ATZEKOZ AURRERA

Kanta-kantari iruindarrak

Kantuan eta dantzan, iruindarrek San Saturnino eguna ospatu dute arkupeetan babestuta. Euria dela eta, bertan behera utzi behar izan dituzte Iruñeko Udalak antolatutako gauza gehienak: besteak beste, erraldoiak.

Iruindarrak Agur, jaunak kantatzen, San Saturnino egunean, atzo, Iruñean. OLAIA L. GARAIALDE.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Plisti-plasta ibiltzen dira mendiko botak ur putzuak eta elurra zapaltzean. Iz-iz egiten du urak paretetatik jaisten denean. Soinu horien artean lagun kuadrilla bat dago Iruñeko Mercaderes kalean, kantutegia eskutan, maskara jantzita, txapela edo txanoa buruan eta euripean kantatzeko prest. «Kalea alaitzeko eta eguna ospatzeko atera gara. Iruñeko eguna da; beraz, zerbait egin behar dugu, eta gurea kantatzea da», esan du Koldo Amatriak, Orreaga Fundazioaren lehendakariak. San Saturnino eguna ospatu zuten atzo Iruñean.

Aspalditik hilabete bakoitzeko lehenengo larunbatean Iruñeko kaleetan kantatzera ateratzen ziren iruindarrak. Bi urtez geldirik egon ostean, atzo karrikara ateratzeko aukera izan zuten. «Urduri eta pozik nago», esan zuen ilusio handiz Celia Martinek. Larunbatetan egiten zuten Kantuz-era joateko ohitura zuela dio: «Pandemiagatik ez da berriz egin; beraz, ez zaigu inporta eguraldi txarra egitea». Jokin Larrearentzat tradizioa da: «Tradizio euskaldun bat zen, eta itzultzea aldarrikatzen dugu».

Triki-triki-triki egiten dute akordeoiek Ikusi mendizaleak, Baratze bat edota Xalbadorren heriotzean kantak jotzean. Hiru akordeoiz lagunduta, Agur, jaunak kantatzen abiatu zuten atzoko eguna. Hasieran zirimiria egiten zuen, eta aterperik gabe kantatzen hasi ziren, baina segituan toki estali baten bila joan ziren. «Hain gaizki jo dugu?», galdetu zion akordeoi jotzaile batek besteari. Erdi-erdian makila eskutan kantuak zuzentzen zituen pertsonak arkupeetatik joateko esan zuen. Beraz, melodiarekin batera, triki-triki-triki egiten Gazteluko plazako arkupetan babestu ziren.

Erraldoirik gabeko besta

Iruñean besta eguna izan arren, huts-hutsik zeuden kaleak eta tabernak. Hala ere, arkupeak abeslariz josita zeuden. Adibidez, tabernetako berogailu baten ondoan lau lagun zeuden. «Hementxe jarriko gara, bero egiten du eta», esan zuen lagunetako batek. Kontxita Martinez de Lezea zen horietako bat, eta kalean kantatzen hasi zirenetik parte hartzen du Kantuz-en: «Elkar ikusteko aukera bat da. Guretzako berdin da euria, hotza edo elurra, hunkitu egiten garelako abesti bakoitzarekin».

Haurrek jai zuten eskolan, baina gutxi ikus zitezkeen kaleetan. «Ama! Zergatik ez daude erraldoiak gaur?», galdetu zion haur batek bere amari. «Kartoizkoak direnez, euriarekin busti egiten dira», erantzun zion amak, eta danba, etxeko atea itxi zuen. Iruñeko Udalak antolatuta, aspaldiko partez, erraldoiak karrikara ateratzekoak ziren, baina, euriaren ondorioz, bertan behera geratu zen ekitaldia. Mila Fernandez eta bere biloba erraldoietara joatekoak ziren, baina, azkenean, kantatzera animatu ziren: «Oso gustuko dut kantatzea, eta, nahiz eta erraldoietara ez joan, azkenean ondo pasatzen ari gara».

San Saturnino egunez haurrez beteta egoten da Udaletxe plaza. Nahiz eta erraldoirik ez egon, plaza ez zen hutsik egon, pentsiodunek haien aldarriak plazara eraman baitzituzten. «Pentsio publiko duinak, bidezkoak eta nahikoak», aldarrikatu zituzten Gabonetako kanten erritmoan.

Eguerdian baziren Iruñean kantuka zebiltzan beste batzuk; hala ere, kaleak nahiko hutsik zeuden. Tarteka parrandatik itzultzen ziren mozkorrak ikus zitezkeen; aterkiaz estalita hamaiketakoaren bila joaten ziren putzuetatik plisti-plasta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.