ATZEKOZ AURRERA

Mundu jasangarriago baten ikur

Greenpeaceren 'Artic Sunrise' ontziak geldialdia egin du Bilbon, eta igandera arte dago bisitatzeko aukera. Ontziak GKEaren inoizko espediziorik handiena hasi du, ozeanoen egoera aztertzeko.

Greenpeaceren Artic Sunrise itsasontzia Bilbon bisita daiteke igandera bitarte. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Planetako baliabide naturalen aldeko borroka boladan dagoen honetan, Greenpeace gobernuz kanpoko erakundea kanpaina berri baten murgilduta dago; ozeanoen egoeran dute arreta jarria. Nazioartean mugimendu ekologistaren erreferentea da Greenpeace dagoeneko, eta horren gakoa ikusgarritasuna da, nonbait. Izan ere, Greenpeace hiru itsasontziren jabe da gaur egun, eta horrek kanpainetan eragina du. «Itsasontzi bat baldin badago tartean, askoz jende gehiago biltzen da; horrela errazagoa da gure mezua helaraztea». Lorea Flores Hego Euskal Herriko Greenpeaceko mobilizazio arduraduna ontzien arrakastaz mintzo da.

Bada, hiru ontzi horietako batek geldiunea egin du Bilbon egunotan. Itsas Adar museoaren parean amarratuta dago Artic Sunrise ontzia asteazkenetik, eta igandera bitarte egongo da ikusgai. Bere handitasunean hasia da herritarren ikusmira pizten. «Itsasontzi hauek Greenpeaceren ikur dira, eta beharren arabera munduan dabiltza; batzuetan gertatzen da gurean gelditzen direla», esan du Floresek. GKEak duen itsasontzirik handiena (Esperanza) Bilbotik pasatu zen 2017an, eta oso harrera ona izan zuen. Oraingoan ere hala espero dute. «Bilbon jende asko erakartzen dugu; ez da kasualitatea izan hemen geldialdia egitea». Horregatik, bisita gidatuakantolatu dituzte boluntarioek eta eskifaiako kideek, doan.

Ontziaren barrunbeetan

Goizeko hamarretatik hasi da jendea pilatzen ontziaren sarreran. Ilaran zain daude Errekaldeko Gabriel Aresti eskolatik heldutako lau ikasle eta bi irakasle. Karmele Gorostizaga hezitzaileak azaldu du txangoaren zergatia: «Eskolako irakasle bat Greenpeaceko bazkide da, eta ideia polita iruditu zitzaigun etortzea, ikasleek ikus dezaten Greenpeace nondik nora ibiltzen den eta zer lan egiten duten».

Euren txanda iritsi da, eta jarri dira borobilean bisitako gainerako taldekideekin. «Ongi etorri Artic Sunrise-ra. Nire izena Unai da, eta zuen gidaria izango naiz ibilbidean zehar». Unai Pelaez boluntarioa dute gidari, eta ontziaren jatorriaz mintzatu zaie: «Herbehereetako bandera darama ontziak, eta esaten da itsasontziaren barruan gaudenean herrialde horretan egongo bagina bezala dela. Barkua herrialde horri erosi genion, eta horri keinu egin nahian jarri dugu bandera». 1995az geroztik dago elkartearen eskuetan Artic Sunrise.

Ontziaren atzealdean hasi dute bidea, popan, eta erraietara egin dute jarraian. «Kontuz eskailerekin, ondo heldu», ohartarazi du gidariak. Bigarren geralekuan zain dute Pablo Serra ekintzailea, eta hark Greenpeaceren oraingo kanpainaren inguruan informatu ditu bisitariak. «Helburua da 2030. urterako nazioarteko urak —ozeanoen %30— babesteko hitzarmen bat lortzea». Floresek esan du herrialde baten menpe ez dauden eremuak direnez babes falta handiagoa dutela. «Kalteberagoak dira; araudia ez dago argi, eta denetik egiten da bertan».

Bisitak aginte gelan jarraitu du. Handik gidatzen da ontzia, eta pantailaz, botoiz eta palankaz josia dago. Alejandro Domingez eskifaiako kideak hartu du hitza. «Andreak eta gizonak daude ontzian?», galdera. « Bai, orain %70 gizonak gara, baina ahalegin berezia egiten da oreka mantentzeko», erantzun du Domingezek.

Bisitan dago Jose Luis Dacosta mallabitarra.«Duela 27 urtetik naiz bazkide, eta hau era bat da ikusteko nire dirua nonbaitera doala; pozgarria da». Gazteek holako bisitetan parte hartzea ezinbestekoa dela gaineratu du. «Horien esku dago aldaketa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.