Kataluniako erreferenduma

Fiskalak mossoei agindu die etzi joateko bozkalekuak zigilatzera

Mossoak hasiak dira bozkalekuetara joaten, baina fiskalari esan diote horiek ixteak arazoak sor ditzakeela ordena publikoan. Mahaikideei zitazioak bidaltzen ari da Generalitatea

Miquel Buch ACMko lehendakaria, Mataroko epaitegietara sartu aurretik. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
jon olano
Bartzelona
2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Mossoak atzo hasi ziren igandean bozkaleku gisa erabiliko diren eskoletara joaten, horietako arduradunak identifikatu eta erreferendumari buruzko informazioa jasotzeko. Astelehenean Jose Maria Romero de Tejada Kataluniako Justizia Auzitegiko fiskalak agindutakoa bete du, beraz, Kataluniako Poliziak. Orain, beste zeregin bat ezarri die fiskalak, zirrikiturik ez uzteko igandean botoa emateko aukerari: bozkaleku horiek kontrolatzea ostiral arratsaldetik, eskolak bukatu eta berehala, igande gauera bitartean. Eskolak zigilatu beharko dituzte, eta barruan daudenak aterarazi. Zigiluak «bortxaezina» izan behar du, eta herritarrak ezingo dira gerturatu ehun metrora baino gutxiagora. Mossoek ez badute hala egiten, zeregin hori udaltzainei eskatuko die, eta, bestela, guardia zibilei eta Espainiako poliziei.

Mossoen buruzagiek, ordea, bilera bat egin zuten arratsaldean, fiskalaren agindua aztertzeko. Erantzun zioten «kezkaz» jaso dutela manamendua, bozkalekuak zigilatzeak ordena publikoan arazoak sor ditzakeelakoan.

Jordi Turull Kataluniako Gobernuko bozeramailea prentsaren aurrean zela heldu ziren bi berriak. Generalitatearen asteroko bileraren ostean eman zituen azalpenak Turullek, eta mossoen lana babestu zuen: «Egin behar duten lana egingo dute. Beren eskumenak dituzte, eta mossoengan konfiantza osoa dugu». Aitzitik, gogor mintzatu zen Espainiako fiskal nagusiaren nahiz Kataluniako Auzitegi Nagusiko fiskalaren aurka; lehenaz, kritikatu zuen Carles Puigdemont Generalitateko presidentea atxilotzeko aukera aipatu izana: «Ez da sheriff-a, ezta epailea ere; fiskala da, baina dena libre du».

Romero de Tejadaren jardunaren inguruan, hainbat ekinbideren berri eman zuen Turullek: batetik, fiskalak Madrilen esku utzi duela-eta Segurtasun Indarren kontrola —mossoak barne—, Kataluniako Gobernuak eskumen gatazka bat aurkeztuko du, uste baitu ez dagokiola fiskalari polizien koordinazioaz erabakitzea. Ondoren, administrazio auzietarako helegite bat aurkeztuko du fiskalaren ebazpenaren aurka. Gaur eguerdian beste bilera bat egingo dute mossoek, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak, eta, herenegun ez bezala, espero da bertara joatea Josep Lluis Trapero mossoen buruzagia.

Agerraldia egiterako, ERCko idazkari nagusi Marta Rovirak esana zuen Generalitatea hasia dela jakinarazpenak bidaltzen hauteskunde mahaiak osatuko dituztenei. Turullek ez zuen horri buruzko xehetasunik eman, baina Madrili egotzi zion informaziorik ez zabaltzearen ardura: «Salbuespen egoera batean gaude, eta halabeharrez ari gara horrela». Hain justu, galdeketa bermatu ahal izateko, CUPeko Bartzelonako udal taldeak dei egin du hiriburuko auzoetan «defentsa batzordeak» osatzera.

Deklaratzeari uko

Bestalde, fiskalaren aurretik igarotzen jarraitu zuten atzo hainbat alkatek, erreferenduma antolatzen lagundu dutelakoan. Hitzordura joan zen Kataluniako Udalerrien Elkarteko presidente Miquel Buch, baina ez deklaratzeko eskubideari heldu zion. Gainera,Bell-lloc d'Urgelleko alkate Carles Palauk bigarrenez egin zion uko fiskalaren aurrean aurkezteari.

Alkateen aurkako fiskalaren ekinaldiari gehitu zaio Guardia Zibilak hainbat webguneren aurka egindakoa. Astelehen gauean, ANC Kataluniako Biltzar Nazionalaren webgunea itxi zuten, baina handik bi ordura webgune berria zuen ANCk. Guztira, 140 inguru dira itxitako webguneak, La Vanguardia kazetaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.