ATZEKOZ AURRERA

Urre berdearen zukua dastagai

Lantziegoko Erroiz olio enpresak oliba olio birjina estra berria aurkeztu du. Aurten, Bengoetxea pilotari profesional ohia gonbidatu dute Sustraiak zuku izarra dastatzera.

Erroiz olio enpresako kideak, Oinatz Bengoetxea pilotari ohia erdian dutela, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Lantziego
2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Eskuekin igurtzi behar da kopa, 30 gradu inguruko tenperatura lortu arte. Buelta batzuk eman ondoren, usaintzeko unea da. Oliba bildu berriaren usain naturala du. Hurrupa txiki bat gero, ahoa olioz bete arte. Zapore purua da, eta ez du zerikusirik supermerkatu handietako olioarekin; oliba zukua baita. Irentsi ondorengo sentsazioa atsegina da, eta eztarriko azkura txikia ere ez da batere desatsegina. Azkura horrek adierazten du olioa kalitate handikoa dela.

Arabako Errioxan belaunaldiz belaunaldi mantendu dira olibondoak. Urre berde gisa izendatu dute askok, fruta ederra eta zuku gozoa ematen baititu. Oliba olio birjina estra ekoizten duen Lantziegoko enpresa bat da Erroiz. Bere zapore biziagatik ezaguna den arroniz barietateko olibak kalitatezko olio bihurtzen dituzte. Hiru olio mota saltzen dituzte, baina Sustraiak izenpean saltzen dutena da kalitate gorenekoa, kontu handiz aukeratutako olibekin egina baitago. Atzo aurkeztu zuten aurtengo olio berria, eta Oinatz Bengoetxea pilotari profesional ohia gonbidatu zuten olioaren prozesua erakusteko eta ondoren proba zezan.

«Garrantzitsuena da Euskal Herriko jendeak jakitea Arabako Errioxan kalitatezko olioa egiten dela, munduan bakarra baita», hasi zen azaltzen Mikel Izagirre Erroizeko arduradunetako bat.

Bide luzea egin behar dute olibek olio bihurtu aurretik. Sustraiak motaren kasuan, are konplexuagoa da bidea. Izagirrek azaldu zuen faktore asko hartu behar direla kontuan, betiere lortu nahi dena kalitate onena bada: «Kalitatea kantitatea baino garrantzitsuagoa da guretzat. Azaroaren 7an amaitu genuen prozesua, halere, hilabete itxaron dugu kalitate goreneko olioa lortu arte».

Hainbat galdera egin zizkion Bengoetxeak bisitak iraun zuen bitartean. Adi entzuten zituen Izagirreren azalpenak. Azkenean, eman zioten saria, pilotaria izan baitzen aurtengo zukua dastatu zuen lehena. «Glu-glu. Ederra», esan zuen dastatu eta hamar segundora.

Osasuntsua ere bada

Izagirrek beste dastaketa bat prestatu zuen udaletxeko txoko batean. Dastaketara bidean, Bengoetxeak nabarmendu zuen «prozesu oso polita» iruditu zitzaiola; izan ere, orokorrean asko miresten ditu euskal ekoizleak eta haien produktuak: «Ikusgarria da bertako olibondoetatik zuku guztia ateratzea. Zapore ederra izatea lortzen dute, gainera».

Familiaren lurretako eta Arabako Errioxako nekazarien olibak prozesatzen dituzte bakarrik, Izagirrek azaldu zuenez. «Zapore orekatuko olioak, usain bizikoak eta osasunerako ezaugarri bikainak dituztenak ekoizten ditugu bakarrik», gehitu zuen.

Kirolarientzat ere osasuntsua da kalitatezko oliba olio birjina estra hartzea. Pilotariak azaldu zuen olio asko hartzen duela, baita profesionala zenean ere. «Beharrezko produktua iruditzen zait, batez ere gibelarentzat». Are, tokiko produktuen kontsumitzailea ere bada Bengoetxea, eta, atzo olioa oparitu bazioten ere, aurrerago olio gehiago erosikoko diela esan zien.

Barre artean, olio gehiagorekin, ardoarekin eta gaztarekin amaitu zuten goiza dastaketako gonbidatu guztiek. Bukaeran, Izagirrek jende guztia animatu zuen Sustraiak oliba olio birjina estra probatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.