errendimendua ateratzea. Eta sozialki ere erakargarriagoa da, lagunak egiten dituzulako eta momentu txarretan taldekideak dituzulako laguntzeko prest. Gainera, onena da titulu bat irabazten duzunean besteekin partekatzen duzula, ez dela zure garaipena bakarrik. Taldean dauden 22 jokalariek eta zortzi teknikariek ere irabazten dute, baita Lezaman dagoen langile piloak ere: garbitzaileek, lorezainek... Ezkutuan dauden horiek ere badute eraginik garaipenean.

Kirola naturaz inguratuta egitearen zalea izanda, nola eragin dizu itxialdiak?

Zortea daukat etxean korrika egiteko zinta daukadalako, eta pribilegiatua sentitu naiz hura edukitzeagatik. Kirola etxe barruan egitea aspergarria da, eta psikologikoki gogorra. Gure ogibidearen zati handi bat, gainera, aire zabalean egiten dugu; bulegoko lan gutxi dugu. Noiz amaituko zen ez jakiteak eragin dit batez ere; ezjakintasun hori izan da kudeatzeko zailena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.