Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Lian Monserrate. Muralgilea

«Askotan, baimena eskatzea baino hobe da barkamena eskatzea»

Munduko muralik onenetan hirugarrena Ondarroan dago, Kamiñazpin. Lian Monserrate da egilea, eta gaztetatik ari da gizarte gaiak hormetara eramaten. Memoria ariketa bat egin nahi izan du obra horrekin.
Lian Monserrate, muralaren aurrean. Ez du aurpegia erakutsi nahi izan.
Lian Monserrate, muralaren aurrean. Ez du aurpegia erakutsi nahi izan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Naroa Torralba Rodriguez -

2023ko otsailak 7 - Ondarroa

Identitatea eraikuntza sozial bat da, Lian Monserrateren ustez. Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen, 1981ean, baina Bartzelonan urte gehiagoz egon denez eta han trebatu denez, katalana dela dio. Murales Lian izenarekin da ezaguna, eta hainbat mural egin ditu Euskal Herrian. Street Art Cities atariak munduko hirugarren onena izendatu du hark Ondarroan (Bizkaia) egindako murala, saregile baten irudia.

Mural hau Ondarroan egotea ez da kasualitatea. Zer mezu dauka atzean?

Herriko saregile batek duela ez asko esandakoa da: «Konpondu egin behar dira gauzak, duindu». Erreparazioa, aldarrikapena eta memoria kolektiboa dira atzean dituen mezuak. Mendeetan, Ondarroako emakumeek herriko bizitzako jarduerarik garrantzitsuenak kudeatu zituzten. Murala emakume horien omenez egina da.

Lan isildua izan da saregileena, ikusten ez zena; erdigunera ekartzeko ariketa da, orduan?

Iruditeria bat sortu dute, saregile metodiko eta soilarena. Muralgintza genero errebelde bat da, memoriari lotua. Begi hutsez ikusten duguna baino zerbait gehiago ehuntzen dute. Haien sorkuntza nortasun indibiduala eta kolektiboa da. Badakigu nortasun kolektiboa ezinezkoa dela memoriarik gabe. Gogoratzea ikusgai egitea da, erreibindikatzea eta konpontzea.

Nola gelditu zinen zu espraiaren sarean harrapatuta?

Umea nintzela, paretak margotzen aritzen nintzen etxean. Geroago, institutu garaian, irakasle batek xaxatu ninduen, nire sorkuntzak ikusi zituenean, baina, gure etxean, diru eskasia zegoen, eta ez zen giro.

Nire lehen murala zakarrontzitik ateratako bi kontratxapatutan egin nuen, Bostonen [AEB]. Bartzelonan ere ez neukan materiala erosteko beste, baina hiriko hormak hor zeuden. Bartzelonak mihise zuri pila bat jarri zituen nire eskuen aurrean.

Muralgintza eta grafitia estigmatizatuta eta legez jazarrita daude oraindik ere?

1990eko hamarkadan, Bartzelonan, jabetza pribatuaren aurkako mespretxua ezagutzen hasi nintzen; ernatzen ari zen orduan. Ordutik lantzen ari naiz espazio publikoaren gaia, uste baitut aldarrikapen garrantzitsua dela. Kaleko artistek ez ezik, beste askok ere erabiltzen dute: iragarleek, enpresek, politikariek eta herritarrek, esaterako. Hemen kontua da ea kalea norena den eta zertarako erabiltzen dugun. Askotan, baimena eskatzea baino hobe da barkamena eskatzea.

Kaleko artista eta emakumea zara. Nolakoa izan da lekua egitea?

Emakumeentzat ohikoak ez diren espazioak sortu nahi ditut. Jendearekin beste elkarrizketa mota bat sortu nahi dut. Garrantzitsua iruditzen zait etorkinak, errefuxiatuak eta presoak ere hormetara eramatea. Gizartean egun dauden gaiak.

Enkarguz ere lan egin izan duzu. Oso argi duzu, ordea, norentzat ez duzun lan egingo.

Bizirik irauteko onartzen ditut enkarguak. Baina egon badaude inoiz egingo ez ditudan gauza batzuk: adibidez, multinazionalentzat.

Espazio publikoa aldarrikapen politikoetarako hartzen dut, eta lan ordainduekin uztartzen dut hori, bizirik iraun eta jardunarekin segi ahal izateko.

Gizarte mugimenduekin lan asko egiten dut, hormak baitira komunikatzeko modurik onena.

Geroz eta herri gehiagok dauzkate muralak hormetan. Hasi zinenetik hona, garaiak aldatu dira?

Azken urteotan, muralgintzaren adierazpen artistikoa alternatiba bihurtu da, hirietako espazio grisak berreskuratzeko, nolabait, eta, bide batez, identitate soziala indartzeko. Gizartean lotura sendoak ezartzeko tresna izan daiteke herria muralen bidez apaintzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eneko Sagardoi aktorea ©Oskar Matxin / Foku

Eneko Sagardoi Roland Emmerichen telesail batean ari da lanean

Urtzi Urkizu

Gladiadoreen gaineko telesail bat da: Those about to Die. Ekoizpen erraldoi bat da eta Erromako Cinecitta estudioetan ari dira grabatzen. «Sinestea kostatzen zait oraindik», esan dio BERRIAri Sagardoik.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Kultura parte-hartzaileak dira bide eraldatzaileak»

Urtzi Urkizu

Historialaria da Aierdi. Aniztasuna eta generoa lantzen ditu formakuntza saioetan, hezkuntzan zein erakunde eta enpresetan. «Bizipenei balioa eman, eta horietatik abiatzen gara eraldaketarako».
Ataungo Barandiaran museoan elkartutako emakumeak, atzo. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Lihoaren txirikordak

Enekoitz Telleria Sarriegi

Makrame ikastaro berezia egin dute Ataungo Barandiaran museoan, lihoa erabiliz. Landare hori zuntz bihurtu arteko prozesuaren eta Euskal Herrian izan duen garrantziaren berri izan dute.

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Ez gara gelditzen; gu oraindik hor gaude, lehen lerroan»

Ane Insausti Barandiaran

Lasarteko emakumezkoen lehen saskibaloi taldeko kidea izan zen Zumeta, eta han sortu zen Urrezko Neskak taldea. Geroztik, ikuskizun ugari egiten dituzte elkarrekin. Ibilketa nordikoan eta abesbatzan ere aritzen da: «Ez gara etxean egotekoak».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Naroa Torralba Rodriguez

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.