Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Euskal planisferioa, prest

Aranzadiko Astronomia Sailak Elkano euskal planisferioa sortu du. Euskaraz idatzitako eta Euskal Herriko latitudean kokatutako lehena da. BERRIA dendan eskuragarri dago jada.
Elkano euskal planisferioaren aurkezpena, atzo, Getarian. Argazkian, Aranzadi, BERRIA eta Elkano eta Kutxa fundazioetako ordezkariak.
Elkano euskal planisferioaren aurkezpena, atzo, Getarian. Argazkian, Aranzadi, BERRIA eta Elkano eta Kutxa fundazioetako ordezkariak. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Garmendia Etxeberria -

2021eko uztailak 17 - Getaria

Aranzadi Zientzia Elkarteak Elkano euskal planisferioa sortu du. Euskara hutsez idatzitako eta Euskal Herriko latitudean kokatutako lehena da, 43 graduko ipar paraleloan. BERRIA arduratuko da zabalkundeaz. Atzo aurkeztu zuten, Getarian.

Izarren mapa moduko plano bat da planisferioa. Atzo arte ez zegoen euskarazkorik, ezta Euskal Herriko latitudean kokatutakorik ere. Virginia Garcia Aranzadiko Astronomia Saileko zuzendariak adierazi du arlo horretan gabezia sumatzen zutela: «Astronomia Sailean behar hau ikusten genuen. Planisferioak erabiltzen genituen, baina ez genituen latitude honetakoak, eta euskaraz ez zegoen ezer ere».

Planisferioak ez du soilik Euskal Herriko zerua behatzeko balio. Euskal kostaldeko latitudean dago kokatua, Elkano marinelari keinu eginez. Halere, 43 graduko ipar latitudean dagoen edozein puntutan erabil daiteke, baita hiruzpalau gradu iparralde edo hegoalderago ere. Beraz, besteak beste, Madril, Paris, New York edo Pekinerako ere balio du.

Aranzadik Elkano fundazioarekin batera egin du proiektua, munduari emandako lehen biraren 500. urteurrena dela eta. Rafa Zulaika Elkano fundazioko ordezkariak «zerutik ekarritako opari» gisa definitu du planisferioa. «Ekarritako» eta ez «etorritako», proiektua aurrera eramatea «lan handia» izan baita. Zehazki, bi urte inguru behar izan dituzte planisferioa ekoizteko. Halere, egitasmoa ez da amaierara heldu. Garciak adierazi du orain ikastaroak emateko eta dibulgazioa egiteko asmoa dutela.

Kutxa fundazioak finantzatu du egitasmoa. Bertako ordezkari Iñigo Atorrasagastik gehitu du planisferioak jasangarritasunarekin ere baduela lotura, gizartea kutsadura luminikoaren inguruan «kontzientziatzeko» balioko duelako.

Aurkezpenean izarren mapa nola erabili azaldu du Aranzadiko Astronomia Saileko zuzendariak. Berezitasunak ditu, lur planeta mugitzen den heinean «zerua aldatuz» baitoa. Horregatik, eguna eta ordua zehaztu behar direla jakinarazi du Garciak. Planisferioak plastikozko disko bat eta erregeleta bat ditu horretarako. Gainera, kontuan izan behar da astronomian beti denbora unibertsala erabiltzen dela. Udan, Euskal Herrikoa bi ordu atzeratu behar da. Hala ere, planisferioak informazio guztia biltzen duen eskuliburu bat dakar.

Gaur egun, astronomia arloko aplikazio ugari daude. Halere, planisferioa paperean egitea erabaki dute, Garciaren hitzetan, aplikazioek «beti ez baitute ongi funtzionatzen». Horregatik, marinelek astronomia ezagutu behar dutela azaldu du. Horixe da planisferioaren eta Elkanoren arteko lotura: lehen aldiz munduari bira egin zioten garaian, ez zegoen gailu elektronikorik, eta izarrak ezagutzea beharrezkoa zuten orientatu ahal izateko.

BERRIA dendan eskuragarri

Planisferioaren zabalkundean pisu handia izango du BERRIAk. Jada eskuragarri dago BERRIA dendan, 25 euroko salneurrian. BERRIAlagunek bost euro merkeago eskura dezakete. Irati Azkue BERRIAko Kaleko Sustapeneko arduradunak adierazi du hedabidea «bidelaguna» izango dela «Euskal Herriko zerua euskaraz» ezagutaraziko duen erremintaren zabalkundean.

Datorren astelehenetik aurrera, bestelako liburu dendetan ere eskuragarri egongo da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Ituño aktorea, 'Mantangorri'-ren superposterra gehigarrirako egindako argazkian. / ©Maialen Andres, Foku

«Lanak bozgorailu handi bat eman dit»

Ane Insausti Barandiaran

BERRIAren Mantangorri gehigarriak Itziar Ituñori argiataratutako elkarrizketa argitaratu du gaur. Horrekin batera, superpostarra argitaratu da papereko edizioan.

2021eko Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketaren irabazleak

Sei zangorekin, eta hiru eskutara

Enekoitz Telleria Sarriegi

Joseba Barandiaran, Aitor Esteban eta Asier Goñik irabazi dute BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa. Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean bizikletaz egindako bidaia kontatu dute.

 ©TXAKUR GORRIA

'Burnout': erreak kiskaltzen duenean

Enekoitz Telleria Sarriegi

OME Osasunaren Mundu Erakundeak, lanarekin lotutako gaixotasun gisa onartu du neke profesionalaren sindromea —'burnout' edo erreta dagoen langilearena—. Zerk eragiten du? Lan baldintza kaskarrek, eta antolakuntza eta komunikaziorik ezak. Zer eragiten du? Estres kronikoa, autoestimu falta eta lanarekiko atxikimendurik eza. Zer uzten du agerian? Enpresek eta erakundeek ez dutela interesik arazo psikosozialetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.