Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Mugarik gabeko fabrika

Borderline Fabrika elkarteak publiko zabalaren eta sortzaileen arteko topagune euskaldun parte hartzailea izatea du xede. Aste honetan ireki ditu ateak, Hendaiako tren geltokian.
Borderline Fabrika ostatua baino askoz ere proiektu zabalagoa da: publiko zabalari eta sortzaileei eskaini nahi baitie kultura; batez ere, tokikoa.
Borderline Fabrika ostatua baino askoz ere proiektu zabalagoa da: publiko zabalari eta sortzaileei eskaini nahi baitie kultura; batez ere, tokikoa. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2021eko maiatzak 22 - Hendaia

Hendaiako (Lapurdi) tren geltokiko auzoak etxean arrotz sentitzeko osagai guziak lituzke Borderline Fabrika hor ez balitz: polizia kanpotarrez josiak baitira bazterrak oro, eta geltokia no man's land baita: denena baita, eta, aldi berean, nehorena ez.

Geltokiaren eskuinaldean diskrezioa jabetu da Borderline Fabrikaz, ateak edeki berri baititu, eta oraindik ere bere izana ez baitu izenez handizki beztitu. Terrazak giro koloretsua ematen dio auzoari, nahiz auzokide armatuek ez dituzten jende koloretsuak maite: «Ikusten hango furgoneta zuria? Egunero sartzen dituzte etorkinak, Gipuzkoarat gibelerat eramateko. Horren lekuko gara; ze gogorra», erran du, begi berdeekin atsekabe, Gabi Aizpuruak, Borderline Fabrika ostatuko eramaileetako batek.

Kontrastea bada; taberna berriak babesa baitu bermatzen: eki pean kafea hartzera tai gabe bildu baitira bezeroak: «Jendea etorri eta %50 betea egotea ez zen sekula gertatu. Zerbait politaren hasiera da hau».

Lukas Magliochetik pizza arrosa eta berdeak prestatzen ditu. Barra berri-berrian pintxoak barra-barra barreiatuak dira, baina, eguerdi baita, tripa zorrien garrasiak isilarazteko desagertzen ari dira, eta pizza gehiago laberatzen ari da Magliocheti. Artista bikoitza da bera: kozinan eta taula gainean. Sukaldeko taulan xehatzen ari da barazkiren bat, bisean bis duen taula gaina bistatik galdu gabe. «Ofizioz sukaldaria naiz, baina badut proiektu musikala».

Hori baita Borderline Fabrika: artista eta artista konpainien elkarte kulturala: «Hau ez da gaztetxe bat, profesionalen arteko lokal bat baizik, baina auzolanean martxan dena. Burujabeak gara». Horregatik ireki dituzte ostatua eta coworking eremua, elkartearen gastuak estaltzeko; musika taldeak trebatzeko gela beltza, ordea, fite dute prest izanen. Agenda kulturala, berriz, ekainean abiatuko dute. Aizpurua Hendaiako gaztetxeko kide denez, ongi ezagutzen du auzolana; honela definitu du Borderline Fabrika: «Instituzioetatik hurbil gaude, baina komunala izan gabe; bien artean gaude. Hendaiako kafe antzokia izanen gara».

Osagarri neurriek ez dute terraza baizik zabaltzea baimendu, baina jendea istant batez sartu egiten da: «Iep! Mario naiz. Ni ere Rosariokoa naiz». Magliocheti argentinarra baita jatorriz, nahiz orain, segur aski, euskaldunagoa den. Gunearen ardatzetako bat euskara baita. Aizpuruak azpimarratu du hori: «Auzoari berreman nahi diogu falta duena: euskara eta euskal kultura, ilundu baita eta inork ez baitu hemen egon nahi. Aldaketa horretan parte hartuko dugu guk».

Bertze argentinar batek barra pintxoz erdi hustu du, goseari men eginez. Joaquim Pasman argazkilariak du egin Borderline Fabrikaren irekiera iragartzeko bideotxoa, sare sozialek irentsi dutena. Elkartea zinez parte hartzailea da, nahi duenak eman baitezake izena sarrerako izen emate paperean.

Tabernan zerbitzatzen dituzten guziak zero kilometrokoak dira; proiektua biribila denez, kultura eta lurra sinbiosian bizi dira bertan: «Tokiko ekoizpena bultzatzen dugu, hala elikaduran nola kulturan. Jendeari aritzeko aukera eman nahi diogu, konturatu baikara ez dela erraza». Alabaina, publiko zabalarendako topalekua izateaz gain, sortzaileen lana errazteko gunea ere bada.

Orain arte lokalik gabe aritu bada ere, Borderline Fabrika etxean sentitzen da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bertsolariak koplatan, Azpeitiko taberna batean. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Giroa epeltzeko, bertsoak

Amaia Jimenez Larrea

Azpeitian ospatu da Bertso Eguna, bertsolarien eta bertsozaleen arteko topagunea. Berrikuntzak izan ditu aurten: arratsaldeko ekitaldiaren ordez, afaria eta saio nagusia izan dira Elikagunean.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Milioika gauza txar ekoizten dira, eta zenbait onak: hori da orain artisautza»

Amaia Igartua Aristondo

1857koa da Gorostiaga denda, eta bide gorabeheratsua izan du, Pirlaren arabera: 1920an, arrakasta; ondoren, gainbehera; sarri uholdeek erasan diote, eta, azkenaldian, ekoizpen industrialak.
Pamela Anderson Kanadako aktorea, <em>Pamela, a love story</em> dokumentalaren fotograma batean. ©NETFLIX

Andersonek hitza hartu du

Urtzi Urkizu

Netflixek 'Pamela, a love story' dokumentala estreinatuko du asteartean. Lan horretan, Pamela Anderson aktoreak bere bizitzaren errepasoa egiten du. Memorien liburu bat ere idatzi du.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.