ATZEKOZ AURRERA

Sei zangorekin, eta hiru eskutara

Joseba Barandiaran, Aitor Esteban eta Asier Goñik irabazi dute BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa. Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean bizikletaz egindako bidaia kontatu dute.

Martxelo Otamendi, Irati Azkue, Felipe Uriarte, Joseba Barandiaran, Asier Goñi eta Aitor Esteban, Martin Ugalde kultur parkean, sari banaketan. JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Andoain
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Joste bat, eta desjoste bat. Hiru lagunen artean josi beharrekoa izan baita kronika irabazlea, eta Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beherearen arteko mugak eta josturak desjostea izan baita kronika horren abiapuntua. Hitzak eta pedalkadak josian. Sei zangorekin, eta hiru eskutara. Halaxe josi dute BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako azken pieza irabazlea: Gure ahalen eta magalen mugan (Erosotasunak ez ei dakar zoriontasunik). Bi eguneko txango bat, umorea duena, aldarria duena, baina bertsoa falta zuena.



Aste honetan bertan jaso dute saria irabazleek. BERRIAren Andoaingo (Gipuzkoa) egoitzan izan dira Joseba Barandiaran (Legazpi, Gipuzkoa, 1973), Aitor Esteban (Barakaldo, Bizkaia, 1979) eta Asier Goñi (Urnieta, Gipuzkoa, 1971). Felipe Uriarte Mendiak eta Herriak elkarteko kideak, Martxelo Otamendi BERRIA egunkariko zuzendariak, eta Irati Azkue egunkariko sustapen eta kanpo harremanetarako teknikariak eman diete saria: Alpeetan, Venoise inguruan, zeharkaldi bat egiteko aukera, aurtengo udan.

Kronikan aurkeztu dute euren burua: «Hiru lagun bertsozale, bizikletaren neurrian». Bizikletaz egin baitute oraingoa, baina oinez egindakoak zituzten orain artekoak. Aitor Estebanek kontatu du: «Azkeneko uda hauetan, abuztu partean, saiatu gara egun biko txangoren bat egiten, hirurok: gutxienez gau bat kanpoan eman, eta ibilbide zirkular bat egiten. Oraingoan, planteatu nien ea zer iruditzen zitzaien bizikletaz egitea oinez barik, baina, alforjekin izan beharrean, motxilekin eta mendiko bizikletekin».

Pandemiak eragindako itxiera perimetralak zirela eta, «gogoa» zuten Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ibiltzeko: «Proposatu nien Nafarroa Garaiko eta Nafarroa Beherearen arteko muga hori desjostea, aurrera eta atzera eginez». Kronikan dioten bezala: «Oso bestelako mugak izan ziren desjosi behar izan genituenak. Batez ere, gure ahalenak».

Eta desjosi zituzten euren ahalenak, baina josi behar zituzten kronikarenak. Joseba Barandiaran «ideologoak» azaldu du nola: «Google Docs erabilita [barrez]. Aitorrek egitura moduko bat egin zuen, eta, gero, hura orraztuz eta gizenduz joan ginen, auzolanean. Baina berak egin zuen ekinaldirik handiena. Eta Goñiri eman genion argazkien ardura».

Eta Goñik hartu du hitza: «Lehiaketan parte hartzearen eta gure txangoaren berri ematearen ideologoa Joseba izan zen. Lanik mardulena, testua jostearena, Aitorrek eta Josebak egin zuten. Nire hala moduzko argazkiekin apainduta, batzuk galdu egin baikenituen».

Bertsozaletasunak batzen ditu, eta bertsoari eta bertsolariei buruzko erreferentziak daude haien testuan. Baina ez dago bertsorik. «Aritu gara, e? Kopletan-eta jardun gara, baina, batez ere, aldapan behera gindoazenean. Goraka...», bota du umorez Barandiaranek. «Gure bertsoak hobeto haizeak eramaten baditu. Bertsoak ahozkorako uzten ditugu, eta idatziz moldatzen gara hobeto», azaldu du Estebanek.

Hurrengo kronika? «Alpeetako hau; ea agendak koordinatzen ditugun», esan du Estebanek. «Ideia hori da: nahiz eta lagun bakarrarentzat izan saria, hiruron artean beteko dugu beste biena».

Eta agurrean etorri da ezustekoa. Estebanek bertsotan egin baitu: «Euskal Herrian barna txirringan, errepide eta erruera / Gutxiagotuak izate hori, doa motxilaz batera / Gero bizikleta, balentria, pedaletik eta berba / Gero BERRIAk oliozta dezan, euskaldun denon katera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.