ATZEKOZ AURRERA. Joseba Alzueta. Korrikalaria eta ATTSF elkarteko kidea

«Ikusgarria da bide hau korrika egitea»

Iruñetik Madrilera lasterka ari da egunotan Alzueta, 'Sahararren bizitzek balio dute' mezuarekin. Sahararren egoerak okerrera egin du azkenaldian: hori ikusarazi nahi du, eta diru laguntza bildu.

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Iker Tubia.
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Lasterka, Almazanera bidean (Espainia) erantzun ditu galderak Joseba Alzuetak (Zangoza, Nafarroa, 1983). Iruñetik abiatu zen azaroaren 6an, eta Madril du helmuga. Dena ongi badoa, larunbatean ailegatuko da Espainiako hiriburura. Mendebaldeko Sahararen alde ari da lasterka, eta errefuxiatuen kanpalekuetan proiektuak dituen ATTSF Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkartearekin batera prestatu du 448 kilometroko erronka. Elkarteko kidea da Alzueta. Gaur 11. etapa du, Baraonara (Espainia).

Hamar egun pasatu dira Iruñetik atera zinenetik. Zer moduz doa?

Iaz baino sentsazio hobea daukat, hobeto prestatu dudalako. Alvaro Martinezek esperientzia handia du korrika, eta entrenamenduak antolatu zituen. Miguel Rebora prestatzaile fisikoa da, eta ariketak proposatu zizkidan lesioak saihesteko.

Laguntza hori beharrezko da?

Horrelako erronketan profesionalengana jo behar duzu; haiek dira jarraitu beharreko iparrorratza. Iazko erronka Santiagoraino egin nuen. Entrenamenduak nire kabuz egin nituen, eta gero gerokoak: Leonen lesionatu egin nintzen, eta astebetez han egon nintzen osatzen, erronka bukatu ahal izateko.

Zer aurkitu duzu bidean?

Nafarroan lagunekin egin dut korrika, eta Tuteran harrera egin zidaten; baita Sorian ere. Nafarroa pasatuta, bakarrik aritu naiz, baina dietista bat dut lagun, autokarabanan.

Zergatik erabaki duzu lasterketa hau egitea?

Iazko erronkaren jarraipena da hau. Marokok su-etena hautsi zuenean, gerra hasi zen Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen artean, eta iruditu zitzaidan komunikabideetan ez zutela ia-ia horretaz hitz egiten. Beraz, ikusgaitasuna lortzeko, erronka egitea proposatu nion ATTSF elkarteari.

Nola laguntzen da sahararrena bezalako auzi bat korrika? Ikusgaitasuna lortuz bakarrik?

Ikusgaitasuna lortu nahi dugu, baina, era berean, laguntzeko aukera du nahi duenak. Hiru bide daude ekonomikoki babesteko: Bizum bidez [00952 kodea], transferentzia eginez [ES25 2100 8988 8102 0001 6949] edo Ihelp plataforman.

Zergatik lasterka?

Ikusgarria da bide hau korrika egitea; ez da berdin oinez. Korrika egiteak badu bere zailtasuna: entrenamendu handia behar da, eta ongi prestatzea. Giharrei dagokienez, nekagarria da, eta artikulazioekin kontu handia izan behar duzu, gorputzak esan dezakeelako: 'aski da'.

Sufritzea tokatuko zaizu bidean, baina sahararren egoerarekin alderatuta eramangarriagoa izanen da.

Bai, han oso-oso gaizki pasatzen ari dira. Gainera, COVID-19arekin, jasotzen dituzten laguntzak asko murriztu dira, eta kanpalekuetako gazteak gerrara joaten ari dira. Egoera larria da, benetan.

Orain, Madrileraino. Gero, Tindufeko kanpalekuetara?

Saharako maratoira joan nahi dugu, baina ez dakigu antolatuko ote duten. Lehenago edo beranduago hara joateko asmoa dut.

Zer darabilzu buruan hainbeste denbora bakarrik lasterka?

Askotan pentsatzen dut ea Madrilera helduko garen, eta, gero, kezkatzen naiz mezua ahalik eta jende gehienarengana iritsiko ote den. Iaz uste dut gehiago zabaldu zela. Larunbatean elkarretaratzea dago Madrilen, eta horregatik iritsiko naiz egun horretan. Horrela ikusgarriago egin dezakegu erronka.

Madrilen zer eskatuko duzue?

Politikoki gauza gehiago egin daitezke; 1975ean sahararrak haien lurraldetik kanporatu zituzten, eta erreferenduma egin gabe dago ordutik. Espainian badakite arazo bat dagoela, baina ez dute irtenbiderik jarri. Politikariei busti daitezela eskatuko diegu Madrilen.

Animoz zer moduz?

Animaturik nago; espero dut ongi heltzea helmugara. Sorian benetan oso gogorra izan da: hotz handia egin du, eta egun oso-oso haizetsua izan zen atzokoa [herenegun]. Latza izan da. Gaur [atzo] 10 gradu egiten ditu, eta oskarbi dago; berorik ez, baina korrika egiteko ongi, eroso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.