ATZEKOZ AURRERA

Ondarea, gerrarako arma

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Ukrainako azpiegitura kaltetuen argazki erakusketa bat antolatu du Bilboko egoitzan. Ondarea suntsitzea identitatea suntsitzea dela azaldu dute.

Emakume bat eta, haren atzean, eraikin bat sutan, Ukrainan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Jendea ageri da argazkien lehen planoan: ihesean, izututa, atsekabetuta, bakanen bat irribarre egiten kameraren aurrean. Eta horien atzean, bazterrezin, agertokia: fatxada zulatuak, eraikin belztuak, bonbek birrindutako hormak, kale bazterretan abandonatutako tanke herdoilduak. Ukrainako gerraren beste ondorioetako bat bildu du Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Bizkaiko delegazioak Ukraina: gerraren ondorio suntsitzaileak ondarean eta azpiegituretan erakusketan. Mariupolgo antzoki dramatikoa xehatuta ageri da irudietako batean; suhiltzaile batek liburu sorta bat atera du hondarretatik beste batean.

Ondarea da, gatazka garaian. Ez baita izaten helburu militar hutsa, Enrique Villamorren arabera —Poloniako kontsula da Gaztela eta Leonen (Espainia), eta Espainiako Auschwitz Institutuko kide—. «Gatazketan, ondarea suntsitzen da identitatea suntsitzeko. Jopuntu bilakatzen dira liburutegiak, museoak eta halako eraikinak, herriaren identitatea ezabatzeko xedearekin». Bonba bat ez da ausaz erortzen eliza batean, edo herriaren arkitektura idiosinkratikoa duen eraikin batean; ez zaie ausaz su ematen gari landei, irudietako beste batean ageri denez. Gisa bereko dozenaka adibide bildu dituzte elkargoaren Bizkaiko delegazioaren egoitzan, eta ikusgai egongo dira martxoaren 16ra bitartean.

Hamaikagarren gerra arma baita ondarea, kontsularen irudiko. Eta hala errepikatzen da, behin eta berriro, gatazka orotan. Toponimiak aldatu egiten dira; elementu arkitektonikoak beste molde batera egokitzen dira. Identitateen talka bat da, kasu denetan. Bigarren Mundu Gerra jarri du adibide moduan Villamorrek. Krakoviako (Polonia) merkatu plaza, esate baterako, eslaviar eraikuntza tipoaren paradigma da, kontsularen esanetan, dorre garai bat baita ardatza. Bada, naziek hura ere antzaldatzeko asmoa izan zuten, topatutako plano batzuek iradokitzen dutenez. «Alemaniar estiloko merkatu plaza bat eraikitzeko asmoa izan zuten».

Sortuz ere ezabatzea

Txikizioa ez da ezabatzeko era bakarra, dena den: sorkuntzaren bitartez ere ebats daiteke identitatea. Gerra bukatzen denean, birrindutako guztia berreraiki beharko da —750 mila milioiko kostua aurreikusten zuen horretarako Ukrainako Gobernuak gerraren hasierako hilabeteetan, kontsularen hitzetan—. Nola egin hori, ordea? Villamor: «Bake garaian, bertoko gizartearekin identifikatuko den ondarea sortu behar da».

Krakoviaren adibidea ekarri du hizpidera ostera ere. Sobietar Batasunak naziak kanporatu zituenean, abandonatu egin zuten ia kalterik gabe zegoen Krakovia, eta haren ordezko bat sortu zuten, sobietar ereduari jarraituz: Nowa Huta. «Identitatea ezabatzeko ahalegina da hori ere, biztanleak euren jatorrizko lekutik deserrotzen direlako, herri guztiz berri eta ezberdin batera lekualdatuta».

Herri bati eragin diezaioke, baina eraikin soilak berriztatzeko irizpide moduan ere funtzionatu du inoiz, Villamorren azalpenei erreparatuta. Letoniako Rundale jauregia Francesco Bartolomeo Rastrelli arkitektoak sortu zuen, Errusian ikasi eta errusiar estiloa zuen artista batek —hark eraiki zuen San Petersburgoko Hermitage jauregia ere—. «Sobietar Batasunak hura berriztatzea erabaki zuen, errusiar identitatearen parte bat zelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.