ATZEKOZ AURRERA

Topa itxaropen berriari

Aurten San Jose eguneko feria egiterik izan ez duten arren, Bakion (Bizkaia) aukera baliatu dute urteko txakolin berria aurkezteko; ekitaldian azaldu dutenez, aurtengo uzta «bikaina» izan da.

Bakioko alkate Amets Jauregizar —eskuinean—, upategietako arduradunekin batera txakolin berriarekin topa egiten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bakio
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Normalean, San Jose eguna berezia izaten da Bakion (Bizkaia), udaberria ate joka datorrela ospatzeko abagune aproposa baita. Iazko itxialdiak bete-betean harrapatu zuen ospakizuna, eta ekitaldi guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten. Aurten, berriz, sanjoseak ospatzeko zenbait ekitaldi antolatu dituzte, baina segurtasun neurri zorrotzak hartuta: haietan parte hartzeko, beharrezkoa izan da aldez aurretik izena ematea; bakiotarrek lehenbizi, eta kanpotarrek ere bai, haientzako lekua geldituz gero.

San Jose eguneko feriak badu beste ezaugarri garrantzitsu bat bakiotarrentzat: han aurkeztu ohi da urteko txakolin berria, Bakio Bizkai osoan famatzen duena. Aurten ez da feriarik egon, baina aurkezpenari eutsi egin diote. Herritar gutxi batzuek bertatik bertara ikusi dute ekitaldia, Bakioko Txakolingunean, eta aurtengo txakolin zuria dastatu ere egin dute. Gainerakoek streaming bidez ikusi ahal izan dute aurkezpena.

Bustitik esnatu da Bakio, euria goian behean eta kaleak hutsik, San Jose egunean herriak izan ohi duen poz girorik gabe. Apurka-apurka batu dira herritarrak Txakolingunean hori du izen Bakioko txakolinaren museoak, horietako askok saman jaietako zapi laukiduna zeramatela. Laster hasi da atzerako kontaketa, gonbidatuek zegokien lekua hartzen zuten bitartean, denak eserita eta haien arteko segurtasun tarteari eutsiz.

Itxas-Alde dantza taldearen eta Izar Txiki abesbatzaren bideo baten ostean, Bakioko alkate Amets Jauregizarrek berba egin du. Batez ere, azken urte honetan gehien sufritu dutenak hartu ditu gomutan: gaixotu direnak, gertukoren bat galdu dutenak, lanik gabe lotu direnak, haur motxiladunak, ostalariak, osasungintzako langileak eta abar. «Asko sufritu dugu», esan du, «baina komunitatearen garrantziaz ere jabetu gara: denon artean osatu dugun sareak gure bizitzei eutsi die».

Hala eta guztiz ere, itxaropen mezua eman nahi izan du Jauregizarrek, eta ate joka dagoen «loraldia» aipatu du, esperantza berrien ikur gisa: «Jarrai dezagun komunitatea babesten, eta gogoz oratu datorkigunari», esan du.

Aita-amabitxiak

Txakolin berria aurkezteko ekitaldiak amabitxia eta aitabitxia izaten ditu, eta aurtengoak ere tradizio horri eutsi dio. Oraingoan, Athleticeko entrenatzaile Iraia Iturregi eta Iñaki Williams jokalaria aukeratu dituzte zeregin horretarako.

Aita-amabitxiek ez dute Bakion egoterik izan, baina aurkezpenarekin bat egin dute, urrutitik izan bada ere. Williamsek bideo bat igorri du, eta han eskerrak eman dizkie bakiotar guztiei. Iturregik, berriz, sarearen bidez zuzeneko konexioa egin du Lezamatik, eta agindu du Valentziaren kontra duten partidan gailentzen badira, Bakioko txakolinez ospatuko dutela garaipena.

Iturregik ere itxaropen mezua helarazi nahi izan du Lezamatik: «Badakigu egoera ez dela samurra, baina horri aurre egitea beste biderik ez dago, baikortasunez eta elkar zainduz».

Txakolin ekoizleentzat ere ez da sasoi erraza izaten ari. Txakolin berria aurkezteko garaia iritsi zaie, upategiak oraindik ere iazko txakolinez beterik dituztela. Pandemiak jatetxe eta tabernak itxi ditu edo haien ordutegiak izugarri murriztu, eta horiek izaki txakolinari irteera emateko biderik ohikoenak, kaltea handia izan da.

Hala ere, Bakioko hiru upategi profesionalek, Abiok, Zabalak eta Doniene Gorrondoak, itxaropenez begiratu nahi diote etorkizunari. Diotenez, aurtengo uzta «bikaina» izan da: mahatsa ohi baino lehenago bildu dute eta, hala ere, ondo helduta zegoen, eta hori nabaritzen bide da edarian, ekitaldiaren amaieran txakolina dastatu dutenek esan dutenez.

Gaur ere herritarrek, edo aldez aurretik izena eman dutenek behintzat, txakolin berria dastatuko dute 12:30etik 17:30era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.